Paueko Auzitegiak ebatzi du autobideen kudeatzaileak baduela erantzukizuna Leire Iribarne kantariaren heriotzari dagokionez

Basurde batek bidea zeharkatzean eragindako auto istripu batean hil zen Iribarne. Auzitegiak deliberatu duenaz, bide bazterretako hesiak ez ziren ongi zainduak, eta 30.000 euroko kalteak ordaindu beharko ditu enpresak.

Autobide bat, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Autobide bat, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko ekainaren 4a
13:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Paueko (Okzitania) Administrazio Auzitegiak ebatzi du Frantzia hegoaldeko autobideen enpresak baduela erantzukizuna Leire Iribarne Diabolo Kiwi musika taldeko kantari lasarraren heriotzari dagokionez. Basurde batek bidea zeharkatzean eragindako auto istripu batean hil zen Iribarne, 2022ko urtarrilaren 28an. Paueko auzitegiak deliberatu duenaz, bide bazterretako hesiak ez ziren ongi zainduak, eta 30.000 euroko kalteak ordaindu beharko dizkio enpresak Iribarneren aitari.

Istripua arrastirian gertatu zen, 20:00ak aldera, Bearnon, Bellocq herritik pasatzen den A-64 autobidean. Auto batek basurde bat jo zuen, eta auto horren gibelean Iribarne zegoen autoa gelditu zen orduan, bide bazterrean; horien ondotik zetorren autoak, baina, gibeletik bortizki jo zituen. Iribarne 25 urte zituela hil zen.

Kantariaren familiak autobideen kudeatzaileari leporatu zion faunaz babesteko hesiak gaizki zaindu izana. Auzitegiak erran du hesiak zulatuak zirela istripuaren biharamunean ikustera joan zirelarik: «40 zentimetroko altuerako eta 80 metro luzerako zulo bat» ikusi zuten. Azkenekoz, kontsideratu dute tamaina horretako irekidurek animaliei pasatzen utz diezaieketela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.