Etxebizitza parke publikoa handitu eta planifikazio publikoa horren arabera egituratu; jarduera espekulatiboak debekatu; eta eraldaketa horiek ordaindu «kapitalaren irabazi espekulatiboen» bidez. LAB sindikatuak hiru ardatz horien inguruan marraztu du haren ustez etxebizitzaren alorreko politika publikoek oinarri izan beharko luketen bide orria. Izan ere, sindikatuaren irudiko, azaroaren 11ko greba orokorrak balio behar du administrazioen jardunean eragiteko eta «urrats sendoak eta egiturazkoak egiteko etxebizitza eskubidea bermatzeko bidean». Urrats horiek aletu dituzte gaur goizean, Donostian egin duten agerraldian.
Zehazki, sei «ekintza lerro» proposatu ditu LABek, egungo etxebizitza politikak aldarazteko. Lehenak fiskalitatearekin du zerikusia; izan ere, «etxebizitzen erabilera espekulatiboa» gelditzeko bidean, «zerga politikaz baliatu» nahi du sindikatuak. Jite horretako zenbait neurri proposatu dituzte: adibidez, etxejabe handiei eta espekulatzaileei PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga igotzea; zerga pizgarriak ematea soil-soilik etxea sare publikoen bidez eta prezio mugatuan alokatzen dutenei; ondarearen eta aberastasunaren gaineko zerga indartzea; eta etxe hutsei errekargua aplikatzea. Horrez gain, «negozio turistikorako bahituta» dauden etxebizitzak berreskuratzeko neurriak ere galdegin ditu sindikatuak.
Putre funtsak desjabetu
Etxebizitzen parke publikoa zabaltzea eta indartzea, horra LABek gaurko agerraldian proposatu duen bigarren neurria. Zehazki, «alokairu publikorako lurzoru erreserbak handitzea eta proiektu horiek garatzeko finantzaketa nahikoa bermatzea» eskatu dute. Horrez gain, sindikatuak atea ireki nahi dio putre funtsen esku dauden etxebizitzak desjabetzeari. Horretarako plangintza ekonomiko zehatz bat galdegin die LABek hala Eusko Jaurlaritzari nola Nafarroako Gobernuari, «etxejabe handien etxebizitzak berreskuratu eta parke publikoa handitzeko».
Alokairuen prezioak mugatzea da sindikatuaren bide orrian jasotako hirugarren puntua. Horretarako, LABek proposatu du Hego Euskal Herri osoa «tentsio handiko eremu» izendatzea, «alokairu prezio guztiak egungo erreferentziazko indizera egokitzea eta alokairuen igoera izoztea». Bestalde, lehen etxebizitza erosteko diru laguntza publikoak ere aipagai izan dituzte. Hala, LABen irudiko, laguntza jaso dutenek inoiz etxea saldu nahi balute, prezioa mugatua egon beharko litzateke, espekulazioa eragozteko. Alokairu kontratu mugagabeak ezartzea ere galdegin diete sindikatuko ordezkariek Nafarroako Gobernuari eta Jaurlaritzari.
Etxegabetze guztiak gelditu
Etxegabetzeen auziari ere heldu diote LABeko kideek gaurko agerraldian. Zehazki, ordezko bizitoki egokirik gabekoen etxegabetzeak «epemugarik gabe etetea» planteatu du LABek, eta, horrekin batera, «etxejabe handien etxebizitzak desjabetzea eta alokairu sozialerako erabiltzea», ordezko bizitoki horiek bermatu ahal izateko. Hain zuzen, alternatiba horiek eskaintzeko gai izanen den «parke publiko sendo» baten beharra ikusten du sindikatuak.
Azkenik, etxe agentziek eta etxejabeek maizterrei etxea eskuratzeko ezartzen dizkieten «baldintza diskriminatzaileak» ere kritikatu ditu LABek. Uste dute mekanismo zorrotzagoak behar direla «generoaren edo arrazaren arabera aplikatzen diren abusuzko praktikak» zigortzeko.
Proposamen horiek guztiak Hego Euskal Herriko arduradun instituzionalei helaraziko dizkie sindikatuak datozen asteetan. Bilerak eskatu dituzte jada Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasorekin, batetik, eta Nafarroako Gobernuko Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiken kontseilari Begoña Alfarorekin, bestetik. Horiez gain, EAJ, PSE-EE eta EH Bildu taldeetako ordezkariekin ere batzartzekoak dira.
Kritika aurrekontuei
Proposamenen berri emateko ez ezik, etxebizitzaren alorrean azken asteetan onartu diren neurriak baloratzeko ere baliatu du LABek gaurko agerraldia. EAEn eta Nafarroan eztabaidagai diren aurrekontu proiektuei buruz, esate baterako, sindikatuko kideek uste dute «espekulazioa elikatu dezaketela». Antzera mintzatu dira EAJk eta PSE-EEk Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru ogasunetarako eginiko zerga akordioen inguruan: «Etxebizitza negozio eta inbertsio gisa tratatzen jarraitzen dute, oinarrizko eskubide gisa bermatu beharrean».
«Putre funtsen menpeko etxebizitzak» erosteko ahaleginez, berriz, ikuspegi gazi-gozoa eman du LABek: uste du «albiste ona» dela Donostiako Benta Berri auzoko 510 etxetan babes ofizialeko kalifikazioari eustea. Hala ere, kritiko agertu da Jaurlaritzaren jokamoldearekin: «Diru publikoarekin bi aldiz ordaindu dira etxe horiek. Salagarria da diru kopuru izugarria erabiltzea zer eta bere jabetzakoak behar luketen etxebizitzak erosteko». Nafarroako Gobernuak Building Center funtsari 27 etxebizitza 1,9 milioi euroren truke erosi izana ere kritikatu du sindikatuak: «Etxe horiek birritan ordaindu ez, gobernuak desjabetu egin behar lituzke: titulartasuna eta kudeaketa bere gain hartu, kontratuak eta prezioak egungo errealitate ekonomikora egokituta».