Pello Otxandiano: «Bada garaia hitzetatik ekintzetara pasatzeko eta legealdiari zentzua emateko»

EH Bilduko eledunak ohartarazi du «datozen hilabeteetan kanpoan gertatzen dena gertatzen dela ere, estatus politikoa definitu» behar dela.

EH Bilduko eledun Pello Otxandiano, aurreko astean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
EH Bilduko eledun Pello Otxandiano, aurreko astean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
xabier martin
2025eko irailaren 16a
11:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko eledun Pello Otxandianok eskatu du estatus politikoaren inguruan akordioa egiteko «ahalik eta azkarren», hartara aurrera egiteko «nazio mailan eta gizarte mailan». Espainian eskuin muturreko gobernu bat egoteko arriskua «gero eta errealagoa» dela uste du Otxandianok, eta ez ditu urrun ikusten gobernu horrek egingo lituzkeen «politika zentralistak eta supremazistak».

Eusko Legebiltzarreko EH Bilduren taldean egindako azterketa batean, koalizioko eledunak nazioarteko agertokiari erreparatu dio, baina baita Espainiakoari eta Euskal Herrikoari ere. Ostegun honetan, Gasteizko ganberan egingo duten politika orokorreko osoko bilkuran EH Bilduk egingo dituen proposamen batzuk aurreratu ditu. Adierazi du Europak bere «autonomia» galdu duela «AEBen esanetara jarrita». Otxandianoren hitzetan, klima krisia «azkar doa aurrera, eta gero eta oldarkorrago», eta eskuin muturra, berriz, «sendotzen ari da, eta Europako gobernuak baldintzatzen ditu».

Halaber, Israel «AEBen laguntzarekin» Gazan egiten ari den «genozidioa» salatu du. Sarraski horretan Europa izaten ari den «geldotasuna» ere aipatu du. Etxera etorrita, gogoratu du Euskal Herrian etxebizitzaren prezioak goia jo duela, «espekulaziorako objektu» delako: «kontratu soziala hautsi da».

Akordio zabalak

Politikako giroari erreparatuta, EH Bilduko bozeramailea Madrili begira jarri da: «Espainiako politika toxikoa da. Erabateko polarizazioa dago, eta, agertoki horretan, gero eta errealagoa da eskuin muturreko gobernu bat izateko aukera». Ohartarazi du, hori gertatuko balitz, gobernu horrek «agenda zentralista, supremazista eta eskuin muturrekoa» ezarriko lukeela.

Aurreko guztiak aintzat hartuta, Otxandianok nabarmendu du «herri ikuspegi sendoagoa» behar dela, «eztabaida politikoaren erdigunea gure herrian jarrita». Hala, «akordio zabalen bidez adostutako politika publikoak» eskatu ditu, «hemen pentsatuak eta herri honentzat; ahalik eta azkarren».

«Estatus berriak burujabetza sendotuko luke nazio ikuspuntutik, eta, estatuaren ikuspuntutik, alternatiba aurrerakoia eta plurinazionala indartuko luke, eskuin muturraren estrategiari aurre egiteko»

PELLO OTXANDIANO EH Bilduko bozeramailea

EH Bilduko eleduna sinetsita dago estatus politikoaren eztabaida «bideratu» egin behar dela autogobernu berri bat izateko, eta, horretarako, «irekita dagoen leihoa» aprobetxatu behar dela. «Estatus berri horrek burujabetza sendotuko luke nazio ikuspuntutik, eta, estatuaren ikuspuntutik, alternatiba aurrerakoia eta plurinazionala indartuko luke, eskuin muturraren estrategiari aurre egiteko».

Batera edo bestera, Otxandianok mezu argi bat helarazi du: «Bada garaia hitzetatik ekintzetara pasatzeko, legealdiari zentzua emateko, eta euskal agenda edukiz betetzeko». Uste du «diferenteen arteko elkargunea» izan daitekeela estatus berriaren inguruko balizko akordio hori. Baina ohartarazi du «datozen hilabeteetan kanpoan gertatzen dena gertatzen dela ere, estatus politikoa definitu» behar dela.

Horiek horrela, Eusko Legebiltzarreko politika orokorreko osoko bilkuran, EH Bilduk «alternatibak eskainiko ditu, huts egin duten politika publikoei aurre egiteko». Modu horretan, «akordio partzialak» lortu nahiko lituzke koalizio subiranistak, zenbait esparrutan. Izan ere, «herri akordioak» lor daitezkeela uste du Otxandianok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.