euskal presoak

Patxi Ruizek gose grebari eusten dio, Murtzia II kartzelako erizaindegian

AEMk dio ez dagoela aldaketarik euskal presoaren osasun egoeran. Nafarroako Parlamentuak Iruñean larunbatean izandako istiluak gaitzetsi ditu.

Hernanin (Gipuzkoa) egunotan izandako elkarretaratze bat.
2020ko maiatzaren 25a
20:56
Entzun

Patxi Ruiz euskal presoak gose grebaren hamabosgarren eguna bete du gaur, Murtzia II-ko (Espainia) kartzelako erizaindegian. AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak ohar batean esan du haren osasun egoeran ez dagoela «aldaketa azpimarragarririk». Protestako lehen hamabi egunetan egarri greba ere egin zuen Ruizek. Egunotan egindako osasun azterketen emaitzen arabera, egonkor dago, «betiere larritasunaren barruan», AEMk dioenez.

Gaur ere izan dira euskal presoaren aldeko mobilizazioak Euskal Herrian: manifestazioak Bilbon eta Ondarroan (Bizkaia). Bihar ere egingo dituzte martxak Bilbon, Hondarribian eta Ordizian (Gipuzkoa), baita Katalunian ere, Vilanova i la Geltrun.

Donostiako beste batzoki batean pintaketak egin dituzte, Antiguakoan: «Patxi Ruiz gose greban» eta «amnistia osoa» idatzi dituzte: «Badirudi batzuentzat hau dela normaltasun berria», esan du Donostiako EAJk, txio batean.

Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak, berriz, joan den larunbatean Iruñean manifestazio baten ondoren izandako «indarkeriazko istiluak» gaitzetsi ditu, adierazpen instituzional batean. Navarra Suma koalizioak aurkeztu du idatzia, gaur, eta harekin bat egin dute PSNk eta Geroa Baik. Ahal Dugu-k eta Ezkerrak adierazpeneko puntu batzuk onartu dituzte, eta EH Bilduk, bat ere ez. Bozeramaileen Batzordeak onartutako idatziak dio «ezker abertzaleko talde batzuek manifestazio eta elkarretaratze ilegalen ostean» eragin zituztela liskarrak. Adierazpenean errefusatu egin dute ekinbideetan Ruiz «ETAko kriminalaren aldeko babesa» agertu izana —Tomas Caballero Iruñeko zinegotzia hiltzea egotzita zigortu zuten—, eta ETAren ibilbidea ere deitoratu dute.

Bakartxo Ruiz EH Bilduko parlamentarioak adierazi du bere taldeak «bide baketsuen eta demokratikoen» alde egiten duela, eta «zilegi» dela euskal presoen eskubideak aldarrikatzea ere, «are gehiago gaurko osasun krisian». Ruizek baztertu egin du «liskar» baten ondorioz Espainiako Polizia oldartu izana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.