Euskal presoak. 197/2006 doktrina Estrasburgon

'Parot doktrinaren' aurkako hogei helegite jarri dituzte Estrasburgon

Abokatuek nabarmendu dute Espainiak hogei preso horien oinarrizko eskubideak zangopilatzen dituela espetxe aldia luzatuzOrotara, 67 dira 197/2006 doktrina ezarrita espetxean dauden euskal presoak

Aitor Renteria.
2012ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Ainhoa Baglietto, Amaia Izko, Olivier Peter eta Didier Rouget abokatuek Parot doktrina deitzen zaion 197/2006 doktrina salatu eta hogei helegite ezarri zituzten atzo Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegian. «Espainiako Estatuaren jokabidea salatu nahi izan dugu Estrasburgon, eta, hain zuzen ere, hogei helegite egin ditugu bertan, hogei euskal preso politikoren oinarrizko eskubideak urratzeagatik», jakinarazi zuen Izkok. Espainiako Justiziak Parot doktrina baliatu du preso horien aurka, espetxe zigorra bukaturik espetxean atxiki ahal izateko. Orotara, 67 dira 197/2006 doktrina ezarrita presondegietan segitzen duten euskal presoak.

Preso horiek babes eskaria egin zuten Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, Parot doktrina ezarri ondotik, kaltetuak izan direlako. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, ordea, ez ditu aintzat hartu presoek ezarritako helegiteak. «Hastapenetik esan genuen presoen oinarrizko eskubideak urratzen ari zirela eta auzia Europarako auzitegietaraino eramanen genuela urraketa hori salatzeko».

Abokatuek postaz helaraz zezaketen eskaria, baina nahiago izan dute auzitegira bertara joan. Bertan izanik, abokatuek Parot doktrinaren ondorioz sortu den egoera gaitzetsi nahi izan dute, eta Espainiako Estatuaren jokaera salatu. Joan den uztailean, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Ines del Rio euskal presoaren aldeko ebazpena plazaratu zuen, eta azaldu zuen legez kontrakoa zela Del Rio preso atxikitzea.

Europako Giza Eskubideen Hitzarmeneko 7. artikuluan oinarrituta, defentsak argudiatu zuen ezin dela zigorrik ezarri hori bermatzen duen legerik ez bada, eta salatu zuen Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiak atzerako eragina izatea. Del Riok kartzelan segitzea 5. artikuluaren aurkakoa dela zioen defentsak —askatasunerako eta segurtasunerako eskubidea jasotzen du artikulu horrek—. Europak bi artikulu horiek urratu izana egotzi zion Espainiari. Hamalaugarren artikulua ere aipatu zuen defentsak, diskriminazioaren debekuaz diharduena. Defentsaren arabera, 197/2006 doktrinaren aplikazioak helburu politikoak ditu.

Ahal bezain laster libre uzteko bermatzea galdegin zion orduan Espainiar Estatuari. Jarritako espetxe zigorra bukatzea hura luzatzea, presoaren oinarrizko eskubideak urratzea zela ebatzi zuen Estrasburgok. Presoari egindako kalte moralengatik 30.000 euroko isuna ezarri zion Espainiari eta horrekin batera, auzia ordaintzera behartu zuen. Presoa libre utzi edo ez Espainiako Gobernuak erabakiko du. Urriaren 4an Giza Eskubideen Auzitegiak emandako epaiari helegitea jarri zion PPren gobernuak.

Del Riok 2008an behar zuen libre, legeak ezartzen duen espetxe zigor handiena beteta, baina 2017ra arte luzatu zion zigorra Espainiako Auzitegi Nazionalak, aipatutako doktrinan oinarrituta. 1987ko uztailean atxilotu zuten, ETArekin lotuta. «Ines del Rioren kasuan, Europako Giza Eskubideen batzordeak ebatzi zuen haren egoera erabat irregularra zela, etaaurkeztu ditugun helegiteetan ebazpenak ildo beretik joatea espero dugu», azaldu zuen Izkok.

Espainiaren «jukutriak»

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak hartutako ebazpenaren aitzinean, «Espainiako Gobernuak atzeman ditzakeen jukutria guztiak baliatzen ditu ez uzteko libre, oraindik gehiago zangopilatuz haren askatasuna eta oinarrizko eskubideak», erran zuen Izkok. Estrasburgok ebazpen argia plazaratu arren, Espainiak ezjakinarena egin eta hura existitu ez balitz bezala jokatu nahi duela salatu zuen. «Ebazpena hor dago eta ez dago atzera biderik».

Del Riori dagokion ebazpena zabalagoa dela azpimarratu zuten abokatuek. «Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren ebazpena orokorra da, eta, gisa berean, orokorki ezarri behar da indarrean». Abokatuen iritziz, Parot doktrina daukaten preso guztiek dute haien kasua aztertu eta libre gelditzeko eskubidea.

«Espainiar Estatuak orain artean bezala aritu nahi du, oinarrizko eskubideak urratzen eta presoak zigortuz, ezarri zieten espetxe zigorra baino haratago».Espainiak eskura duen prozedura guztia baliatu arren Parot doktrinaren luzamena egiteko, goiz ala berandu Europako auzitegiaren ebazpena bete beharko duela azpimarratu dute abokatuek. Oraindik ez du ebatzi PPren gobernuak ezarritako helegitearen kasuan, baina lehen ebazpenean argi eskatu zion Espainiari Del Rio libre uzteko eperik laburrenean. Del Rioren kasuan zein bertze 66 euskal presoen kasuan, aldeko ebazpena espero dute abokatuek.

Auzitegi Gorenak 2006ko otsailaren 20an ateratako sententzia bat da Parot doktrina. Horren bidez, espetxe onurak espetxe zigor bakoitzari aplikatzen zaizkio, eta ez presoak guztira bete beharko lituzkeen gehienezko 30 urteko kopuruari, 2006ra arte egiten zen bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.