Zentsura

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Oteitzan egingo dute Lizarran zentsuratu zieten ikuskizuna

Navarra Sumako alkateak herriko kiroldegia ukatu zien Lizarrako euskaltzaleei, eta beste leku bat bilatu behar izan dute.

Pirritx, orrotx eta Marimototsen 'izi dantza' ikuskizuna. IñIGO URIZ / FOKU
2020ko urtarrilaren 29a
16:00
Entzun

Lizarran egiten utzi ez zietena Oteitzan (Nafarroa) egingo dute, handik 11 bat kilometrora. Lizarrako Garean euskaltzale elkarteak iragarri du Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Bizi Dantza ikuskizuna otsailaren 5ean egingo dutela, Oteitzako Iturtxipia kiroldegian, 17:30ean. Navarra Sumaren esku dago Lizarrako Udala, eta ikuskizuna herriko kiroldegian egiteko baimena ukatu zion elkarteari, hamar urteotan han egin badute ere.

Ikuskizuna otsailaren 5ean egin egingo zela hitzeman zuen elkarteak orduan, eta beste leku baten bila hasi ziren. Denbora gutxi eduki arren, bilaketa ondo amaitu da. «Garean elkarteak eskerrik beroena eman nahi dio Oteitzako Udalari eta herriari, besteak beste horren epe estuarekin Elkartearen eskaera begi onez hartu duelako». Horrez gain, Lizarrako euskaltzaleek eskerrak eman dizkie egunotan elkartasuna adierazi dietenei. «Elkartasuna gure inguru hurbiletik haratago joan da; izan ere, Gaztea irratian Maddalen Arzallusek Maite zaitut kantaren bertsio bat egin du eta Lizarraraino bidali ditu bere maitasun adierazpenak».

Lizarrako eta inguruko jendea Oteitzara joan ahal izateko, trafikoa eta aparkalekua antolatuko du elkarteak. La Estellesa konpainiaren autobus zerbitzua ere badagoela gogoratu dute: Oteitzara joateko, 16:15ean Lizarratik, eta, Oteitzatik itzultzeko, berriz, 18:45 eta 19:45ean. Sarrerak salgai daude dagoeneko.

Navarra Sumaren zentsura

Elkarteak urriaren 31n egin zuten eskaera ofiziala Udaleko erregistroan, urtero egiten duen legez. Aurrematrikulazio garaian egiten du emanaldia elkarteak, gurasoak animatzeko haurrak euskal ereduetan matrikulatzera. Dagoeneko hamaika urtez egin dute emanaldia, eta horietako azken hamarrak Lizarrerria kiroldegian. Emanaldi bakoitzean 700 ikusle inguru bildu dituzte azken urteotan. Lizarrak 13.800 biztanle pasatxo ditu.

Baina Gonzalo Fuentes Urriza buru duen udalak ukatu egin zien kiroldegia otsailaren 4an eta 5ean, «kirol entrenamenduak» zeudela argudiatuta. Elkarteak esan zuenez, kiroldegia kudeatzen duen enpresak eta han entrenatzen diren kirol taldeek ez zuten inolako eragozpenik jaso.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.