Erreakzionarioek boterea lortu ala ez: hori da, EH Bilduren erranetan, datorren azaroaren 29an jokoan dagoena; eta, horregatik, botoa biltzeko deia egin dute, koalizio subiranista delakoan hori galarazteko «bermea»: «EH Bilduk jipoi antologikoa emango dio bloke erreakzionarioari Euskal Herrian. Inoizko emaitzarik onenak ateraz gero, eta bide horretan gaude, erreakzionarioak ez dira gobernura iritsiko».
EH Bilduk Gasteizko Probintzia plazan egin du, gaur eguerdian, eguneko ekitaldi politiko nagusia. Bertan izan dira Pello Otxandiano Eusko Legebiltzarreko EH Bilduren burua, Mikel Otero Espainiako Kongresurako Arabako zerrendaburua, Josu Estarrona Espainiako Senaturako Arabako zerrendaburua, Eva Lopez de Arroiabe Arabako diputatu nagusi izateko hautagaia eta Rocio Vitero Gasteizko alkategaia.
Hauteskundeen garrantzia nabarmendu du Otxandianok, zehaztuta ez dela «amaiera» izanen, «datozen urteetako ziklo politikoaren abiapuntua baizik». Hortaz, EH Bilduren aldeko botoa ematera deitu du, «itxaropenezko ortzi muga bat eraikitzeko»: «EH Bilduren botoak ez du balio eskuin muturra geldiarazteko bakarrik: datozen urteotan Euskal Herrian itxaropenezko ortzi muga bat eraikiko duen mugimendu politikoa indartzeko ere balio du».
Oterok, berriz, EH Bilduk Madrilen egindako lana eta lortutako aurrerapen sozialak izan du hizpide. Haren irudiko, baina, egindakoa ez da nahikoa, eta, hortaz, datozen urteetan aitzinerat egiten jarraitu behar da. «Azaroaren 29tik aurrera askoz gehiago egin behar dugu, eta, horretarako, boto andana behar dugu». Izan ere, haren erranetan, koalizio subiranistarik gabe ez da egonen aurrerapen sozialak ahalbidetuko dituen gehiengorik: «EH Bildurekin Euskal Herriaren eta bertako herritarren defentsa bermatuta egongo delako. EH Bildurik gabe ez dira kontuak ateratzen».