Fronte Popular Berriko hiru diputatu izanen dira Ipar Euskal Herrian

EH Baiko Peio Dufau gailendu da seigarren hautesbarrutian; ezkerreko abertzaleek Parisen lortu duten lehenengo ordezkaria izanen da. Etxanizek eta Capdeviellek aise irabazi dute laugarren eta bosgarren hautesbarrutietan.

Peio Dufau EH Baiko kide eta NFPko hautagaia, Ziburuko plazan, emaitzak ospatzen. PATXI BELTZAIZ
Peio Dufau EH Baiko kide eta NFPko hautagaia, Ziburuko plazan, emaitzak ospatzen. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko uztailaren 8a
15:35
Entzun

Kolore gorria nagusitu da Ipar Euskal Herriko mapan Frantziako Asanblearako hauteskundeetako bigarren itzuliaren ondotik. Fronte Popular Berriko hautagaiak nagusitu dira hiru hautesbarrutietan, eta horiek ordezkatuko dute euskal herritarren ahotsa Parisen. Peio Dufau EH Baiko kidea gailendu da seigarren hautesbarrutian, eta PSko Colette Capdevielle eta Iñaki Etxaniz bosgarren eta laugarren hautesbarrutietan. «Momentu historiko bat», adierazi du Dufauk. Ezkerreko abertzaleek Parisen lortu duten lehen ordezkaria da.

27.117 herritarren babesa eskuratu du Dufauk, botoen %36,28 lortuta. Haren gibeletik gelditu da Christian Deveze Kanboko (Lapurdi) auzapez eta Ensemble koalizioko hautagaia, botoen %35,33 eskuratuta. Eskuin muturreko hautagaia gelditu da hirugarren, botoen %28,39 eskuratuta. Hunkitua mintzatu zen Dufau igande gauean: «Euskal Herriaren bozak Parisera eramatera goaz». Halakorik sekula ez dela gertatu adierazi du. «Urteetan lan egin dut CGTren barnean, sasi guzien gainetik, beti ezkerreko indarrak batzeko gogoarekin; oztopatua izan naiz anitz. Orain, ezkerreko diputatu izanen naiz».

«Atsekabetua» agertu da Deveze, eta Dufauk atera dion diferentzia txikia azpimarratu du. «Lehen itzuliko botoen banaketa ez da koherentea izan». Errepublikanoetako boto anitz Batasun Nazionalari joan zaizkiola baieztatu du, eta EAJrenak Dufauri. «Xantza ona» opatu dio ezkerreko abertzaleari.

Bosgarren hautesbarrutian Colette Capdevielle PSko kide eta NFPko hautagaia gailendu da. Eskuin muturreko hautagaiaren emaitza bikoiztu du, 40.607 herritarren babesa eskuratuta —botoen %62,64—. Hiri handietan atera dio alde handiena Serge Rosso RNko hautagaiari.

Laugarren hautesbarrutian Iñaki Etxaniz PSko kide eta NFP hautagaiak irabazi du. Hura izan da diputatua azken bi urteetan, eta egindako lana aitzinean emanez egin du kanpaina azken asteetan. 27.762 boto eskuratu ditu Etxanizek (%47,92), Sylviane Lopez RNko hautagaiak baino aise gehiago (16.753; %28,92). 2002 eta 2022 artean diputatu izan zen Jean Lassalle Eutsi! alderdiko burua izan da hirugarrena, 13.419 herritarren babesarekin (%23,16).

«Pozik eta arindua» agertu da Etxaniz, eta lortutako emaitza nabarmendu du, alde handiz irabazi baitu, bai hautesbarrutian eta baita hainbat herritan ere. «Kolektiboki gogoetatuko dugu zer aukera posible diren». Baina baieztatu du alternatiba bat proposatzeko gai izanen direla. «Bihartik aitzina hasiko da dena, eta nik nire partea emanen dut lan kolektibo horretan. Orain arte gai izan gara desberdinen artean lan egiteko, baita presidentearen gehiengokoekin ere. Hemendik aitzina ere gai izanen gara gure programa aitzina eramateko».

 

«Jauzi berri bat»

Dufauren garaipenarekin ezkerreko abertzaletasunak «jauzi berri bat egin du bere ibilbidean» EH Baik adierazi duenez. «Erantzukizun eta seriotasun osoarekin helduko diogu erronkari». Hautagaitzak osatzerako orduan ezarri den eskema goraipatu dute ezkerreko abertzaleek: Ipar Euskal Herriaren berezitasuna aitortzea, interes orokorreko gaietan lorturiko adostasunak defendatzea eta printzipio horiekin bateragarriak diren hautagaiak finkatzea. «Lurralde honetako aktore politiko guziek eskema hau kontuan hartzea elementu zentraladela uste dugu».  

Emmanuel Macron Frantziako presidentearen erabakiak behartu zituen hauteskundeak, eta horrek «proposamen elektoral berriak» ekarri dituela erran du EH Baik. «Baina ez ditu aldatzen herri honek dituen erronkak, ezta gure ezberdintasunen gainetik garatzen ari garen elkarlan bidea ere. RNekin izan ezik, tendentzia guzietako eragile eta hautetsiekin herri honek dituen erronken gaineko adostasunak eraikitzen jarraituko dugu: bilakaera instituzionala, euskara, bake prozesua, lurra eta etxebizitza, erronka ekologikoa edota laborantza herrikoia bezalako gaietan».

Ezkerreko abertzaleak «sahiestezinak» bilakatu direla iritzi diote, baina garaipenera eraman dituen «indar eta gaitasun kolektiboa» azpimarratu dituzte. «EHBai ez zen bakarrik iritsiko emaitza horretara, eta Fronte Popular Berriak ere ez zukeen garaipena lortuko EHBairen ekarpenik gabe». EHBaik eskerrak eman dizkie «urrats historiko hau» posible egin duten guziei.

Peio Etxeleku EAJren Ipar Buru Batzarreko buruak jeltzaleen botoek Dufauren garaipenean izan duten garrantzia azpimarratu du X sare sozialean zabaldu duen mezuan. «Goresmenak hego Lapurdiko diputatu berriari. Orain hasten da abertzaleen arteko elkarlan fase berri bat, Euskadi berri baten eraikitzeko. Eskua luzatzen dizuet».  

Brisson eta Lasserre elkarri mokoka

Ipar Euskal Herriko hiru hautesbarrutietan ezkerra gailendu izana ez da denen gustukoa izan. «Porrota Max Brissoni [LRko senataria] zor diogu», adierazi zuen igande gauean Jean Jacques Lasserre Modemeko kide, eta Pirinio Atlantikoetako departamenduko presidenteak France Bleu Pays Basque irratian. Haren alaba Florence izan da bosgarren hautesbarrutiako diputatua 2017tik; hirugarren lekua lortu zuen bozen lehen itzulian, eta bigarrenerako hautagaitza erretiratzea erabaki zuen eskuin muturraren kontrako fronte errepublikarraren izenean. Seigarren hautesbarrutian Devezen aldeko apustua egina zuen zentro eskuinak, baina hura ere galtzaile suertatu da bigarren itzulian. Lasserre aitak Brissoni leporatu dio Errepublikanoek hiru hautesbarrutietan aurkeztu zituztela hautagaiak, eta horrek bigarren itzulirako konfigurazioa baldintzatu zuela. «Ez dugu Macron sostengatzen; 21.000 hautesleri aukera eman diegu haien sinesteen arabera bozkatzeko», iharduki zion Brisson.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.