Paueko Dei Auzitegiak 500 euroko isuna pagatzera kondenatu du Peio Irigoien. Fijait arau-hauste terroristen egileen Frantziako fitxategi judizial automatizatuan izendatu zutenetik, Irigoienek ez ditu onartu ezarritako neurriak. Arau horiek ez errespetatu izana egotzita epaitu zuten iragan urtarrilaren 31n. Auzi denboran irmo mintzatu zen, eta auzitan jarri zuen Fijait fitxategia egotea bera: «Ez dut onartzen bertan sar nazaten, ez ni, ez beste nehor». Mila euroko isuna eskatu zuen orduan prokuradoreak. Momentuz, Fijait fitxategian segitzen du euskal preso ohiak: askatasunen epaileak onartu egin zuen Irigoien Fijait fitxategitik kentzea, baina ministerio publikoak dei egin zion. Instrukzio Ganberako presidentearen esku dago orain erabakia.
Maritxu Paulus Basurko abokatuak azaldu du bihartik aitzina Kasazio Auzitegira eramanen dutela Peio Irigoienen kasua, kondena eta fitxategi horretan izatea bera ere ez dituztelako onartzen.
2015eko urtarrilean Charlie Hebdo aldizkariaren kontra izandako atentatuen ondotik egin zuten zerbitzu sekretuen legean onartu zuen Frantziako Asanbleak Fijaiten sorrera, eta 2016ko udazkenean salatu zuten jakinarazpenak jasotzen hasi zirela euskal presoak eta preso ohiak fitxategian sartzen zituztela ohartarazteko. Kontrol judizial baten antzera, beren helbidea justifikatu eta mugimenduen berri emateko eskatzen diete fitxategian izendatuak direnei. Irigoienek uko egin dio orain arte neurriak betetzeari, eta, horregatik, auzipetu egin zuten 2018ko irailean. Epaileak hamar hilabeteko epea eman zion bere egoera erregulatzeko, baina erabakiari dei egitea erabaki zuen euskal presoak.
Baionako auzitegiko argudio berak erabili zituzten dei auzian abokatuek: Fijait txostena Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren kontrakoa dela eta Irigoienen bizitza pribatua eta familiarra oztopatzen dituela.