EAJk Bizkaiko Uribe Kosta eskualdean dituen hiru batzokitan pintaketak agertu dira: Berangokoan eta Getxo Zahar eta Algortakoetan (Getxo). Patxi Ruiz presoaren egoera salatzen duten pintaketez gain –astelehenetik dago gose eta egarri greban– "Amnistia" eta "EAJ hiltzaile" idatzi dute pintaketen egileek.
Eskualde horretan, PSE-EEk Sopelan duen egoitzan ere mota bereko pintaketak egin dituzte. Joan den astelehen gauean berdin gertatu zen PSE-EEk Portugaleten (Bizkaia) duen egoitzan.
Halaber, bart gauerdian su eman diote Kutxabank-ek Ean (Bizkaia) daukan kutxa automatikoari. Horren ondorioz, kutxak eta sukurtsalaren kanpoko aldeak kalteak izan dituzte. Etxebizitza horretako zazpi bizilagun etxetik atera behar izan dituzte, eta sua amatatutakoan itzuli dira.
EAJren gaitzespena
EAJren Bizkai Buru Batzarrak gogor gaitzetsi du gertatutakoa, eta esan du horrelakoak "ulertezinak" izateaz gain "lekuz eta denboraz kanpo" daudela. "Ez dute batere laguntzen bizikidetzaren eta desberdinen arteko errespetuaren bidea jorratzen, horixe baita euskal gizartearen gehiengo handi batek eskatzen duena".
EAJri "are larriagoa" begitantzen zaio gertatutakoa goizaldean izan delako, "hau da, alarma egoerak ezarritako konfinamendu neurriak urratuz". "Bitxia da batzuek uste izatea zilegitasuna dutela gauez irteteko alderdi politikoen egoitzak pintatzera eta kutxa automatikoak erretzera, eta aldi berean pentsatzea ez dagoela baldintzarik botoa emateko eskubide demokratikoa gauzatzeko", erantsi du EAJk.