«Pizkunde» berri baterako ituna

Hizkuntza politiketan «jauzia» egiteko irizpideak lantzen jardun dute urteotan Batuz Aldatu prozesuan batu diren ehundik gora eragileek; gaur plazaratu dute euskararen sustapenerako akordio soziopolitiko berri baterako landu duten proposamena.

(ID_15356525) (Andoni Canellada/@FOKU) 2025-09-26, Donostia. Euskararen biziberritzearen aldeko Itun Soziopolitiko berrirako eskain...
Sinatzaileen taldeko argazkia, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
arantxa iraola
2025eko irailaren 26a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Euskal gizarte zabal eta konplexu honi, bere osotasunean, egiten diogu proposamena; finean, gizarte eragile eta herritar orori». Lau urteren ondoren, bukatu da Batuz Aldatu prozesua, Euskalgintzaren Kontseiluak hizkuntza politiketan eragiteko adostasun soziala josteko asmoz sustatua, eta fruitua eman du: Itun soziopolitiko berrirako eskaintza deituriko dokumentua mahai gainean jarri dute gaur, sinatzaileen batzarrean, ehun eragilek baino gehiagok. Donostian izan da aurkezpena, Miramongo Teknologia Parkean egindako agerraldi jendetsu batean. Euskararen «pizkunde» berri baterako ituna izatea nahi dute, hizkuntza politikak «paradigma berri batera» eramaten lagunduko duen bide orria.

«Iruditzen zaigu ekarpen garrantzitsua izango dela euskararen biziberritzerako eta baita demokrazian eta gizarte kohesioan sakontzeko ere», aurreratu du Kontseiluko koordinatzaile Manex Mantxolak. Ondoan, agiria ontzen jardun duten talde eragileko kideak izan ditu, Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabel eta prozesua bideratzen jardun duen bitartekaria, Aitziber Blanco.

Aurrez hainbat kontraste lan egin eta gero, 2021ean abiarazi zuen Kontseiluak prozesua, euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuan «fase berri baten» oinarriak jartzeko asmoz. «Kezka» izan zen Batuz Aldatu abiatzeko motiboa, 60ko hamarraldian hasitako euskararen susperraldia «agortzen» ari zela erakusten zuten zantzuak. Hainbat ikerlanek berretsi besterik ez dute egin, gainera, ordutik ezinegona. Halaxe jaso dute orain dokumentuan ere: euskara «kinka larrian» dago. Nabarmendu dute, gainera, joera global bat dagoela hor atzean. «Gizarte aldaketa sakon eta azeleratuek itzelezko erronka berriak ekarri dizkiote euskarari eta, oro har, minorizatutako eta hedadura txikiko hizkuntza guztiei». 

99 eragilek egin zuten bat aurrena egitasmoarekin; 113 dira egun. Bilera asko egin behar izan dituzte bidean, eta elkar ulertzeko ahalegina ere bai sarri, askotarikoak baitira. Euskalgintzaren bihotzaren parte dira parte horietako zenbait, eta urrunagokoak beste asko. Baina hemen da adostu duten testua. Eta gizarte osoari bat egiteko egin dioten deia: «Euskararen normalizazioa eta biziberritzea eraldaketa soziala da, eta, horrenbestez, denon egitekoa».  Dinamikaren abiaburuan bi norabide nagusi hitzartu zituzten eragileek, eta horiexek dira itun honen bidez sustatu nahi duten paradigma berriaren muinak. Baga: «Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa». Biga: «Euskara eroso erabiltzeko guneen sorrera, garapena eta elkar lotzea». 

Zer zerumuga

Zerumugan duten Euskal Herria irudikatu dute muin horri lotuta: «Etorkizunean, euskal gizarte hobe bat lortu nahi dugu, non herritar denek euskaraz jakingo duten eta normaltasun erabatekoz erabiltzeko baldintzak izango dituzten». Bigarren helburua da euskararen «estatusa» indartzea: itunean jaso dute bilatuko dela euskarak bere «lurralde guztietan» dagokion berdintasunezko «ofizialtasun estatusa» izatea. Hirugarren xede nagusia da komunitatea «ahalduntzea». Izan ere, hizkuntza politika berri horretan aurrera egiteko euskaltzaleen komunitate linguistiko «emantzipatu» bat behar da. 

