PAUL BILBAO
Kontseiluko idazkari nagusia
«Gure ustez, euskararen ezagutzaren unibertsaltasunaizan beharko luke helburu»
«Guk beti esan izan dugu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan abian jarri den hizkuntza politikak termino desegokiak izan dituela. Gure ustez, ez ditu izan euskararen normalizazioak beharko lituzkeen baliabideak. Beti pentsatu izan da pertsonak euskalduntzearekin Euskal Herria euskaldunduko zela, eta, orduan, espazioak euskalduntzeari ez zaio beharrezko garrantzirik eman. Guk diagnostikoan ere beste gauza batzuk aurreikusi genituen.
»Hutsune asko geratzen dira zintzilik. Guk ezagutzaren unibertsaltasunaz hitz egiten dugu. Gure ustez, euskararen ezagutzaren unibertsaltasunak izan beharko luke helburu. Alegia, herritar guztiei bermatu beharko litzaieke euskaraz egiteko eskubide hori, eta, beraz, herritar euskaldunak beharko genituzke.
»Hizkuntza bat normalizatuko bada, ez da bakarrik normalizatuko plan baten bidez. Hizkuntza bat normalizatzeko hiru zutabe daude: araubidea, plangintza eta baliabideak. Corpus juridiko egokia izatea beharrezkoa da, eta ez zaio erreferentziarik egiten planean. Ez da kontuan hartzen egungo ordenamendu juridikoan aldaketarik egingo denik. Eta hizkuntza bat normalizatuko bada, eta, herritarrak hizkuntza horretan biziko badira, araubideari ere begirada bat eman behar zaio, eta hor ere aldaketak egin beharko dira; horren arabera, gero, plangintza zehazteko. Plangintza horiek jarraian diruz hornitu behar dira. Gure ustez, plana bere horretan jasotzea, modu bakartuan, euskararen normalizazioaren bi hanka garrantzitsuri kasurik ez egitea da».
ALBERTO BARANDIARAN
Hekimeneko zuzendaria
«Gure sektoreari begira,itun bidezko politika baten aldeko apustua falta da»
«Iruditzen zait adostasunezko plan bat egiten saiatu direla, eta, kritikak kritika, bertan jasotzen diren gauza asko denek sinatuko genituzke eta. Dena den, halako planetan asmo on guztien bilduma egiten da. Asko aipatzen dira sustatu, bermatu, zaindu eta eragin hitzak. Baina, gero, hori aurrera eraman behar da. Hori hitzarmenen, dekretuen eta neurri zehatzen bidez gauzatu behar da. Baliabide ekonomikoak jarri behar dira, eta horiek urritzen ari dira. Behar dira kontsentsu eta borondate politikoak, eta hizkuntz komunitatearen borondatea eta indarra.
»Hedabideei begira proposatzen diren neurrietako batzuk guk proposatutakoak dira: publizitatean hizkuntza irizpideak txertatzea, behatoki bat sortzea, audientzien azterketarako sistema bat egitea, gogoeta estrategiko bat egiteko beharra, hedabide publikoekin elkarlana... Baina, gure ustez, hitzarmen iraunkorraren ideia falta da, kontzertazio politikoarena. Erakundeek esaten digute euskararen normalizazioan estrategikoak garela, eta guk ere horrela garela uste dugu. 600 lanpostu baino gehiago dituen sektore bat gara.
»Beraz, ezin gara egon diru laguntzen ezusteen menpe. Luzera begira lan egiteko eta ditugun erronkei aurre egiteko, lasaitasuna eta egonkortasuna behar dugu. Hori hitzarmenen bidez lortzen da, eta ez da halakorik jasotzen planean. Beraz, hori lortu arte borrokan jarraitu beharko dugu, exijitu egin beharko dugu eta konfiantza irabazi beharko dugu. Plan honekin ez dira euskarak dituen arazoak konponduko. Abiapuntu bat baino ez da, oinarri bat».
MERTXE MUGIKA
AEK-ko koordinatzailea
«Uste dugu lortuko diren emaitzetan pentsatu ordez lanean hasteko unea dela»
«Euskara gaztelaniaren pare jartzea du xede planak, eta abiapuntua egokia dela uste dugu. Helburua beteko den jakiteko, itxaron egin beharko dugu. Ez dugu uste horretan pentsatzeko unea denik. Lanean hasteko momentua da, eta bakoitza bere esparrutik parekatzea ahalbidetzekoa. Gure kasuan, euskaltegiak bete behar ditugu. Egongo dira gaizki ulertuak, eta oztopoak. Baina olatuaren indarra aprobetxatu behar dugu, momentuaren indarra.
»Erakundeek plana garatzeko baliabideak eta bideak jarriko dituztela bermatu behar da. Aurrekontuak aurkezten dituztenean izango dugu hori ikusteko lehen aukera. Gure esparruan, aurten ikasleentzako laguntzak berreskuratu izana oso garrantzitsua da.
