Pintaketak egin dituzte EAJren eta PSE-EEren zenbait egoitzatan

Bi alderdiek «erasoak» gaitzetsi dituzte, eta alderdi guztiei eskatu diete publikoki salatzeko. 

Durangoko PSE-EEren egoitzan azaldutako pintaketa. PSE-EE
2020ko maiatzaren 18a
12:39
Entzun

EAJk Gurutzetan (Barakaldo, Bizkaia) duen batzokian pintaketak agertu dira. Patxi Ruiz presoaren egoera salatzen duten pintaketez gain —gose eta egarri greban dago joan den astelehenetik—, «amnistia» eta«errudunak» ere idatzi dute egileek. Joan den astean, Gernikako, Errepeleagako (Portugalete), Mungiako, Algortako, Getxo Zaharreko, Berangoko, Igorreko eta Bilboko Sabindarrak batzokietan ere azaldu dira pintaketak. 

PSE-EEren egoitzetan ere agertu dira pintaketak. Barakaldoko (Bizkaia) egoitzan gaur agertu dira eta aitzinetik Durango, Sopela, Algorta Portugalete, Bilboko Santutxun eta Deustun dituzten egoitzetan ere azaldu dira pintaketak. 

Bi alderdiek gogor salatu dute beren egoitzatan pintaketak egin izana. «Eraso horiek agerian uzten duten gauza bakarra zera da: anonimotasunean koldarki babestuta dauden pertsona horiei bide demokratiko luzea egitea falta zaiela», salatu du Bizkai Buru Batzarrak (BBB) ohar bidez. Erasoak «justifikaezinak» direla nabarmendu du BBBk, eta alderdi denei eskatu die «erasoak» publikoki salatzeko. 

EAJren bide beretik, PSE-EEk ere gogor salatu ditu bere egoitzetan egindako pintaketak. Pintaketak «ekintza biolento» eta «mafiosoak» direla salatu du Mikel Torres Bizkaiko alderdi sozialistako idazkari nagusiak, eta alderdi denei publikoki salatzeko eskatu die. «Eraso hauek iraganaren parte dira; garaiz eta lekuz kanpo daude», salatu du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.