30 emakumek salatu dute Patxi Ezkiaga Lasak sexu abusuak egin zizkiela, Donostiako La Salle eskolako irakasle zenak. Marisol Zamora izan zen eraso horiek publikoki salatu zituen lehenbizikoa, duela bi urte eta erdi. Urtebeteren buruan erasoak jasan zituzten hainbat lagun elkartu ziren, eta EAEko Arartekoari eskatu zioten bitartekari lanak egin zitzala, La Sallek aitortza eta erreparazio kolektibo eta publiko bat egiteko bidean. Bada, aitortza horrek plaka itxura hartu du.
Ikusi gehiago
Gaur egin dute plaka bistaratzeko ekitaldi publikoa, ikastetxean bertan. Zamoraz gain, bertan izan dira Esteban de Vega La Salle kongregazioaren Espainiako eta Portugalgo anaia bisitaria, Mikel Manzisidor arartekoa eta Pello Salaburu Euskal Herriko Unibertsitateko errektore ohia. Alderdi politikoetako ordezkariak ere bertaratu dira, bertzeak bertze: Jon Insausti Donostiako alkatea, Juan Karlos Izagirre EH Bilduko zinegotzia, Nerea Kortajarena koalizio abertzalearen alkategaia eta Ane Oiarbide PSE-EEko zinegotzia.
Ezkiagaren erasoak jasan zituztenek Arartekora jo zuten iaz. Izan ere, kalteen aitortza publiko bat nahi zuten, baita erakundeen babesa ere; hala, Arartekoak biktimen eta La Salle kongregazioaren arteko bitartekaritza lana egin zuen. Arartekoak uste du ezinbertzekoa dela abusuen larritasuna aintzat hartzea, lekukotzak eta bizipenak aitortzea, eta erantzukizun instituzionalak eta kolektiboak nork bere gain hartzea. Hain zuzen, Donostiako La Salle eskolari eskatu zion kritikoki azter zitzala bere historia eta jokabidea.Â
Plaka bistaratu aitzinetik De Vegak barkamena eskatu die Ezkiagaren abusuak jasan zituzten horiei eta beren familiei. Erran duenez, La Sallek «egiteko moral» gisa bere gain hartu du «eragindako mina aitortzea», eta prest dago «historiako orri hori sendatzera, memoria eginez eta barkamena eskatuz».
Zamora mintzatu da abusuak jasan zituzten guztien izenean, eta gogoratu du horiek ondorioak izan dituztela urte luzez. «Aitortza publiko honek ez du iragana aldatzen, baina lagundu egiten du egiak inoiz galdu behar ez zuen lekua hartzeko orduan», adierazi du. Bere irudiko, erreparazioa ezin da barkamena eskatzera mugatu, «entzutea, egia aitortzea, ardurak hartzea edo gertatu zena berriro ez errepikatzea» ere erreparazioa dira. Hala, espero du gaurko saioa ez dadila bukaera izan, «konpromiso iraunkor» baten hasiera baizik.
Estefania Ocariz Arartekoaren ondokoak itxi du saioa eta eskerrak eman dizkie abusuak salatu zituztenei, «bidea irekitzeagatik». La Salleri, berriz, eskertu egin dio bide horretan pausoak emateko erakutsi duen «borondatea».

