Hondarribiko alardea

Pausoz pauso, alarde parekiderantz

Bihar eginen dute alardea Hondarribian, eta aurten ere bereiz desfilatu beharko du Jaizkibel konpainia parekideak. Erabakiak hartzeko garaia iritsi dela uste dute Izaskun Larruskain eta Urko Iridoi konpainiako kideek.

Urko Iridoi eta Izaskun Larruskain. MAIALEN ANDRES / FOKU
Urko Iridoi eta Izaskun Larruskain. MAIALEN ANDRES / FOKU
Isabel Jaurena.
Hondarribia
2025eko irailaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ez da bidezkoa gutxi batzuek beldur emateagatik horrela egon behar izatea». Irmo mintzatu da Izaskun Larruskain Hondarribiko Jaizkibel konpainiako kidea herriko bestetako ekitaldi nagusiaz, hau da, irailaren 8an, bihar, eginen den alardeaz. Desfile horren antolatzaileek debekatua diete emaztekiei gizonen pare parte hartzea, eta, beraz, Jaizkibel konpainia mistoak aparte desfilatu behar izaten du. Datorren urtean 30 urte beteko dira gatazka piztu zenetik, eta pausoz pauso irabazi du Jaizkibelek orain duen lekua. 30 urteotan gauza asko aldatu diren erakusgarri, udalak urte hasmentan zabaldutako inkestaren emaitzak: galdetegian parte hartu zutenen ia %56 alarde «parekide bakarraren» alde agertu ziren, eta %34,5 «tradizional bakarraren» alde. «Jende gehiago dago alarde publiko, parekide eta bakarraren alde, baina kontra gelditzen den sektore hori oso gogorra da oraindik, eta boterea dute», dio Larruskainek.

Botere horren erakusgarri da, erraterako, Jaizkibelekoek manifestazio modura atera behar izan dutela joan den urtera arte, eskatuta ere udalak ez zielako konpainia gisa desfilatzeko baimenik ematen —EAJren esku izan da Hondarribiko alkatetza urte luzez, harik eta 2023an Abotsanitz iritsi zen arte—. Iaz aritu ziren konpainia gisa lehenbizikoz, eta aurten ere hala izanen da, udalak baimena eman baitie horretarako. Larruskainen irudiko, baina, aurtengo eta iazko ebazpenak berdinak izanik «ez da inolako aurrerapausorik eman». «Berriro atzera bueltatzea bezala da, guk ulertu baikenuen agintaldi honetan urtero egongo zirela aurrerapausoak». 

«Jende gehiago dago alarde publiko, parekide eta bakarraren alde, baina kontra gelditzen den sektore hori oso gogorra da oraindik, eta boterea dute»

IZASKUN LARRUSKAIN Jaizkibel konpainiako kidea

Jaizkibelekoak ez dira udalaren erabakia kritikatu duten bakarrak. Izan ere, biharko desfilean espazio publikoaren erabilera arautzeko dekretua atera zuen udalak joan den astean, eta HAOSE Hondarribiko Alardearen Ondarea Sustatzeko Elkarteak agiri horren kontrako helegitea aurkeztu du aste honetan, baina epaileak gibelerat bota du. 

Horren harira, Igor Enparan Hondarribiko alkateak konpainiei eskatu die epailearen agindua bete dezatela, eta Gernikako Arbolan ezarritako espazioak eta ordutegiak «zorrotz» betetzeko. Jaizkibelek hori eginen dutela ziurtatu zuen ortziralean ohar bidez, eta adierazi eskatutako leku eta orduan egonen direla hala gaur arratsaldean nola bihar goizean. «Eta irailaren 9tik aurrera, konponbiderako elkarrizketa esparru guztietan egongo gara, udal gobernuko taldearekin batera, baita konponbidea nahi duten herritar guztiekin ere».

Halaber, kritiko mintzatu ziren asteon dekretuarekin gertatutakoaz, eta adierazi zuten alkatearen testuaren kontrako salaketak «argi» erakusten duela «inposizio bakarra» HAOSEkoek ezartzen dutela. «Nahiago dute festarik ez egitea, alarderik ez egotea, emakumeokin espazioak konpartitzea baino. Ahazten dute, ordea, festa ez dela haiena, herriarena dela. Eta herritarren ordezkari gorena alkatea da». Gehitu zutenez, dagoeneko adierazi dute ez daudela ados dekretuaren edukiarekin, uste baitute «urrats ausartagoak» egiten ahal zirela. «Baina nahiz eta ados ez egon eta hura kritikatu, ez dugu haren zilegitasuna auzitan jartzen». 

Gernikako Arbola

Zertaz egin du eskaera hori alkateak? Bada, dekretuan ezarritako ordutegien arabera, Gernikako Arbola zelaidian topo egin beharko dute Jaizkibelek eta alardeko konpainiek —ordutegi horien kontra jarri dute helegitea, zehazki—, baina iaz ez zuten bete ezarritakoa: alarde baztertzaileko buruzagiek propio saihestu zuten Jaizkibelekin topo egitea, ez ziren bertan agertu zegokien orduan, eta ondorioz, desfile baztertzailea berandu abiatu zuten. 

(ID_14237376) (Gorka Rubio/@FOKU) 2024-09-08, Hondarribia. Hondarribiko alarde eguna
Jaizkibel konpainiaren desfilearen hasiera, iaz, Gernikako Arbola zelaidia hutsik dagoela. GORKA RUBIO / FOKU

Larruskainek gogoan izan du egoera hura: «Esan zuten ezin garela elkarrekin egon segurtasun arazoak egongo direlako, baina gure aldetik ez da halakorik egongo. Halako beldurra badute, zerbait egingo dutelako dute. Guk ebazpena beteko dugu». Urko Iridoi ere Jaizkibel konpainiako kidea da, eta ados dago Larruskainekin: «Biktimaren rola jokatzen saiatzen dira: ez dira agertzen eta errua guri botatzen digute. Baina, hor ez badaude, ez da guregatik, baizik eta hor ez agertzea erabaki dutelako». 

«Ez da tradizio kontu bat: haiek pribilegioak bakarrik nahi dituzte», erran du Larruskainek. Iridoik adibide bat jarri du: «Lehen, herriko bandera joaten zen alardearen atzetik. Abotsanitzek, udalean sartu zenetik, erabaki zuen hori ez egitea, eta udalak eramatea bandera. Zer egin dute besteek? Banderaren erreplika bat egin, eta alardearen atzetik eramaten dute trapu hori». Xeheago mintzatu da Larruskain: «Alardeak Berdintasun Legea urratzen duenez, alkatea ez da atzetik joaten. Ematen du Jaizkibel eta alardea berdinak garela, eta bi modu daudela gauzak egiteko, baina ez da hala: gure eskubideen urraketa baitago tartean».

Egoera hori bada ere, Larruskainek esplikatu du ez dagoela elkarbizitza arazorik. Are, Iridoik gehitu du konpainia diferenteetako kideek ez dutela arazorik izaten elkarrekin egoteko egunean zehar, bertzeek kontrakoa adierazi nahi badute ere: «Lehen aipatu dugun %34,5 horren barruan, badago portzentaje oso txiki bat ez lukeena onartuko irailaren 8an gurekin familia bazkari bat egitea, baina gutxiengoa dira». Are, nabarmendu du belaunaldi aldaketa bat egon dela, eta onartu bere kuadrillan bertan konpainia diferenteetan desfilatzen dutela, baina merendua eta besta denek elkarrekin egiten dituztela. 

Larruskainek, berriz, adierazi du herrian, orokorrean, «beldur handia» dagoela oraindik: «Aipatu dugun sektore horrek jendea beldurtzen du, eta nahiz eta gure alde egon, nahiago dute eroso egon, eta isilik gelditzen dira, edo [irailaren 8an] herritik joan».

