Handitzen handitzen, txikia izanik. Ikastoletako haurrek txikitatik ikasten duten kantuak ederki deskribatzen du Seaskaren errealitatea. Orokorki begiratuta ikasle kopuruan egonkor segitzen badute ere, emendatzeak izan dituzte leku anitzetan, eta ikastetxe bat baino gehiago txiki gelditzen ari da. Gero eta haur gutxiago sortzen da Ipar Euskal Herrian; alta, Seaskari ez dio eragiten: 4.300 ikasleren langa gaindituko dute aurten. Beste anitz bezala, beha daude Parisen zer gertatuko, Hezkuntza Ministerioarekin dituzten elkarrizketetan eraginen baitu.
Ikasturte hasiera baliatu dute Seaskako arduradunek ikastolen elkartearen egoerari buruz mintzatzeko. Baionako eta Bokaleko (Lapurdi) ikastolak txiki gelditzen ari dira, eta aterabideak gogoetatzen hasi beharko dute. Eraikitze baimena lorturik, udazkenean hasi beharko lirateke Beskoitzeko (Lapurdi) ikastolako obrak, eta iaz su hartu zuen Arberoako (Nafarroa Beherea) ikastolakoak urte bukaera aitzin hastea espero dute. Heldu den ikasturterako prest nahiko lituzkete biak.
Baionako Estitxu Robles kolegioan ere obrak egin beharrak zituzten, baina departamenduak gibelatu egin ditu. Eta Baionako Etxepare lizeo ondoko eraikin bat utzi die Euskal Hirigune Elkargoak leku falta estaltzeko. 2027ko sartzean estreinatu nahi lukete lizeo berria Donapaleun (Nafarroa Beherea); sail orokorrekoa izanen da, berrehun ikasle hartzeko modukoa; Baionakoan orokorra, teknologikoa eta profesionala —Lanbide Heziketa— izanen dituzte. Bostehun ikasletik behera gelditzea espero dute.
Errektorea eta Bayrou
Sorpresarik ezean, heldu den astetik aitzina François Bayrou ez da gehiago Frantziako lehen ministro izanen, ez baita aukera handirik harenganako konfiantza bozkak aitzina egin dezan. Izendatu zutenean, batzuek uste zuten ikastolentzat aliatu izan zitekeela; «ez dugu aldaketarik sumatu», trenkatu du Erik Etxart Seaskako lehendakariordeak. Ekainean haren kabinetearekin harremanean jarri ziren, baina ez dute erantzunik izan. Zail da jakitea ondoko asteetan zer bilakaera izanen den Parisen.
Anartean, Bordeleko errektorearekin elkarrizketak aitzinatzea espero dute Seaskan, iazko ekainean hitzartu zituzten gaietan aitzinatzeko: azterketak, irakasleak eta inklusiorako postuak. Ondoko asteetan bilkura bat lortu nahiko lukete harekin. Auzi horiek konpontzeak bide emanen dio Frantziako Estatuarekin beste hitzarmen bat izenpetzeari.
Berriki, IFOP institutuak egindako inkestak erakutsi du euskararen aldeko jarrera dagoela Ipar Euskal Herrian. Biztanleen %91 euskararen aldeko ofizialtasunaren aldekoak dira, hamarretik zortzik nahi dute ikasle guziek euskara ikasteko parada ukan dezaten, eta hamarretik zazpik euskara ikastea derrigorrezkoa izatea. «Tokiko botereei dagokie gose hori asetzea, euskaraz bizitzeko eskaintza handitu dadin», adierazi du Etxartek. «Ezin da dena euskalgintzaren bizkar ezarri, behar diren ahalak eman gabe».