Seigarren egunez gose eta egarri greban dago Patxi Ruiz euskal presoa, eta AEMk jakinarazi du hamar kilo galdu dituela eta giltzurrunetako minez dagoela. Atzo eta gaur goizean medikuak artatu zuela dio AEMk. «Konfiantzako medikuek, ordea, ezin izan dute oraindik berarekin hitz egin». Ruizi elkartasunez lau euskal presok egin diote uko janari erretiluari: Puerto III espetxean dauden Dani Pastorrek, Oskar Barrerasek eta Aitor Cotanok, eta Murcia II espetxean dagoen Mikel San Sebastianek. Ibai Aginagak eta Jon Kepa Preciadok, berriz, uko egin diote ziegatik ateratzeari.
AEMren arabera, kalean hamabost lagun daude gose greban, presoekin elkartasunez: Ezkerraldean hiru lagun, eta Ondarroan beste hamabi. Beste hainbat lekutan 48 orduko baraualdiak egiten ari dira: Ezkerraldean bi lagun eta Bilbon sei. AEMren arabera, Deustuko Armada Gorriko kideek 24 orduko txandakako baraualdia hasi zuten atzo. Gaur iluntzean manifestazio batera deitu dute, Bilboko Etxebarrieta Anaien plazatik abiatuta: 20:30ean hasiko da protesta.
AEMk atzo jakinarazi zuenez, atzo arte bederen Ruizek ez zuen kartzelako medikuaren bisitarik jaso, eta konfiantzazko medikuekin komunikatzeko baimenik ere ez diote eman oraingoz. Atzo hiru egun zeramatzan pixa egin gabe, eta atzoko telefono deian familiari esan zion min handiagoa sentitzen hasi zela giltzurrunetan.
Pintaketak EAJri
EAJk salatu du pintaketak egin dituztela bart Portugaleteko eta Mungiako batzokietan. «Aste honetako sabotajeen sekuentzia jasanezinaren azken adibideak» direla gaitzetsi du BBB Bizkai Buru Batzarrak, eta jakinarazi du Portugaleteko Podemos-en egoitzan ere agertu direla pintaketak: «BBBk elkartasuna eta hurbiltasuna adierazi nahi die alderdi moreari eta bere militantziari». Bart gauekoez gain, Getxon, Berangon, Igorren eta Bilbon ere azken asteotan antzeko «erasoak» izan dituztela jakinarazi dute: «Halako jarrera intolerante, jasanezin eta antidemokratikoek agerian uzten duten gauza bakarra da beren egileek oraindik ez dutela ulertu euskal gizartearen helburua eraikitzea dela, eta ez suntsitzea».