»Espero dugu gauzak hala jarraitzea. Ezagutza unibertsalizatzeko bideak jartzen baditu, plana ona izango da. Izan ere, ezagutzarik gabe, ezin da ezer transmititu. Guk horretan jarriko dugu indarra. Ez dago ezagutzarik gabeko transmisiorik.
»Planak gure esparrurako iragartzen dituen bederatzi neurriek horretarako bidea ematen dute. Gainera, gure sektoreari eragingo dioten neurri transbertsal asko daude. Guk hori positiboki ikusten dugu. Transbertsaltasun hori baliatu egin behar dugu, eta sareak eraikitzen jarraitu.
»Orain arte euskalduntze-alfabetatzean lortu diren emaitzak aztertzea onuragarria iruditzen zaigu. Ez diogu beldurrik. Hobetzeko gauzak egongo dira, baina emaitza objektibo batzuk badaude. Gure bermerik onena guregan konfiantza jartzen duten ikasleak dira.
»Beharrezkoa dugu baliabideak modu sistematiko eta egonkorrean ahalbidetuko dizkigun laguntza sistema bat. Gainera, pertsona helduek euskara ikasteagatik ordaindu behar dutena gutxitzera jo behar da. Horregatik esaten dugu planak baliabidez hornituta egon behar duela.
»Gaitasunak frogatzeko azterketen inguruko hausnarketari dagokionez, euskaltegiekin elkarlanean egin behar da. Azterketak erabat integratuta egon behar du ikasketa prozesuan. Azterketa bera gehiago hurbildu behar da euskaltegietara. Bideak hori izan behar du.
»Planak ausartagoa izan behar zuela diote batzuek. Nik uste dut denek izan behar dugula ausartagoak, baina eskualde eta herri bakoitzaren errealitate soziolinguistikoa ere kontuan hartuta. Ez da berdina Gipuzkoako herri bat edo Ezkerraldeko bat. Errealitateak hori erakusten du, nahiz eta zuk helburu altuak jarri. Garrantzitsuena aurrerapausoak ematen jarraitzea da. Jendea euskarara erakarri behar dugu, balioa eta erabilgarritasuna duela erakutsibehar dugu. Eta, noski, dakigunok erabili egin behar dugu».
ROBER GUTIERREZ
Bai Euskarari Ziurtagiriko zuzendaria
«Plana ikusita, badirudi erabileran dagoela soilik euskararen etorkizuna»
«Plan bat egotea ondo baloratu beharreko kontua da. Helburuak, ekintzak eta abar ondo zehaztuta dauzkan plan bat izatea beti onuragarria da, baina plan hau aurrekoa ondo ebaluatu gabe sortu da, beraz, proposatzen diren hainbat ekintza aurrekoaren jarraipena dira, gehiegi sakondu gabekoak. Alor sozioekonomikoari dagokionez, iruditzen zait plan bat abiatu aurretik beharrezkoa dela egoera zein den zehazki ezagutzea. Horrekin lotuta, ebaluazio bat egin ez bada oso zaila izaten da helburu zehatzak jartzea.
»Plan honen helburu nagusia euskararen erabilera indartzea da. Erabilerari indar handia eman behar zaiola dirudi, eta beste gauza batzuk bigarren mailan geratzen direla. Ematen du erabileran bakarrik dagoela euskararen etorkizuna. Eta normalizazio prozesuan bi ardatz egon beharko lirateke: norbanakoak euskalduntzea eta espazioak euskalduntzea. Biak dira beharrezkoak.
»Duela gutxi, ekainean, lan mundua euskalduntzeko konferentzia bat egin zen Arrasaten (Gipuzkoa), eta hor ardatz batzuk planteatu ziren. Iruditzen zait han azaldu zituzten ardatz batzuk kontuan hartu behar lituzketela, planaren emaitzak eraginkorragoak izateko».
MAREN BELASTEGI
Uemako lehendakaria
«Arnasguneak aipatzea ondo dago, baina iruditzen zaigu planari ausardia falta zaiola»
«Uemak beti sustatu du arnasguneen ideia. Euskararentzat ezinbestekoak dira gune horiek. Planean kontzeptu hori jasotzea garrantzitsua iruditzen zaigu. Aurrerapauso bat da. Baina ez dira horiek lortzeko eta garatzeko neurriak eta baliabideak proposatzen. Alde horretatik, plana ez zaigu egokia iruditzen.
»Elebitasun orekatua eta normalizazio soziala ditu helburu. Orain arte elebitasun orekatu hori lortzea izan da helburu, eta ikusi dugu zer gertatu den: gaztelaniak eta frantsesak euskara jan dute. Euskara sustatzeko, hari lehentasuna emango dioten politikak behar dira.
»Alde horretatik, proposatzen diren neurriak ez ditugu egoki ikusten, Uemako herrientzat ez dira baliagarriak. Ez da herri horien errealitatea kontuan hartzen, lan asko baitago eginda dagoeneko. Horrenbestez, herri bakoitzaren errealitatea hartu behar da kontuan politikak sustatzeko garaian, beti ere euskarari lehentasuna emanez.
