Pello Alcantarilla euskal preso ohiak Diego Perez de los Cobos Guardia ZIbileko koronelaren kontrako kereila bat aurkeztu du, torturengatik. Alcantarilla 2004an atxilotu eta torturatu zuen Guardia Zibilak, Tres Cantoseko komandantzian, eta hainbat urte geroago torturatzaile horietako bat identifikatu zuen, Espainiako hedabideetan berenganatu zuen presentziari esker. Hain zuzen, Perez de los Cobos. «Telebistan ikusi dut orain: bera da», kontatu zion orduan BERRIAri: «Torturatzen ninduten bitartean, hor zegoen De los Cobos: ikusi nuen».
Ikusi gehiago
Alcantarillak Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiaren eta Euskal Herriko Torturatuen Sarearen babesa du, eta bi eragile horietako ordezkariekin eta Aiert Larrarte abokatuarekin prentsaurreko bat egingo du ostiralean, kereilaren nondik norakoak jakinarazteko. Hain zuzen, GEBehatokiak eman du ekinaldiaren berri, salaketari sinesgarritasuna emanda: «Perez de los Cobosen presentzia guztiz koherentea da atxiloketaren egunean zuen karguarekin, garai hartan Madrilen zuen destinoarekin, Frantziaren eta Espainiaren arteko koordinazio eta lankidetza organoetan zuen eginkizunarekin, eta polizia kidegoek terrorismoaren aurkako borrokaren bilakaeran estrategikotzat jo zuten operazioaren garrantziarekin».
Alcantarillaren atxiloketa Espainiako eta Frantziako segurtasun indarrek elkarlanean egindako operazioa izan zen, Laurence Le Vert epailearen zuzendaritzapean. GEBehatokiaren ustez, baina, ez da kasualitatea hura Burgosen, hau da, Espainian atxilotu izana: «Agerikoa da helburua zela Guardia Zibilak galdekatzea, eta ez Jendarmeriak».
Horrek Alcantarilla torturatzea ahalbidetu zuen. «Atxilotutako hamabost lagunetatik gehienak Frantziako Estatuan espetxeratu zituzten, Alcantarilla bezala. Ezberdintasuna da azken horrek soilik salatu zuela torturak sufritu izana, euskal militanteek mugaren alde banatan jasotzen duten tratua agerian utzita», azaldu du GEBehatokiak, eta gehitu du horien berri Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Andreuri eman bazitzaion ere salaketa ikerketarik gabe artxibatu zela.
Izan ere, preso ohiak BERRIAri adierazi zionez, Burgostik Madrilgo Tres Cantoseko komandantziara bidean tortura mehatxuak eta etengabeko oihuak pairatu zituen, eta lau eguneko inkomunikazioan torturatu egin zuten: «Kolpe oso bortitzak eta azkarrak ematen zizkidaten zilar koloreko bi marra zituen borra beltz handi batekin. Bereziki buruan, lepoan eta besoetan jotzen ninduten. Atzerantz erortzen nintzenean, atzean nituenek aurrera egiten zidaten bultza. Guztia oihu eta irain atmosfera sinestezin batean».
Alcantarillak gogoan du torturatzen zuten agenteen atzean bazela beste kide bat: «Niri begira, zain: noiz etsiko nuen». Hamasei urte geroago, argi adierazi zuen nor zen hori, Perez de los Cobos. Alcantarillak hala gogoratu zuen nola jokatu zuen Perez de los Cobosek beste polizia bat poltsa haren buruan jartzera zihoanean: «Hala esan zion ondoan zuenari: ‘Gracias, comisario’. Lortu zuelako nik amore ematea. Atzean zegoen. Momentu horretan jada ez nengoen begiak estalita, begiratu nuen, eta atzean ikusi nuen».
Izatez, Guardia Zibilak ez du komisariorik, baina GEBehatokiak uste du hitz horren erabilerak baduela arrazoi bat. Izan ere, auziari lotuta landutako txostenean, argudiatu du jakina dela Guardia Zibilak ezizenak erabiltzen zituela galdeketetan, «atxilotuek ez zitzaten identifikatu euren benetako izenekin edo karguekin».
Ibilbide luzea
Perez de los Cobos agenda mediatikoan nabarmendu zen Kataluniako buruzagi independentisten kontrako epaiketan lekuko gisa deklaratu zuenean, 2019ko martxoan, eta orduan identifikatu zuen Alcantarillak. Izan ere, guardia zibil hark Kataluniako 2017ko erreferendumaren kontrako polizia operazioa zuzendu zuen. Gerora, Madrilgo Komandantziaren buruzagitza hartu zuen, eta berriz sona nabarmena bereganatu zuen 2020an, Espainiako Barne Ministerioak hura kargugabetzea erabaki zuenean, urte hartako Martxoaren 8ko mobilizazioen inguruko txosten bat faltsutu izana egotzita.
Guardia zibil hark ETAren kontrako borrokarekin duen loturaren hastapenetara iristeko, ordea, hamarkada batzuk egin behar da atzera. GEBehatokiak haren ibilbidea aztertu du, eta «ETAren aurkako estrategia antiterroristan» izandako «erantzukizun handian» egin du azpimarra. Besteak beste, baieztatu dute hark erantzukizunak izan zituela Kepa Urraren tortura kasuan —epaitu eta absolbitu egin zuten—, Adiskidetasun kaleko kasuan —ustez ETAkoak ziren bi lagun hil zituen Guardia Zibilak, 1997ko irailaren 24an—, Jose Antonio Ortega Lara espetxeetako funtzionario askatzeko operazioan, eta Santutegi operazioan —Mikel Albisu Mikel Antza eta Marixol Iparragirre atxilotu zituzten—.
Espainiak Quiton duen enbaxadan ere aritu zen lanean, eta 2006an Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroaren aholkulari izendatu zuten. Gerora, Jose Luis Rodriguez Zapatero oraindik gobernuan zela, Segurtasunerako Estatu Idazkaritzako Koordinazio eta Ikerketa Kabineteko zuzendari izendatu zuten, eta karguari eutsi zion Mariano Rajoy Moncloara iritsi zenean ere.
Bere ibilbidean, Perez de los Cobosek hogei domina inguru jaso ditu; besteak beste, Guardia ZIbileko Merituaren bi gurutze eta Frantziako Defentsa Nazionalaren Urrezko Medaila.