Pasaiako zentral termikoa ixtearen larriaz ohartarazi du Lucio Hernandok

Gipuzkoan energia sortzen duen gune bakarra dela gogorarazi du Pasaiako Portu Agintaritzako buruak

jon olano
Pasaia
2012ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Iberdrolak Pasaiako zentral termikoa (Gipuzkoa) ixteko baimen eskaerak oraingoz baiezkorik ez badu ere, Pasaiako Portu Agintaritzak «zuhur» jokatu behar du, eta bere aurreikuspenetan aintzat hartu zentral termikoa ixtea baimenduko duela Espainiako Gobernuak. Hori esan du Portu Agintaritzako presidente Lucio Hernandok, baina erabaki horren eragin kaltegarri bat nabarmendu du: egun Gipuzkoan energia sortzeko gune bakarra dela Pasaiako zentrala. «Itxiz gero, Gipuzkoak ez luke energia sortzeko lekurik izango. Batez ere, kontuan izanda errauste planta ezbaian dagoela», erantsi du.

Agerraldi bat egin zuen atzo Hernandok, Portu Agintaritzako administrazio kontseiluak eginiko bileraren karietara, kaiaren inguruko hainbat gairi buruz azalpenak emateko. Horietako bat izan zen zentral termikoaren balizko itxiera. Hernandok jakinarazi zuen Iberdrola oraindik ez dela Portu Agintaritzarekin harremanetan jarri, zentrala ixteko asmoen berri emateko. Nolanahi ere, Hernandok uste du zentralaren jarduna eteteak ez lukeela aparteko eragin ekonomikorik izango Portu Agintaritzaren diru sarreretan.

Kaiko zirkulazioari buruzko datuak eman ditu Hernandok. Aitortu du aurtengo aurreneko bost hilabeteetako emaitzak iazko garai berekoak baino kaskarragoakdirela. Hain zuzen, 1.454.239 tonako zirkulazioa izan du portuak urtarriletik maiatzera bitartean; iaz baino %5 gutxiago. Halere, Hernandok nabarmendu du apirileko eta maiatzeko datuak hobeak direla aurten. Urte amaierarako datuak iazkoen paretsukoak izango direla iragarri du, eta 3,6 milioi tona espero ditu urtea bukatzerako.

Bestalde, kanpoko kaia egiteko proiektuari eginiko 3.500etik gora zuzenketak aintzat ez hartzea leporatu dio Jaizkibel Bizirik elkarteak Portu Agintaritzari, eta gogorarazi dio zuzenketa horiek 25.000 herritar ingururen babesa dutela. Proiektua aldatu ez denez «ingurumenaren aurkako atentatua» izaten jarraitzen duela azaldu du elkarteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.