Perez Iglesiasek jakinarazi du unibertsitate lege berria izapidetzen hasiko direla

Deustuko Unibertsitatean ikasturtea abiarazteko egin duten ekitaldian hartu du hitza Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak.

Perez Iglesias, lehen planoan, Deustuko Unibertsitateko errektore Juan Jose Etxeberriarekin, gaur. MIGUEL TOÑA / EFE
Perez Iglesias, lehen planoan, Deustuko Unibertsitateko errektore Juan Jose Etxeberriarekin, gaur. MIGUEL TOÑA / EFE
arantxa iraola
2025eko irailaren 24a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Unibertsitate sistema sendotzeko eta berritzeko ezinbestekoak izango diren urratsak egitera doa Eusko Jaurlaritza, gaur Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburu Ignazio Perez Iglesiasek jakinarazi duenez. «Unibertsitate lege berria izapidetzen hasiko gara, eta, datorren urtean, 2027-2030eko Unibertsitate Plana prestatzeari ekingo diogu», aurreratu du. Deustuko Unibertsitateak ikasturtea hasteko ekitaldia egin du gaur Bilbon, eta hantxe solastatu da sailburua. Dokumentu bien garrantzia nabarmendu du: «Planak eragina izango du gure unibertsitateek etorkizun hurbilean izango duten ibilbidean; legeak, berriz, onartu ondoren, hurrengo hamarkadetakoa zehaztuko du».

Iragarria zuen aurrez ere lege bat ontzeko asmoa Jaurlaritzako sailburuak. «Aztertzen hasi gara zer eduki dauden LOSUn, Espainiako legean, baita gure legean zer dagoen eta zer egin nahi genukeen ere», azaldu zuen udaberrian egindako elkarrizketa batean. «Gauza batzuetan, LOSUk itxi egiten du joko zelaia, ez dago gehiago egiterik; beste batzuetan, badago aukera, eta horietan erabaki behar dugu noraino iritsiko garen. Gustatuko litzaidake ahalik eta adostasun handiena lortuta ateratzea legea». 

«Kalitateak» unibertsitatearen jardunean duen garrantzia nabarmendu du gaurko hitzaldian. Albisteetan lehen lerroan dauden gaiei ere erreparatu die. «Dena ez da mugatu behar kalitatezko irakaskuntza eta ikerkuntzara. Unibertsitateek ez dute munduan gertatzen denaz aparte bizi behar. Ez dute saihestu behar gure garaiko erronka globalen aurrean duten erantzukizun intelektuala. Ez dute isilik egon behar gure garaiko basakerien aurrean». Eta propio salatu ditu Gazako genozidioa, Errusiako tropek Ukrainan giza eskubideak urratzea eta migratzaileen kontrako politikak.

Goretsi egin du Deustuko Unibertsitatearen jarduna, eta unibertsitate publikoz eta pribatuz osatutako sare batean ehundutako unibertsitate sistema bat izatearen onurak ere nabarmendu nahi izan ditu. «Esan ohi dut Euskadin unibertsitate sistema aberatsa eta askotarikoa dugula, profil osagarriak dituena. Hala izaten jarraitu behar du. Ona da unibertsitate batzuek besteek egiten ez dutena egitea edo beste modu batean egitea». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.