Hiru hamarkadaz, Patxi Zamorak Iberia aire konpainian lan egin zuen, hegazkinetako zerbitzari moduan; baina 2017ko azaroaren 20an, Guardia Zibilak aireportuetan sartzeko beharrezko zen baimena kendu zion, bestelako justifikaziorik eman gabe; "ezgai" zela aipatuta, besterik gabe. Baimen hori ezinbestekoa zuen lanerako, eta Iberiak kaleratu egin zuen iazko urtarrilean. CAN auziaren salaketan nabarmendu zelako, Zamorak "jazarpen ideologiko" bati egotzi zion kaleratzea iazko urtarrilean.
Gertatutakoa salatzeko, auzitara jo zuen, eta, oraintxe, hiru auzi daude irekita: arlo zibilean (Iberiaren kaleratzearen aurka), administrazioarekiko auzitegian, eta Madrilen (Guardia Zibilaren erabakiaren aurka). Hain zuzen, Madrildik dator orain berritasun nagusia. Lehen auzialdian Madrilgo epaitegi batek salaketa atzera bota ostean, Zamoraren abokatuek helegite bidez erreklamatu diote Gorenari epaitegiaren erabaki hori baliogabetu eta auziaren mamia aztertu dezala.
Horregatik, Zamoraren iritziz, "erabaki ona" da Gorenak eskaera hori aztertu nahi izatea. Izan ere, epaitegietan irekita dauden hiru auzietan horma baten aurka jo du Zamorak orain arte. "Ezein epaile ez da sartu auzia aztertzera, inor ere ez. Ez dute aztertu nork hartu zuen erabakia, eta zergatik". Epaileen orain arteko jarrera hori ikusita, babesgabe ikusten du bere burua, eta gogoeta egiten du ea aurrera begira zer ondorio izan ditzakeen: "Ez dakigunez zergatik kendu didaten lana, zenbateraino baliogabetu didate etorkizunean lanerako gaitasuna? Lehiaketara aurkez naiteke, udaltzain izateko edo administraziorako?".
Berritasun gehiago
Gorenak hartuko duen erabakiaren zain, kaleratzea aztertzeko asmoz arlo zibilean irekita den auzian, saio bat egingo da urriaren 22an. Auzi horretan, jarrera aldaketa bat ere gertatu da. Aireportuak kudeatzen dituen AENA enpresa publikoak gertatu denaren erantzukizuna egotzi dio AESA Aire Segurtasuneko Estatuko Agentziari. Auzi hori hasieran Madrilen aztertu behar zen, baina handik Iruñera pasatu da, eta ikusteko dago zer ekarriko duen.
Patxi Zamorak Guardia Zibilaren zigorgabetasuna kritikatu du. Auzitegietako prozedurak gutxienez balio izan dio jakiteko Guardia Zibilak nola justifikatu zuen baimena ukatzeko erabakia. Guardia Zibilaren Informazio Zerbitzuek honela justifikatu zuten aireportuetako baimena ukatu izana: "aire segurtasunerako arriskutsuak izan daitezkeen inguruneen gertukoa" zen. Zamoraren arabera, esaldi horrek edozertarako balio dezake, "frogarik gabe". Horregatik, Zamorak salatu du "arbitrariotasunak erabateko babesgabezia" eragiten diola.
Zamoraren ustez, aurrekari arriskutsua ezartzen du. Izan ere, berriki, aireportuetan lan egiten duen beste langile bati ere ukatu diote aireportuan sartzeko baimena. Zigor arloko aurrekaririk gabe, haren ustez, politikan memoria historikoaren gaietan eta errepublikaren aldeko aldarrikapenetan nabarmentzen delako kendu diote baimena. "Oso larria da. Ezin da lan egin politikan aritzeagatik?", galdetu du.
Kontuz elkarteko bozeramaileak azaldu du datozen egunetan baloratu egin beharko dela auzitegietatik etorritakoa, eta uste du aurrera begirako beste berritasun batzuk egon daitezkeela.