Pentsiodunak kalera atera dira Madrilen oinarrizko eskubideen defentsan

50.000 lagun batu dira protestan, eta 250 joan dira Euskal Herritik. Besteak beste, pentsioak benetako KPIaren arabera igotzeko eskatu dute, eta gutxieneko pentsioak gutxieneko soldatarekin parekatzeko.

Euskal Herriko hainbat pentsiodun gaur Madrilen, protestan. RODRIGO JIMENEZ / EFE
Euskal Herriko hainbat pentsiodun gaur Madrilen, protestan. RODRIGO JIMENEZ / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko urriaren 24a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Milaka pentsiodun bildu dira Madrilen, pentsioen sistema publiko eta duin baten defentsan. Antolatzaileen arabera, 50.000 lagun bildu dira, eta ibilbidea osatu dute hainbat eta hainbat aldarrikapen oihukatuz. EHPM Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak ere bat egin du mobilizazioarekin, eta Euskal Herriko 250 pentsiodun ere izan dira protestan.

EHPMren arabera, orain arte lortutako eskubideak defendatzeko joan dira Madrilera, eta gobernuari eskatzeko haien eskakizunak aintzat har ditzala. «Aberatsak gero eta aberatsago egiten dituzten politika fiskalak eta ekonomikoak salatzen ditugu. Aberatsek gero eta aberastasun eta botere handiagoa metatzen dute, osasuna, etxebizitza eta zaintza bezalako oinarrizko eskubideetatik etekin ekonomikoa ateraz eta gure poltsikoetan eskua sartuz», salatu dute ohar bidez.

Lau dira egin dituzten aldarrikapen nagusiak. Batetik, PP eta Vox alderdien aurka egin dute, argudiatuta gezurrak erabiltzen dituztela pentsio sistema publikoaren kolapsoa iragartzeko. Haien arabera, alderdi horiek pribatizazioa eta murrizketak eskatzen dituzte: «Ez ziren pasatu 2018an, eta ez dira pasatuko 2026an».

Bestetik, gaur egungo gobernuari eskatu diote pentsioen igoera benetako KPIaren araberakoa izan dadila: «Gobernuak ezin ditu legealdi amaieran pentsioak %3,2 handitu KPIa %5ekoa bada». Horregatik, ordainsari bat eskatzen dute urte amaierarako, «galdutako erosahalmena» konpentsatzeko. Gutxieneko pentsioak gutxieneko soldatarekin parekatzeko ere eskatu dute.

Horrez gain, beste bi aldarrikapen ere egin dituzte datozen asteei begira. Azaroaren 11ko etxebizitzaren aldeko greba orokorrarekin bat egin dute, eta etxebizitza duinak eta pentsio duinak eskatuko dituzte. Gainera, azaroaren 29an bozkatzeko deia ere egin dute: «Azaroaren 29an hautetsontziak botoz betez mobilizatuko gara, guztion eskubideak bermatzeko, eta ez gutxi batzuen pribilegioak».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA