Paperik gabeak osasun etxeetan artatzeko agindu du orain Madrilek

Hainbat baldintza zehaztuko ditu Espainiako Gobernuak, zerbitzua jaso ahal izateko.Argi utzi du, halere, osasun txartela ez dutela izanen

edurne elizondo
Iruñea
2015eko apirilaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Paperik gabeko etorkinak Hego Euskal Herriko osasun etxeetan artatu ahal izanen dituzte berriz ere. Horixe iragarri du Espainiako Osasun Ministerioak. 2012. urtean, orduko ministro Ana Matok egindako erreformaren eskutik, ohiko osasun zerbitzuetatik kanpo gelditu ziren paperik ez zuten immigranteak; larrialdietara joateko aukera bertzerik ez zieten utzi —hainbatetan, kobratu egiten zieten, gainera—. Orain, atzera egin du Espainiako Osasun Ministerioak, neurri batean, eta lehen arretako zentroetan arta ditzaten ahalbidetuko du, berriro.

Ministerioak, hala ere, baldintzak zehaztuko ditu zerbitzu hori jaso ahal izateko, eta argi utzi du, gainera, osasun txartelik ez dietela emanen paperik gabekoei. «Txartela jasoko balute, bertze inon ez duten eskubide bat izanen lukete», erran du Espainiako Osasun ministro Alfonso Alonsok.

Espainiako Lehen Arretako Medikuen Elkarteak ontzat jo du Madrilgo gobernuaren erabakia; Munduko Medikuen gisako gobernuz kanpoko hainbat erakundek, ordea, ohartarazi dute oraingo urratsak ez duela erran nahi osasun arreta unibertsala denik, «lehen bezala». Ondorioz, neurria ez dela nahikoa salatu dute. Bat egin dute iritzi horrekin zenbait sindikatuk: Madrilgo gobernuak urrats hori hauteskundeei begira egin duela erran dute.

Osasun programak

Espainiako Gobernuaren asmoa da autonomia erkidegoekin batera sortzea paperik gabeko etorkinentzako osasun programak. Horietan sartzeko, hala ere, hainbat baldintza ezarri nahi ditu Espainiako Osasun Ministerioak: erroldan gutxieneko denbora batez egon beharko dute, adibidez, paperik ez duten immigranteek. Orain, hori zenbat denbora izanen den adostu beharko du Espainiako Gobernuak erkidegoekin. Osasun programetan parte hartzeko aukera izanen duten etorkinek familia medikua edukitzeko eskubidea izanen dute, bertzeak bertze.

Espainiako Osasun ministroak aitortu du martxan jarri nahi duten neurriaren bitartez «praktikoago» izan nahi dutela, «larrialdi zerbitzuek gainezka ez egiteko». Alfonso Alonsok zehaztu du erkidego bateko osasun programan parte hartzeak ez duela eskubidea emanen bertze erkidego bateko programan parte hartzeko.

Espainiako Osasun ministroak argi utzi du, bertzalde, bere ministerioak ez duela inolako asmorik martxan jarritako bertze hainbat neurri berrikusteko. Botikak berriz ordaintzeko erabakiak bere hartan jarraituko duela nabarmendu du, adibidez. «Botiken gastuan zorrotz jokatu behar dugu», erran du Alfonso Alonsok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.