Gure Esku dinamikak «plazak berreskuratzeko» deia egin die, gaurko, Nafarroako hainbat herritako biztanleei. Eta, horri erantzunez, aldarriak kartoi pusketatan idatzi, eta plazetan zintzilikatu dituzte, besteak beste, Arbizun, Bakaikun, Etxarri-Aranatzen, Lakuntzan, Oteitzan, Beran, Lizarran eta Goizuetan.
Hamaika Gara egitasmoaren harira, autodeterminazio erreferenduma egiteko sinadura bilketa handia prestatzen ari dira udazkenerako. Ekaineko lehenengo asteburuan, Euskal Herriko beste 50 herritan egin zuten plazak berreskuratzeko ekintza. Lehen saioa Bilbon eta Lezon egin zuten. Hurrengo egunean, jendetsuenetako bat Donostiakoa izan zen. Bulebarrean elkartu diren herritarrek aldarriak utzi zituzten lurrean: «Euskal errepublika duina», «Espetxeak hustu», «Gure erabakia», «Osasuna ezin da negozio bat izan», besteak beste.
COVID-19aren izurriak are nabarmenago egin du burujabetzaren beharra, Gure Esku-ren arabera, eta osasungintza publikoa zein beste alor guztietan hemen erabaki ahal izateko eskubidea funtsezkoa dela erakutsi du.