»Ausardia falta zaio. Ezagutza maila altua aprobetxatu behar zen, erabileran urrats nabarmenak egiteko. Baina ez da egin. Ez dira behar bezalako neurriak hartu. Guk beste plan bat egingo genuke».
ALBERTO UGARRIZA
LABeko Euskara Idazkaritzako kidea
«Neurriak beste modu batera daude idatzita, baina betiko errezetetatik abiatzen dira»
«Hasteko, salatu nahi dugu ez dutela gure parte hartzea kontuan hartu plan hau egiteko garaian. Ez digute aurkeztu ere egin. Beste bide batzuetatik izan dugu horren berri. Hainbat esparrutan langileei eragiten diela kontuan hartuta, harrigarria da sindikatuen parte hartzea kontuan hartu ez izana.
»Elebitasun orekatua lortzea mito bat da, eurek ere badakite ezinezkoa dela. Maila pertsonalean izan daiteke, baina ez modu orokorrean. Bestalde, normalizazio soziala bermatzea ezinezkoa da. Euskarari egiten zaion erasoa ikustea besterik ez dago: Wert legea, hainbat udalek kontratazio irizpideetan euskarari lehentasuna emateko abiatutako egitasmoen aurkako estatuaren abokatuarenneurriak... Normalizazioa lortzeko edozein ahalegin ikustean, beti dator Madrilen erantzuna. Halako erasoen aurka planak ez du babesik ematen. Menpeko hizkuntza den bitartean, euskarak ezingo du aurrera egin. Planak ez du egoera hori gainditzeko balio.
»Proposatzen diren neurriakbeste modu batera daude idatzita, baina errezeta eta eredu zaharretatik abiatzen dira. Eredu horietan daude tematuta. Lan mundua eta administrazioa euskalduntzeko proposatzen diren neurrietan, adibidez, langilea jartzen dute erdigunean. Baina ez dira jabetzen egoera anormalean dagoena euskara dela. Langile askok ahalegin handia egin dute euskara ikasteko, baina lanean hastean ezin izan dute erabili. Izan ere, sistema bera da euskaldunduta ez dagoena.Horri aurre egiteko ez dute neurririk aplikatzen. Hezkuntza alorrean ere ez da neurririk proposatzen egungo ereduen sistema gainditzeko, eta argi dago sistema horrek ez duela balio izan ikasleak euskalduntzeko. Zergatik? Euskara menpekoa den egoera batetik sortu zirelako ereduak.Borondatearen esku uzten da euskararen normalizazioa.
»Ordua da herri moduan pentsatzeko eta normalizazioaren aurkako erasoei aurre egiteko. Ez da ausardia kontua. Izan ere, badakigu normalizazio prozesuak konplexuak eta mantsoak direla. Baina aukera paregabea galdu da horretan urrats azkarragoak eta nabarmenagoak egiteko.
»Ez dakit Eusko Jaurlaritzak norekin kontatu nahi duen normalizazio hori lortzeko bidean. Badirudi, EH Bildurekin ezetz. Sindikatuekin, orain arte, ere ez. Baina erabaki serioak hartzeko eskatzen diogu, eta bidelagun egokiak aukeratzeko».
IKER MARTINEZ DE LAGOS
Topaguneko kidea
«Ona litzateke erakundeon artean partekatzekogune gehiago izatea»
«Oso momentu garrantzitsuan egin zuten plana, eta berretsi ere hala egin dute. Oso une berezia da euskalgintza osoan. Azken 40-50 urteetako ibilbidea hartuta, ziklo baten itxieran edo aldaketa batean murgilduta gaudela dirudi. Urteetan euskararen inguruko datuak gorantz joan dira, eta bihurgune bat iritsi da. Iruditzen zaigu gogoeta konpartituak eta plan berriak egiteko unea dela. Gogoeta horiek erakundeetan eta euskalgintzan egiten ari direla dirudi. Ona litzateke euskara munduan lanean gabiltzan erakundeen artean partekatzeko gune gehiago izatea. Edukiak nahiko bat datoz Euskararen Aholku Batzordearen barruan egindako Euskara 21en ildoarekin. Plan hau horren jarraipena da.
»Iruditzen zaigu herritarren atxikimenduan eta gizartearen aktibazioan indar berezia jartzen ari direla, eta oso elementu garrantzitsua da aurrera begira. Azken 40 urteetan asko ikasi dugu euskalgintzan. Duela urte batzuk fede handia jarri zen euskara ikastean, eta gizartearen parte handi batek pentsatzen zuen euskararen irakaskuntza zabalduta eta orokortuta berez etorriko litzatekeela euskararen normalizazioa, eta ikusi dugu ezetz. Gero erabileran jarri genuen helburua, baina, era berean, ikusi dugu erabilerak bakarrik ez duela normalizazioa ekartzen».