Goizaldean sute larri bat izan da Donostiako Bidebieta auzoko etxebizitza batean, eta 68 urteko gizon bat hil da, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Haren emaztea eta beste auzokide bat Donostia ospitalera eraman dituzte, kea arnastu dute eta.
Julio Urkixo ibilbideko dorreetako batean piztu da sua, goizaldean. 32. zenbakiko dorrean gertatu da, laugarren solairuko etxebizitza batean. Bizilagun batek goizeko lauretan eman du horren berri, eta berehala joan dira bertara suhiltzaileak, larrialdietako langileak, udaltzainak eta ertzainak.
Donostiako Udalak adierazi duenez, eta lehen zantzuen arabera, etxeko egongelan sortu da sua, bikotea lotan zela, eta gizona sua igarotzen ahalegindu da, baina erreduren ondorioz hil da bertan; andrea, berriz, balkoira joan da, eta suhiltzaileek handik atera ahal izan dute, garabi baten laguntzaz. Emakumeak kea arnastu duenez eta erredurak ere bazituenez, ospitalera eraman dute.
Suhiltzaileek ordu pare bat behar izan dituzte sua menpean hartzeko, eta goizaldeko seiak aldera eman dute itzalitzat. Su hartu duen pisuaren azpiko bizilagunak etxeetatik atera dituzte suhiltzaileek, baina aurki itzuli ahal izan dute beren etxeetara. Sua piztutako etxea erabat kiskali da, baina beste pisuetan ez da kalte nabarmenik. Ikertzen ari dira sua zerk eragin duen.
Su hartu duen etxearen gaineko pisuetan bizi direnei, aldiz, beren etxeetan gordetzeko eta inola ere ez ateratzeko eskatu diete suhiltzaileek, arriskutsua baitzen, keak goraka eginda. Ez du inork arazorik izan, eta onik dira bizilagun guztiak. Haietako bat artatu dute osasun zerbitzuek, baina onik dago.
Hildako gizonak eta haren andreak seme bat dute, baina ez zen etxean bart gauean. Donostiako Udalak jakinarazi du bizileku bat emango diela biei. Hildakoaren gorpua, berriz, autopsia egitera eraman dute.