Selektibitateko Euskara eta Literatura II irakasgaian 168 ikaslek zero atera izanak harrabotsa eragin du; horren harira, Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean izan da gaur goizean, PPk hala eskatuta. Bertan onartu du «emaitza anomaloak» izan direla, esan du familien eta ikasleen kezka onartzen duela, eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateari bermeak, informazioa eta gardentasuna galdegin dizkio: «Eusko Jaurlaritzak ez ditu azterketak zuzentzen, baina bermeak eskatzen ditu». Lau eskaera jakin ere egin ditu: besteak beste, zuzenketa tribunaletan nor aritzen den jakinaraztea eta ikasleak tribunalen artean modu orekatuagoan banatzea.
Pedrosak behin-behineko emaitzak eskuan egin du agerraldia, oraindik behin betiko emaitzak jakinarazteko baitzeuden —Pedrosak agerraldia egin bitartean eman du prentsaurrekoa Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak—. Hauxe gertatu da USE unibertsitatera sartzeko ebaluazioko euskara azterketan, Pedrosak azaldu duenez: hamabi tribunal aritu dira proba horiek zuzentzen, eta 168 zeroetatik 108 zero 11. eta 12. tribunaletan egon dira, zeroen %64,3. Pedrosak ez du aipatu, baina tribunal horiek egokitu zitzaizkien ikasle gehienak Bilbo inguruko A ereduko —eskolak gazteleraz jasotzen dituzte, euskara irakasgai bat baino ez da— itunpeko ikastetxeetako ikasleak dira. Sailburuak gehitu du 11. tribunalean 80 zero jarri dituztela, eta tribunal horretan bertan zero guztiak, bat izan ezik, zuzentzaile batek jarri zituela. «Honekin ezin ditugu behin betiko ondorioak aurreratu, baina azalpen garden bat eskatzen du».
Azalpenak galdegin ditu, uste baitu badaudela horretarako arrazoiak. Nabarmendu duenez, egoerak «kezka legitimoak» sortu ditu ikasleen eta familien artean: «Bazituzten elementu objektiboak azalpenak eskatzea justifikatzen zutenak». Eta gaitzetsi du hasiera batean horien bidez eta komunikabideetatik baino ez jaso izana gertatutakoaren berri: «Bide formaletatik jasotako informazioa oso mugatua izan da bai eduki aldetik bai epeei dagokienez».
«Bide formaletatik jasotako informazioa oso mugatua izan da bai eduki aldetik bai epeei dagokienez»
BEGOÑA PEDROSA Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua
Hain zuzen, EHUri begira jarri da sailburua. Azaldu duenez, ekainaren 11ko 534/2024 errege dekretuak arautzen du USE. Hauexek erakunde bakoitzaren egitekoak «Hezkuntza Sailak jarraipen instituzionala egin behar du, kolaboratu eta bermeak exijitu. Ez ditu azterketak zuzentzen, ez ditu kalifikazioak ezartzen, ez ditu proba antolatzea dagokien organoen erabaki teknikoak ordezten. USEren kudeaketa operatiboa EHUri dagokio, berak du batzorde antolatzaileko lehendakaritza eta idazkaritza». EHUk azaldu izan duenez, probak antolatzeko batzorde misto bat dago, eta EHUko nahiz Hezkuntza Saileko ordezkariek osatzen dute. Hezkuntza Saileko ordezkariek gaur onartu dute hori hala dela, erakunde bakoitzak bosna ordezkari dituela, baina Xabier Balerdi ikuskari nagusiak ñabartu du informazioa EHUk «maneiatzen» duela.
Hori bai, Pedrosak zehaztu du «intzidentzia» bat egon zitekeela jakin bezain pronto «ofizioz» jardun zutela, «informazioa lortzeko eta azalpenak exijitzeko»: «Gure jarrera argia izan da hasieratik: ez aurretik epaitu, teknikoki ez tartean sartu, baina ezta beste aldera begiratu ere». Eta horrela jarraituko dutela ziurtatu du sailburuak: «Gure konpromisoa argia da: ikasleak babestea, gertatutakoa argitzea eta beharrezko neurriak hartzea, horrelakorik errepikatu ez dadin».
A ereduari kritikarik ez
Zero atera duten ikasle gehien-gehienak Bilboko eta inguruko itunpeko ikastetxeetakoak dira, eta A ereduan egin dute Batxilergoa. Horren inguruko kritikarik ez du egin sailburuak, ez du esan eredu horrek ez duenik euskalduntzen, ezta ereduen sistema zalantzan jarri ere. Euskara defendatu behar dela nabarmendu du, eta ezin dela egoera hau erabili euskararen balioa zalantzan jartzeko.
Alabaina, esan du gazte baten etorkizuna baldintza dezakeen «edozein erabaki akademiko berme guztiekin» hartzen dela ziurtatu behar dela: «Sentsazio honekin bizi gara: euskararekin beti muturreko posizioetan mugitzen gara. Zertan gabiltza? Gizartean frustrazioa sortzeko arriskua daukagu, eta, gazteen artean, atxikimendu falta ere bai. Euskarari zor diogu duintasuna. Gure ikasle eta familiei, gardentasuna eta leialtasun handia ere bai».
Sare sozialetan azken boladan zabaldu diren bideoak eta iruzkinak ere izan ditu hizpide. «Kezkagarriak» iruditu zaizkio: «Bizikidetzak muturreko jardunak gainditzen ditu, elkarrengandik urrun leudekeenak gerturatzen ditu, lekuak eskaintzen ditu guztientzat. Eta, gauden egoeran, ardura eta zuhurtzia handiz joka dezagun aldarrikatu nahi dut».
PEDROSAK PROPOSATUTAKO NEURRIAK
Erakundeen arteko komunikazioa hobetzeko protokoloak martxan jartzea. «Horrelako intzidentziak azkar, formaltasunez eta zehatz jakinarazi behar zaizkie inplikatutako eragile guztiei. Ezin dugu bide informalen mende egon horrelako proba garrantzitsu batengan jendeak duen konfiantza jokoan dagoenean».
Tribunaletan nor dagoen ezagutaraztea, adibidez, lan eskaintza publikoetan egiten den bezala.
Ikasleak tribunalen eta ebaluatzaileen artean «modu orekatuagoan» banatzeko moduak aztertzea.
Batzorde antolatzailerako barne araudi zehatzagoa egitea, «ardurak, epeak eta intzidentzietarako alerta mekanismoak eta jarduera protokoloak zehazteko».