Nork egingo ote zuen, zein estilotakoa izango den... Izaten da jakin-mina Korrikako abestiaren inguruan; bada, argitu dira zalantza den-denak: Pello Reparazek egin du 24. Korrikako abestia, Xiberutikan mendebaldera. Reparazek ondoan izan ditu Maixux Zugarramurdi eta Erramun Martikorena ere. Gaur aurkeztu dute kantua eta haren bideoklipa, Agoitzen (Nafarroa).
Aurkezpenean izan dira Reparaz bera eta Ane Elordi, Korrikaren koordinatzailea. Elordik azaldu duenez, aurten lehenengo aldiz AEK osoak «prozesu demokratiko baten bidez» aukeratu du nori egin kantuaren enkargua: «Aurrenekoz, AEKide guztion artean erabaki dugu noren eskutan jarri Korrikaren kanta». «Zinez» eskertu du egindako lana: «Eskerrik asko Korrikarako kanta zoragarri hau ekoizteagatik eta, are gehiago, musikatik euskarari eta euskal kulturari egiten diezun ekarpenagatik». Abestiarekin batera, bideoklipa ere publiko egin dute; nabarmendu dute plano sekuentzian grabatuta dagoela.
«Eskerrik asko Korrikarako kanta zoragarri hau ekoizteagatik eta, are gehiago, musikatik euskarari eta euskal kulturari egiten diezun ekarpenagatik»
ANE ELORDIÂ Korrikaren koordinatzailea
Elordiren ostean, pozez mintzatu da Reparaz. Haren esanetan, Korrikaren abestia ondu izana da bere ibilbide artistikoko «erantzukizunik eta pozik handienetako bat»: «Ez da enkargu hutsa izan: kantaren bidez, euskarak eta Korrikak niri eman didatenaren zati bat itzuli nahi izan dut».
Abestiaren izanaz eta izenaz
Euskara gara da 24. Korrikaren leloa. «Pisu handia» duela nabarmendu du Reparazek: «Ez gara bakarrik hizkuntzaz ari, bizitzeko, elkar zaintzeko eta etorkizun duinago bat elkarrekin irudikatzeko modu bati buruz ari gara».Â
Kantaren izanaz ere aritu da. Reparazen esanetan, «mugimenduan dagoen komunitate baten sonoritatea» ematen ahalegindu da, ez «ereserki zurrun» batena. Halaber, xede bat ere jarri dio lanari, jendea euskarara hurreratzea: «Kantak balio badu norbaitek AEKren euskaltegietan izena emateko lehen urratsa egiteko, alabarekin duen elkarrizketa batean euskaraz egitera animatzeko edota Korrikan kilometro bat gehiago egitera sustatzeko, orduan abestiak bere funtsa beteko du».
«Ez da enkargu hutsa izan: kantaren bidez, euskarak eta Korrikak niri eman didatenaren zati bat itzuli nahi izan dut»
PELLO REPARAZ 24. Korrikako abestiaren egilea