Uztailaren 6an, sanferminetako txupinazoan, aldarri politikoak jarri zituzten Iruñeko Udaletxe plazan, eta berehala bertara zen Polizia: pertsona bat atxilotu zuen, eta 50 lagun identifikatu. Bada, gaur Espainiako Poliziak bertze pertsona bat atxilotu du txupinazoko gertakariengatik, Gedar hedabideak zabaldu duenez.
Goizaldean izan da atxiloketa, 06:00 aldera; Espainiako Polizia atxilotuaren lantokira joan da, eta han hartu du atxilo. Oraingoz, baina, ez dute zehaztu zergatik atxilotu duten. Bertzeak bertze, Israelgo Estatuaren kontrako pankarta bat sartu nahi izan zuten plazara, baina udaltzainek ez zieten utzi.
Sanferminetako lehen egunean kontzentrazioa antolatu zuten Alde Zaharreko Gazte Mugimenduak, Mugimendu Sozialistak, Indar Gorrik, Harituk eta Jarkik, eta salatu Polizia oldartu egin zela eta «atxiloketa bortitz bat» egin zuela. «Hau onartezina da. Urteak dira herri mugimenduak ez duela horrelako jazarpenik jasan», erran zuten. «Gazteetako bat bortizki jo dute borrarekin, lurraren aurka jarri dute, eta lau minutuz izan dute itotzen. Gerora, atxilo eraman dute poliziek».