'Parot doktrinarekin' zer egin ez dira ados jarri Auzitegi Nazionalean

Giza Eskubideen Auzitegiak 'Parot doktrina' baliogabetu ostean, aurrerantzean zer egin erabakitzeko bildu dira epaileakUrriaren 10ean bilduko dira berriz Auzitegiko 10 magistratuak, deliberatzeko

Oihana Elduaien Uranga.
2012ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Parot doktrinaren kontrako epaia eman ostean, doktrina horrekin zer egin erabakitzeko bildu ziren atzo Espainiako Auzitegi Nazionaleko magistratuak. Bi orduko bilera bat egin zuten, baina ez zuten akordiorik lortu, eta urriaren 10ean bilduko dira berriz. Doktrinak giza eskubideak urratzen dituela argi esan zuen Estrasburgok, baina, eskubide horiek urratzen jarraitu edo ez erabakitzeko orduan, zalantza dute epaile batzuek. Eztabaida dago. Eskubideak urratzen jarraitzearen alde daude, beraz, 17 magistratuetako batzuk —Jose Ricardo de Prada ez zen joan—.

Uztailaren 10ean eskatu zion Estrasburgoko Auzitegiak Espainiari Ines del Rio presoa aske uzteko eta presoari 30.000 euro emateko kalte-ordainetan. Del Riok espetxean jarraitzen du, ordea, oraindik. Epaia ez dela irmoa esan du Espainiako Gobernuak, eta hala izan arte doktrina horrek balio guztia duela. Estrasburgoko Auzitegiko Sala Txikiak emandako epaiari helegitea jarriko diola iragarri zuen —irailean da egitekoa—, eta hari buruz erabaki arte doktrina hori aplikatzen jarraituko duela esan zuen.

Espainiako Auzitegi Nazionalari dagokio, ordea, erabakia hartzea, Del Rioren defentsak han eskatu zuelako presoa libre uzteko. Berez, aurreneko Zigor Salari zegokion arren, gaia osoko bilkurara eraman zuten. Izan ere, Del Rioren auzia ez ezik, aurrerantzean, eta Estrasburgok behin betiko epaia eman arte, esku artean dituzten auzietan zein irizpide jarraitu adostu behar dute.

Auzitegi horretako fiskaltza Del Rio preso edukitzearen alde azaldu zen, eta epai irmoa egon bitartean orain arteko bideari jarraitzearen alde. Javier Zaragoza fiskalburuak egin zuen txostena. Nabarmendu zuen Estrasburgoren ebazpena «adierazpenezkoa» izateaz gain ez dela irmoa, eta ez dela izango, harik eta helegiteen bidea bukatu arte. Gainera, Estrasburgoren ebazpenak bete edo ez erabakitzea gobernuari dagokiola argudiatu zuen.

Espainiako Gobernuak helegitea jarri ostean, Estrasburgoko Auzitegiko bost epailek erabakiko dute hura onartu eta auzia Gela Handiaren esku gelditzen den edo helegitea atzera bota eta 197/2008 epaia behin betikotzat jotzen den. Erabaki hori azkar hartzea espero da; izan ere, Estrasburgoko Auzitegiaren iritzian aske behar luketen 80 pertsona baino gehiago giltzapean daude gaur egun, Parot doktrina aplikatuta.

Estrasburgoko Auzitegiak ebazpenean dio «1973ko Zigor Kodearen arabera zigortutako presoen espetxe onurei balioa kendu» diela Espainiak aplikatzen duen doktrinak. Aurrerago, honako hau dio: «Tribunalak azpimarratzen du auzitegi nazionalek ezin dituztela aplikatu delitua egin osteko lege aldaketak, atzerako eraginez eta pertsonen kalterako direnean». Onerako direnean bakarrik aplika daitezke. Hori bakarrik ez, honako hau ere badio: «7. artikuluak debekatu egiten du zigor legeen interpretazio zabala egitea, auzipetuaren kalterako baldin bada. Gorenaren interpretazio berriak atzerako eraginez luzatu du zigorra, lana egiteagatik emandako espetxe onura kendu egin ziotelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.