EUSKARA

Paskual Rekalde euskaltzain oso izendatu du Euskaltzaindiak

Andres Iñigo emeritu bihurtzeak ekarritako hutsunea beteko du hizkuntzalariak.

Paskual Rekalde, iazko argazki batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Igor Susaeta.
2020ko uztailaren 17a
11:41
Entzun

Euskaltzaindiak osoko bilkura egin du gaur Bilbon, bere egoitzan, eta Paskual Rekalde (Amaiur, Nafarroa, 1963) euskaltzain oso izendatu du, gehiengo osoz. Andres Iñigo emeritu bihurtzean euskararen akademian sortutako hutsunea beteko du Rekalde hizkuntzalariak. Horrenbestez, 1918tik gaur artean 93 euskaltzain oso izendatu ditu akademiak.

Joan den otsailaren 28an izendatu zuten emeritu Iñigo. Horretarako, euskaltzain osoek 75 urte edo gehiago eduki behar dituzte. Orduan, hura ordezkatzeko hautagaitzak aurkezteko epea ireki zuen akademiak, eta bi aurkeztu ziren: Paskual Rekalde eta Paula Kasares. Euskaltzainek Rekalderen aldeko hautua egin dute gaurko osoko bilkuran. Rekaldek zortzi hilabeteko epea du sarrera hitzaldia prestatzeko.

Euskal Filologiako lizentziaduna da Rekalde, EHU Euskal Herriko Unibertsitatean ikasia. Nafarroako Gobernuko euskara itzultzailea da egun, eta Eusko Jaurlaritzako Terminologia batzorde bereziko kidea ere bai. Zenbait lan eta artikulu argitaratu ditu euskara batuaren, euskalkien eta Baztango euskararen inguruan.

2003an izendatu zuten euskaltzain urgazle, eta, 2018az geroztik, akademiaren Nafarroako ordezkariordea da. Duela hogei urte hasi zuen ibilbidea Euskaltzaindian, eta  zenbait batzorde eta lantaldetako kidea da (Corpus, Euskalkiak, Euskaltzaindiaren Hiztegia, EBE, Gramatika eta Onomastika), baita Hizbea Hizkuntza Kalitatearen Behatokia zerbitzuaren arduraduna ere.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.