Plaka batek Iñaki Kijera oroituko du Donostian, Espainiako Poliziak hura hil eta 47 urtera

Espainiako Poliziak tiroz hil zuen hemezortzi urteko gaztea, manifestazio batean parte hartzen ari zenean.

Gaur eguerdian egindako omenaldia. DONOSTIAKO UDALA
Gaur eguerdian egindako omenaldia. DONOSTIAKO UDALA
Iosu Alberdi.
2026ko azaroaren 7a
14:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaurtik aurrera, plaka batek Iñaki Kijera Zelarain oroituko du Donostiako Alde Zaharreko Kanpandegi kalean. Kijera 1979ko irailaren 1ean hil zuen Espainiako Poliziak, tiroz, manifestazio batean parte hartzen ari zenean.

Kijera, hemezortzi urteko Antiguo auzoko bizilaguna, Iparraldean ziren iheslarien aldeko mobilizazio batean parte hartzen ari zen, Salvador Mendez poliziak tiro egin zionean. Bala eskuineko saihetsetik sartu zitzaion, eta bizkarretik atera, birika bat zulatu eta zenbait saihets hautsiz. Udaletxe inguruan geratu zen larri zaurituta, baina poliziek eragotzi egin zuten hark arreta jasotzea. Auto batean eraman zuten ospitalera, baina minutu gutxira hil zen.

Mendezen kontrako epaiketa bederatzi urte geroago egin zuten. Akusazio partikularrak hogei urteko espetxe zigorra eskatu zuen harentzat, baina, fiskalari jaramon eginda, epaimahaiak urtebeteko zigorra ezarri zion, zuhurtziagabekeriazko giza hilketa egotzita. Mendezek adierazi zuen ez zekiela bala bat sartu zuenik gomazko pilotak botatzeko arman. Miguel Castells abokatuak, baina, ez zuen ontzat jo argudio hori; besteak beste, egun hartako operazioan parte hartu zuen Poliziako kapitain batek esan zuen «itsu batek ere» bereiziko lituzkeela kartutxoak.

Gaurko omenaldian parte hartu du Jon Insausti alkateak, baita udal batzarrean ordezkaritza duten alderdietako kideek eta Kijeraren familiak ere. Donostiako Udalak duela bi legealdi ekin zion indarkeria politikoaren biktimak oroitzeko plakak jartzeari, horiei «gune publikoan ikusgarritasuna emateko» asmoz. Orain arte, 39 plaka jarri dituzte; horietatik 30 ETAren biktimenak dira, hiru Komando Autonomoenak, lau polizienak eta bana DRIL eta Batallon Vasco Español taldeen biktimak.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA