07:30erako hasi dira Zarauzko Udaleko brigadako langileak eta Osakidetzakoak PCR probak egiteko gunea atontzen anbulatorioaren atzeko aldean. Dozenaka laguni egingo diete gaur proba, eta datozen egunetan ere egiten segitzea espero dute, Osasun Sailaren oharrari erantzunez.
Malekoiko bi taberna daude itxita, eta hor dago kezka iturria oraintxe. Taberna horietako bi langilek positibo eman ostean deitu ditu Osasun Sailak PCR proba egitera handik igaro diren guztiak. Iragan asteazkenetik larunbata bitarte han ibili zirenei, horrenbestez, proba egiteko eskatu diete. Ilarak osatu dira goizean goizetik, proba egiteko. Gehienak gazteak ziren.
Bestalde, Talai Mendi kanpineko ateak irekita daude jada. Xabier Txurruka Zarauzko alkateak baieztatu duenez, hango bi langilek eta egoiliar batek eman dute positibo, guztiei PCR probak egin ostean, eta Osasun Sailak baztertu egin du hor fokurik egon daitekeenik.