Zazpi printzipio zerrendatu dituzte itunean. Tartean «progresibotasuna» dago. Alegia, abian jartzen diren hizkuntza politiketan kontuan hartu beharko da beti «zein errealitatetatik» abiatzen diren. Inguruko beste hizkuntzei ere erreparatu beharko zaie, Euskal Herrian egun presentzia duten ehundik gora hizkuntzei. «Gizarte eleaniztasun askotarikoan» landu beharrekoa da euskararen biziberritzea gaur. 

Agiria bidean aurrera egiteko akuilu izatea espero dutela esan du gaur Eskisabelek. «Sinetsita gaude adostasun sozialaren bidez euskararen biziberritzean aurrera egin daitekeela, eta egin behar dela». Euskararen pizkunde berri batera iristeko behar den «jauziaren» gaineko kontsentsua gero eta zabalagoa dela gogoratu du. Euskalgintzaren Gogoetaguneak, hainbat sindikatuk eta Eusko Jaurlaritzak berak horren inguruko proposamenak mahai gainean jarri dituzte.

«Sinetsita gaude adostasun sozialaren bidez euskararen biziberritzean aurrera egin daitekeela, eta egin behar dela»

IDURRE ESKISABEL Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia

Aitziber Blancok dokumentua idazteko prozesu osoa «zintzotasunez eta irekitasunez» egin dutela azaldu du, eta «konfiantza eta elkar zaintza»  oinarrizkoak izan direla. Taldeak hain askotarikoak izanda, «inor atzean ez uzteko» ahalegina egin behar izan dute hainbatetan, bakoitzaren «erritmoak» errespetatzekoa. «Partaideen aniztasuna erronka bat izan da, baina baita aukera eremu bat ere». Hitza hartu dute agerraldian talde eragileko hainbat partaidek: denek berretsi dute egindako bideak izan duen indarra, eta horren ondoriozko «aberastasuna».

Euskal Kontsumitzaileen Elkarteko ordezkari Leire Alberdik, esaterako, bidean ikasitakoa ez du berehalakoan ahaztuko. «Prozesu honen parte izatea, euskararen biziberritzearen parte izatea, guretzat oso aberasgarria izan da». Nafar Ateneoko ordezkari Ines Castiellak gogoetarako ireki zaizkien ateak nabarmendu ditu. «Aukera eman digu hausnarketa bat egiteko euskarak daukan lekuaz, egin diezaiokegun lekuaz...». Eskisabelek biziki eskertu die denei izan duten «konpromisoa». Eta orain ere ondoan nahi dituztela esan die. Izan ere, itunaren gaineko akordioa «zabaltzea» da orain helburua. 

«Partaideen aniztasuna erronka bat izan da, baina baita aukera eremu bat ere»

AITZIBER BLANCO Elkarrizketa prozesuaren bideratzailea

Sinatzaile guztiek euskararen normalizazio prozesuan «erantzukizun partekatua» onartu, eta «konpromisoak» hartu dituzte. Denek hartu dituzte hiru konpromiso nagusi: itunaren edukia «gizarteratzea», hizkuntza politika berri baterako jasotzen diren irizpideak «defendatzea» administrazioarekin eta bestelako eragileekin dituzten harremanetan, eta orain arte egindako bidean jarraitzea aurrerantzean ere, «elkarrizketan eta elkarlanean». Horiez gain, «konpromiso gehigarriak» ere hartu dituzte hainbat eragilek, beren jardunbideekin lotuta. 

Itunaren aurkezpenaren harira, Kontseiluak gogora ekarri du milaka euskaltzale batuko dituen ekitaldi bat prestatzen ari direla abenduaren 27rako. Bilbo Arenan izango da, eta euskaltzaleon komunitate sentimendua sendotu eta «arnasa kolektibo bat» bat izango da. «Pizkunde berri baten premia irudikatzeko momentu sinboliko bezain garrantzitsua».