Oztopoak oztopo, Jaizkibelekoek izanen dute lehenbiziko aldirik aurten ere, gaur arratsaldean usadioarekin lotutako hainbat ekitalditan parte hartuko baitute lehenbizikoz: konpainia mistoa salbean egonen da, eta, ondoren, udalbatzako kideekin eta gainerako konpainietako ordezkariekin batera, Arma plazara joanen da herritarrei eskaintzen zaien aurreskuan parte hartzera. Ikusi beharko da alarde baztertzailearen aldekoek zer jarrera duten ere, iaz ekitaldi horiek baliatu baitzituzten hala adierazteko udalak Jaizkibelen alde hartutako erabakien aurka zeudela, nola alkatearen kontra egiteko. 

Bakarra, publikoa eta parekidea

Jaizkibel ematen ari den pauso horiek, baina, ez dituzte berdin ikusten konpainia barnean. Iridoiren irudiko, pauso txiki horiek batzuetan «atzerapausoak» dirudite: «Pauso handi bat [alarde bakarra, publikoa eta parekidea izatea] espero duzunean, txikiek ez zaituzte asetzen, eta horrek frustrazioa eragiten du». Larruskainek erran dio hori ulertzen duela, baina gogoratu behar dela pauso txiki horiengatik daudela dauden lekuan: «Arazo hau berdintasun arazo gisa lantzen den egunean, pauso txikiak galantak izango dira». 

Larruskainek aitortu du zenbait eskaerari dagokionez amore eman behar izan dutela alarde bakarra, publikoa eta parekidea lortzeko bidean. Duela hiru urte, adibidez, kanpaina bat hasi zuten erranez Jaizkibelek alardearen 22. konpainia izan behar zuela, Jaizkibel mistoa izanik, eta gainerakoek orain dauden moduan segituz. «Prest ginen konpainia gisa sartzeko, eta haiena ez kentzeko. Erabaki gogorra izan zen guretzat, eta oraindik ez digute erantzun ere egin».

«Pauso handi bat [alarde bakarra, publikoa eta parekidea izatea] espero duzunean, txikiek ez zaituzte asetzen, eta horrek frustrazioa eragiten du»

URKO IRIDOI Jaizkibel konpainiako kidea

Horiek horrela, uste du iritsi dela erabakiak hartzeko garaia: «Ez dugu akordiorik lortuko: gu beti egon gara prest hitz egiteko, baina haiek ez, eta inork ez ditu behartu gurekin hitz egitera». Larruskainek onartu du ez zaiola gustatu udalak zer egin duen aurten, baina, azaldu duenez, konpainiako kideak ohartzen dira udala «bakar-bakarrik» utzi dutela. «Haien rola ez da erraza izan. Udalak ardurak hartu behar ditu, bai, baina instituzioek lagundu behar dute». 

Jaizkibeleko bi kideek aitortu dute ez dakitela konponbidea zein izanen den, eta, agian, oraindik planteatu ez den zerbait ere izan daitekeela. Halere, Jaizkibel konpainia indartsu dagoela diote, eta ia 30 urteotan herrian eta herritarrengan utzi duen arrastoa ez dela desagertuko: «Jaizkibel Hondarribiko historiaren parte da, eta hala izango da aurrerantzean ere».

PALESTINAREN ALDEKO KANPAINA

Palestinaren aldeko kanpaina bat jarri du martxan Jaizkibel konpainiak, Gernika-Palestina eta Etxara elkarteen laguntzarekin. Biharko desfilean eta entseguetan konpainiaren zapi koloretsuaz gain palestinar zapia eramateko deia egin diete. Bi motatako zapiak jarri dituzte aukeran: palestinar kufija batetik —Etxararen bidez—, eta zapi txikiago batzuk bertzetik —Gernika-Palestinaren bidez—. Zapi guztiak saldu dituzte, eta irabaziak Gazara igorriko dituzte, bi elkarteen laguntzarekin. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.