EUSKAL PRESOAK

Patxi Ruiz egonkor dago, «betiere larritasunaren barruan»

Presoaren konfiantzazko medikuak Murtzia II espetxeko sendagileek egindako osasun txostena ikusi ahal izan du. Hari babesa adierazteko hainbat mobilizazio egin dituzte Euskal Herrian

Patxi Ruizen egoera salatzeko elkarretaratze bat, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
ERREDAKZIOA
2020ko maiatzaren 23a
21:16
Entzun

Egin dizkioten osasun azterketen emaitzak kontuan hartuta, Patxi Ruiz egonkor dago, «betiere larritasunaren barruan». AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak kaleratutako oharraren arabera, euskal preso politikoaren konfiantzazko medikua Murtzia II espetxeko (Espainia) sendagileekin bildu da gaur, eta horiek Ruizen osasun egoeraz egindako txostena ikusi ahal izan zuen. Iruñeko presoak joan den maiatzaren 11n hasi zuen gose eta egarri greba, espetxean koronabirusaren krisia kudeatzen ari diren moduagatik hainbat protesta egin eta kartzelari batzuek mehatxu egin ondoren.

Hari babesa adierazteko, gaur manifestazioak egin dituzte Iruñean, Baionan, Bilbon, Donostian, Gasteizen, Lekeition (Bizkaia) eta Arbizun (Nafarroa), besteak beste. Euskal presoak etxeratzeko eskatu zuten eta amnistia aldarrikatu. Zenbait tokitan egunero ari dira egiten Ruizen egoera salatzeko elkarretaratzeak. Iruñeko manifestazioan neska gazte bat atxilotu dutela esan du Ahotsa.info guneak.

 

Auto judizial baten eskariz Murtziako ospitale batera eraman zuten Ruiz ostegun gauean. Handik itzulita, kartzelako erizaindegian sartu zuten atzo, eta, COVID-19an aurkako protokoloari jarraituz, isolamenduan dago. Horren ondorioz, atzo ezin zuen bere amaren bisita jaso. Ospitaletik bueltan egarri greba utzi zuen, baina gose grebari eusten dio.

Ezkerraldean (Bizkaia) Ruizekin elkartasunez gose greba egin duten hiru pertsonek «protesta ekintza» hori bukatu dute, AEMk jakinarazi duenez. 11 egun pasatu dituzte jan gabe.

Etxerat-en ostiralak

Etxerat-ek iragarri du hilaren 29an azken ostiraleko mobilizazioen dinamika hasiko duela berriro. Espainiako Gobernuak martxoaren 15ean alarma egoera ezarri zuenetik, euskal presoen senideen elkarteak ez du elkarretaratzerik egin.
Mobilizazioetarako neurri batzuk proposatu ditu: elkarretaratzea egiteko baimena eskatzea; pertsonen arteko bi metroko distantzia mantentzea; maskarak eta eskularruak erabiltzea; eta baimena eskatzean elkarretaratzean erabiliko diren babes eta segurtasun neurrien berri ematea.

Etxerat-ek adierazi du bat egiten duela Sarek martxan jarri duen Izan Bidea dinamikarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.