(ID_15356496) (Andoni Canellada/@FOKU) 2025-09-26, Donostia. Euskararen biziberritzearen aldeko Itun Soziopolitiko berrirako eskain...
Sinatzaileen biltzarraren irudia, gaur. ANDONI CANELLADA / FOKU

Hona itunean arlo bakoitzerako ezarritako irizpide nagusiak: 

1

Eremu instituzional eta politikoa

Politika publikoak bideratzeko ardura dute instituzio eta eragile politikoek, eta, ondorioz, berebiziko erantzukizuna dute euskararen normalizazioan ere. Beraz, itunean jaso dute instituzioek «lehentasunezko politika publikoak» abiatu behar dituztela euskararen biziberritzean. Hezkuntza formalean, helduen euskalduntze-alfabetatzean, kulturaren arloan, harrera linguistikoan, erabileraren eremuan, motibazioan, estatusaren garapenean... Guztietan egin behar dituzte erakunde publikoek egun egiten dituzten baino urrats sendoagoak, eta propio itunaren bukaeran jaso duten eranskin batean zehaztu dute zein den eremu instituzionaletik egin beharreko hizkuntza politiken «oinarri garatua».

Hezkuntza formalerako, adibidez, euskalgintzak aurrez usu ozendutako mezua berritu dute itunean. «Haur eta gazte guztientzat, berdintasunean, beren eskola ibilbidean euskararen jabe egiteko markoa eta baliabideak ezarriko dira, euskarazko ikasteredua orokortzeko bidean». Eta hizkuntzaren inguruko zuztarreko gaiak ere eskaini beharko dira. «Euskararen corpusa ez ezik, euskararen historia, euskal kulturaren transmisioa eta oinarri soziolinguistikoak ere landuko dira eskolan, eta, oro har, euskaraz bizitzeko motibazioa landuko da espresuki». Hezkuntza ez-formalean ere bilatuko da «lehentasunez» euskaraz izatea. Eta helduen euskalduntze-alfabetatzean, berriz, «doakoa» izatea. 

Instituzioen ardura izango da, halaber, «harrera linguistikoa» egituratzea. Herritar heldu berriei zor zaien harrera «abegikorraren» barruan, euskara eta hartaz jabetzeko baliabideak eman behar dituzte. «Euskara ardatz duen harrera linguistikoa osatu, sistematizatu eta martxan jarri behar da». 

Politika publikoen bidez, era berean, «erabilera bermatzeko guneak» sortu, garatu eta elkar lotu behar dira. Horiek horrela, instituzioen egiteko gisara jaso dira administrazioa «arnasgune sozio-funtzionala» izateko neurriak hartzea, eremu sozioekonomikoan erabilera bermatzeko guneak sustatzeko politikak sustatzea, eta arnasgune geografikoen «garapen jasangarria» bideratzeko berariazko politikak bideratzea. Badagokie urratsak egitea, halaber, motibazioan, hiztun komunitatearen ahalduntzean, eta euskararen estatusa bultzatzeko neurrietan.

2

Eremu ekonomikoa

Jasota daude akordioan eremu ekonomiko eragileek egin beharrekoak ere. Enpresei begira propio eskea da haien «eragin gaitasuna eta itzala» baliatu behar dituztela ulertarazteko euskara «ezinbesteko» balioa dela. Eta horren arabera jokatu behar dute: «Beren enpresetan indarrean jar ditzatela normalizaziorako urrats diren euskara planak, eta osa ditzatela euskara planak sistematizatzeko programak bazkide dituzten enpresa eta enpresaburuen artean». Sindikatuek ere «agente aktibo» izan behar dute. Eta langile «zaurgarrienen» abaro izan beharko dute denek ere, sektore prekarizatuenek «babes berezia» izan dezaten euskarara iritsi eta berena egiteko. 

