Pirinioetako hizkuntzen bikoizketa automatikorako plataforma bat aurkeztu dute

Linguatec-IA mugaz gaindiko proiektuaren emaitzetako bat da. «Laster» egongo da erabiltzeko moduan.

Linguatec-IA proiektuko bazkideetako ordezkariak, Baionan. LINGUATEC-IA
Linguatec-IA proiektuko bazkideetako ordezkariak, Baionan. LINGUATEC-IA
jakes goikoetxea
2026ko uztailaren 1a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskaraz, katalanez, okzitanieraz, aragoieraz, euskaraz eta gaztelaniaz sortutako ikus-entzunezkoak automatikoki bikoizteko plataforma bat aurkeztu dute gaur Baionan. Oraingoz, erakutsi egin dute. «Laster» egongo da erabiltzeko moduan. «Laster funtsezko tresna izango da lurraldeko eleaniztasunerako, minutu gutxian bideoak hainbat hizkuntzatan sortzeko aukera emango baitu», nabarmendu du Itziar Cortesek, proiektu horren eta Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia Unitatearen koordinatzaileak.

Plataforma Linguatec-IA proiektuaren emaitza da. Pirinioen bi aldeetako hizkuntza gutxituen digitalizazioa eta adimen artifizialaren garapena ditu helburu. 2021ean abiatu zuten. Ikastaroa —EHUren udako ikastaroen barruan— eta batzarra egin dituzte gaur Baionan: Hizkuntza gutxituak eta adimen artifiziala, Pirinioen bi aldeetatik etorkizunari begira. Proiektuko kide dira, besteak beste, Elhuyar (Orai NLP Teknologiak), Hitz zentroa (EHU), Iker zentroa (CNRS), Lo Congres —okzitaniera arautzeko erakundea—, Tolosako Unibertsitatea (Jean Jaures, Okzitania), Perpinyako Unibertsitatea, Lleidako Unibertsitatea eta Aragoiko Gobernua. Bikoizketa plataforma proiektuaren «emaitza ikusgarrienetako bat» izango da, Cortesen arabera.

«Eleaniztasun laborategia»

Europako Batasunak Interreg Poctefa funtsa du Espainiako, Frantziako eta Andorrako mugaz gaindiko lankidetza proiektuak diruz laguntzeko. Funts horren babesa jaso du Linguatec-IA proiektuak: Europako Batasunak ordaintzen ditu hiru eurotik bi (%65).

Proiektuan bat egin duten Pirinioen bi aldeetako herrialdeek hamabost milioi herritar baino gehiago dituzte. Sei hizkuntza. «Europan parekorik ez duen eleaniztasun laborategi bat da», proiektuaren sustatzaileen arabera. «Era berean, berdintasun falta digital hori ikusgarriagoa egiten den lurraldeetako bat, eta baita mugaz gaindiko lankidetzak zentzu handiagoa duenetakoa ere».

Ibilbide propioak

Hizkuntza gutxituak izanda ere, bakoitzaren egoera desberdina da arlo digitalean, eta hizkuntza bakoitzak ibilbide propioa izango du. «Bakoitzaren diagnostikotik abiatuta, bide orri bana diseinatu da, bakoitzarekin modu independentean aurrera egiteko eta beharrezko tresna teknologikoez hornitzeko», azaldu du Cortesek. Webgune honetan ikus daitezke orain arte sortutako baliabideak.

«Europan parekorik ez duen eleaniztasun laborategi bat gara; era berean, berdintasun falta digital hori ikusgarriagoa egiten den lurraldeetako bat, eta baita mugaz gaindiko lankidetzak zentzu handiagoa duenetako bat ere»

LINGUATEC-IA

Gaurko batzarrean, proiektuaren sustatzaileek eta Nafarroako Gobernuko, Eusko Jaurlaritzako eta Akitania Berriko ordezkariek adierazpen bat sinatu dute hizkuntzara bideratutako Adimen Artifizialeko Mugaz Gaindiko Bikaintasun Sarea berritzeko eta sendotzeko. Lankidetzari esker, Pirinioez gaindiko hizkuntza azpiegitura bat eratu eta zabaldu nahi dute, adimen artifizial sortzailearen aroan hizkuntza gutxitu horien presentzia bermatzeko.

Lankidetza

Duela lau urte sortu zuten Bikaintasun Sarea. Lau urteotan mundua «erabat» aldatu dela uste dute: «Hizkuntza eredu handiek —ChatGPT, Claude, Mistral eta beste batzuk—  teknologiaren interfaze unibertsal bihurtu dute hizkuntza naturala, eta, hala, 2021ean nekez aurreikus genezakeen modu batean aldatu dute gure idazteko, sortzeko eta lan egiteko modua».

Hizkuntza eredu handi horiek ingelesezko, txinerazko, gaztelaniazko eta frantsesezko edukiekin entrenatzen dituzte batez ere. Horri, neurri batean bederen, aurre egiteko, hizkuntza gutxituen arteko lankidetza proposatzen dute, kasu honetan Pirinioetako hizkuntzena: «Orain arteko lorpenek erakusten dute hori dela bidea eta merezi duela handik barrena ibiltzea».

Horretarako, besteak beste, Linguatec-IAk lortutako emaitzak aitortzea eta ikusaraztea nahi dute, «hizkuntza gutxituen arteko mugaz gaindiko lankidetzak balio teknologiko, kultural eta ekonomiko erreala sortzen duela frogatzeko», eta baita eredu hori beste lurralde eleaniztun batzuetan errepikatu ere. Hala jaso dute gaur sinatutako adierazpenean. Premiazko agenda estrategiko bat ezarri nahi dute, «hizkuntza berdintasun digitala errealitatea izan dadin Pirinioen Lan Elkartearen lurraldean 2030a baino lehen».

Oinarri teknologikoa bermatzea

Beste helburuetako bat da bermatzea euskarak, okzitanierak, aragoierak eta katalanak oinarri teknologiko nahikoa izatea hizkuntza eredu handietan, ahots laguntzaileetan, itzulpen automatikoko sistemetan eta adimen artifizial sortzaileko tresnetan egoteko. Hizkuntz eredu handietatik aparte, hizkuntza tresnek —corpusak, ereduak eta plataformak— irekiak eta eskuragarriak izan beharko luketela uste dute.

Europako, estatuetako eta eskualdeetako politika publikoetan eragin nahi dute, adimen artifizialeko sistemen diseinuek, erregulaziok eta finantzaketak «esplizituki» aitor ditzaten hizkuntza gutxituak hitz egiten dituztenen «hizkuntza eskubide digitalak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA