Paul Baudry Basusarriko auzapeza zigortu du Baionako auzitegiak

24 hilabeteko kartzela zigorra, gibelapenarekin, 100.000 euroko isuna, eta hamar urteko inhabilitazioa ezarri dizkiote kargu publikoa bere intereserako erabiltzea egotzita. Hamar eguneko epea du dei egiteko.

Paul Badry, Basusarriko auzapeza. ISABELLE MIQUELESTORENA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko irailaren 8a
14:29
Entzun

Erruduntzat jo du Baionako Auzitegiak. Joan den ekainaren 23an epaitu zuten Paul Baudry Basusarriko (Lapurdi) auzapeza lursailei buruzko informazioa emanda dirua lortzea egotzita. Prokuradorearen eskaerari men eginez, 24 hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio epaileak, gibelapenarekin. Horrez gain, 100.000 euroko isuna ordaindu beharko du, eta hamar urteko inhabilitazioa izanen du. 25 urte daramatza auzapez, eta gehiengo osoa erdietsi zuen martxoko bozetan. Hamar eguneko epea du auzitegiaren erabakiari dei egiteko.

Baionako Auzitegiak 2013. eta 2018. urteen artean egindako hainbat ustelkeria kasurengatik epaitu zuen joan den ekainean Paul Baudry. Kargu publikoa bere intereserako erabiltzea, ondasun sozialez abusatzea, zerga iruzurraren zuritzea, eta Bizi Publikoaren Gardentasunerako Goi Aginteari ondasunak ez aitortu izana leporatu zioten auzapezari. Besteak beste, PMB konpainia sortu zuen auzapezak Vinci etxe eta terrenoen salerospenerako konpainiarentzat, «aholkularitza lanetan» aritzeko. Lurrei buruzko informazioak ematen zizkion konpainiari.

Akusazioaren arabera, kargu publikoa bere intereserako erabiltzen zuen PMB konpainiaren bidez. Bestalde, PMBko diru funtsa bere zor pertsonalak pagatzeko baliatu izana leporatu dio auzitegiak. Diru hori Espainiako Estatuko banku batera igortzen zuen; hala, zerga iruzurra zuritzen zuen Baudryk, akusazioaren ustez. Bestalde, bere ondasunak ez osoki aitortzeagatik epaitu dute. Izan ere, kargu politikoa duen orok ondasunak aitortu behar ditu hautatua izan aitzin. Baudryk bere ondasunen parte bat kukuturik atxiki du: 83.000 euro guztira.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.