3

Eremu soziala

Eremu soziala ere aipatu dute, bere zabalean. Elkarte, talde eta eragile sozialak aipatu dituzte. Kontzientzia har dezaten. «Jabetu daitezela nolako eragina duten euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuan». Eta eragin dezaten: «Gizarte eragiletzan duten gidaritza balia dezatela erakundeak eta eragile politikoak euskararen aldeko politika publikoetan engaiatzera eramateko». Euskalgintzari gidaritza aitortu diote akordioan: «Aurrera begira, prozesuaren aitzindaritza rol horri eutsi beharko dio». Ezarri diote begirada zoliarekin jarduteko betebeharra. «Gainerako gizarte eremuetan gertatzen diren eraldaketa prozesuetatik ikastea eta haietan ekarpena egitea dagokio».

4

Eremu kulturala eta akademikoa

Eremu kulturalean gauzatu beharrekoak ere jaso dituzte. Horren garrantzia gogora ekarrita.«Euskarak, beste edozein hizkuntzak bezala, kultur eta ezagutza sistema propioa behar ditu, ekosistema bat, unibertso bat». Akademiaren eta kulturaren arloko eragileak hor «ezinbesteko» eragile direla gogoratu dute. Unibertsitateak «euskaratik eta euskaraz jakintza sortzeko» ahaleginetan jarri behar du indarra, eta ezagutza soziolinguistikoa «berariaz» lantzeko konpromisoa ere bere egin behar du. Kultur eragileek, halaber, euskarazko kultur sorkuntza «ardatzean» jarrita jardun behar dute, eta horretarako bide izango den legediaren bultzatzaile izan behar dute.

5

Herritarrak

Propio zerrendatu nahi izan dituzte itunean herritarrek, herritar gisara, hartu behar dituzten konpromisoak ere, ezinbestekoak baitira. «Euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua milaka eta milaka herritarren konpromisoaren ondorio da», gogoratu dute. Ideia horretan sakontze aldera, euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua «erantzukizun zibiko bat» dela jaso dute testuan. «Beraz, gizarte bizitzarekin eta komunitatearekin engaiatuta sentitzen diren herritar guztien ardurakoa». 

Kronologia

  • 2021eko ekainaren 19a. Batuz Aldatu aurkeztu zuten, hizkuntza politiketan eragiteko adostasun sozialerako prozesua, eta euskararen biziberritze prozesuan «jauzi bat» egin behar zela aldarrikatu zuten. 
  • 2022ko azaroaren 5a. Sinatzaileen lehen batzarra egin zen. «Lehentasunak eta neurriak» zehazteko izan zen, eta ituna hitzartzeko ardura izango zuen talde eragilea aurkeztu zen. 
  • 2022ko abenduaren 6a. Paul Bilbaok utzi, eta Idurre Eskisabelek hartu zuen idazkari nagusi kargua. Adostasunean sakontzeko borondatea adierazi zuen Kontseiluko lemazain berriak. 
  • 2023ko azaroa. Euskararen normalizazioaren kontra metatutako epaien kontra egiteko manifestazio jendetsua egin zen Bilbon. Oso jendetsua izan zen: 70.000 pertsona elkartu ziren. Han, amaierako hitzaldian, euskararen aldeko akordio soziopolitiko berri bat bideratzeko konpromisoa berretsi zuen Idurre Eskisabelek.
  • 2024ko azaroa. Kontseiluak eta ELEN Europako Hizkuntza Batasunerako Sareak ohartarazpena egin zuten adierazpen baten bidez: euskara eta euskal hiztun komunitatea «larrialdian» daude. 
  • 2025eko martxoa. Itun soziopolitikoa hauspotzeko eta herritarrak euskararen pizkunde berri batera gonbidatzeko ekitaldi bat egingo zuela iragarri zuen Kontseiluak. Eguna jarri zioten: abenduaren 27a.
  • 2025eko irailaren 26a. Sinatzaileen biltzarrean, itunaren aurkezpena egin dute. 

Atxikimendua emateko modua bada

113 sinatzaile ditu egun itunak, eta sostengua handitzea da orain helburuetako bat. Web helbide batera jo dezakete atxikimendua emateko asmoa duten eragileek: www.kontseilua.eus/batuzaldatu. Hor beren datuak eman ahal izango dituzte, eta atxikimendurako bidea ireki ahal izango dute. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.