Pasaiako Portu Agintaritzak akordioa lortu du 'Escalerillas'-eko beste hiru familiarekin

Akordioari esker familien egoera «zertxobait hobetu» bada ere, ez da behin betiko konponbiderik lortu, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak ohartarazi duenez. Familiak etxegabetzeko arriskua oraindik hor dagoela dio.

Trintxerpeko Herrera kaleko bizilagunei babesa adierazteko kontzentrazio bat, iaz, Donostian. ETXEBIZITZA SINDIKATU SOZIALISTA
Trintxerpeko Herrera kaleko bizilagunei babesa adierazteko kontzentrazio bat, iaz, Donostian. ETXEBIZITZA SINDIKATU SOZIALISTA
edurne begiristain
2026ko urtarrilaren 22a
13:28
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakinarazi duenez, Pasaiako Portu Agintaritzak akordio bat lortu du «alokairu eskubideak indarrean» dituzten Donostiako Herrera kaleko 11. eta 12. zenbakietako blokeetan —Escalerillas esaten zaie— bizi diren hiru bizilagunekin. Hala ere, sindikatuak ohartarazi du familiak etxegabetuak izateko arriskua dutela oraindik ere. Gaur-gaurkoz, sei familia daude kaleratze arriskuan, eta azken asteetan beste hiru familiarentzat lortutako akordioa «zertxobait hobetzea» lortu badute ere, ez da behin betiko konponbiderik lortu, sindikatuaren arabera.

Pasaiako Portu Agintaritzak bi multzotan banatu ditu bizilagunak: duela 60 urte portura lanera joandako langileak alde batetik, eta haien ondorengoak, bestetik. Lehen taldekoekin negoziatzeko prest agertu da, baina bigarrenei etxetik botatzeko mehatxua egin die. Etxebizitza sindikatuaren ustez, estrategia argia da: «Auzokideen arteko batasuna haustea».

Iazko ekainean, Donostian egin zen epaiketa baino bi aste lehenago, Portu Agintaritzak bigarren taldeko bizilagunekin bilera bat hitzartu zuen, baina azken unean bertan behera utzi zuen. Sindikatuaren arabera, gertakari horrek agerian uzten du Portu Agintaritzaren «jarrera opakua» eta auzokideen aurkako «mespretxua». 

Pasaiako Portuko Agintaritzak eta Euskal Trenbide Sareak merkantziak portutik eramateko trenbide bat egin asmo dute auzo horretan, 400 metro ingurukoa; zehazki, xedea litzateke Europatik Pasaiara iristen diren bobinak Durangora (Bizkaia) bidaltzea trenbide sarea baliatuta. Horretarako, Herrera kaleko 11. eta 12. etxeetan bizi diren hamabi familia kanporatzeko prozesuari ekin zioten abenduan.

Duela 60 urte inguru eraiki zituzten etxe horiek, portuko suhiltzaileak eta familiak bertan bizitzeko; portuko beste langile batzuen etxe ere izan ziren. Langile gehienak hilda daude, eta haien alargunak bihurtu ziren etxeen titular. Beste etxe batzuetan, baina, alargunak ere hil egin dira; seme-alabek eta familiek bertan bizitzen jarraitu dute, baita tasak ordaintzen ere, baina ez ziren etxeen titular. Bizilagunen arabera, Pasaiako Portuak urte luzez hitzeman izan die etxeak erosteko eta haien jabe izateko aukera izango zutela, baina, azkenean, ezin izan dute lortu. Nahiz eta etxeen jabe ez izan, berrikuntza lan guztiak bizilagunek beraiek ordaindu dituzte.

Akordioa, presiopean sinatua

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, blokeetako hiru familiek Portu Agintaritzaren azken eskaintza onartu behar izan dute, nahiz eta behin eta berriz adierazi beren lehentasuna han geratzea dela. Agintaritzak ohartarazi zien eskaintza onartzen ez bazuten gainerako bizilagunekin batera kaleratuak izango zirela, eta neurri judizialak ere har zitzakeela.

Auzokideen «presioari esker», sindikatuak dioenez, hiru familientzako eskaintzak parekatzea lortu da, baina baldintza gogorrak ezarrita: titularren bizi itxaropena kontuan hartuta egin da, eta, sinatutako klausula baten bidez, familiek 2026ko apirilaren 15erako etxebizitzak uzteko konpromisoa hartu behar izan dute.

Bigarren taldeko bizilagunei, berriz, 2025eko apirilaren 24an iritsi zitzaien salaketa eta ahozko epaiketaren data. Agintaritzak familiak etxegabetzeko eskatu zuen, haiek «egoera prekarioan» bizi zirela argudiatuta. Ekainaren 30ean egin zuten epaiketa, Donostian, eta sindikatuko abokatuak esan zuen hura ez zela prekaritate egoera, baizik eta subrogazio inplizitu edo isil bat. Portu Agintaritzak, ordea, baimenik gabe bizi zirela esan zuen, nahiz eta bizilagunek urte luzez errenta ordaindu, mantentze lanei aurre egin, eta agintaritzarekin harremanetan egon. 

Ekainean kaleratu zuten sententzian, epaileak arrazoia eman zion Pasaiako Portu Agintaritzari, eta onartu egin zituen etxegabetze eskaerak; gainera, ebatzi zuen bizilagunek ez dutela inolako titulurik etxebizitzetan geratzeko. Hala ere, sindikatuak salatu zuen epaileak ez zuela aztertu, ezta ebatzi ere, auziaren muina; alegia, bizilagunek eta sindikatuak berak defendatutako «subrogazio tazitua». Hau da, defentsak familien etxegabetzeen aurka emandako argudio nagusia da lehenbiziko maizterrek horien ondorengoei errenta kontratuak subrogatu zizkietela, eta, beraz, ez zirela etxebizitza usurpatzen ari. Hori argitzeko helegitea aurkeztua du sindikatuak, baina oraindik ez da ebazpenik izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.