Plazara Dantzara taldeak jaso du Hondarribia Berdintasun Hiria saria

Baztango dantza taldea saritu du Jaizkibel konpainia parekideak, dantzetan emakumeen parte hartzea sustatzeko egin duen lanagatik.

Plazara Dantzara kolektiboko kideak, gaur, Hondarribia Berdintasun Hiria saria jaso berritan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Plazara Dantzara kolektiboko kideak, gaur, Hondarribia Berdintasun Hiria saria jaso berritan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
2026ko ekainaren 5a
20:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jaizkibel konpainia parekideak Plazara Dantzara kolektiboari eman dio aurtengo Hondarribia Berdintasun Hiria saria (Gipuzkoa), Itxas Etxean eginiko ekitaldian. Baztango (Nafarroa) taldea da Plazara Dantzara, eta, sariketaren arduradunek nabarmendu dutenez, aurtengo saria eman diote dantza herrikoietan «emakumeen parte hartzea bermatzeko eginiko borroka» aitortzeko. Maite Asensio Lozano BERRIAko kazetariak jarri die zapia saridunei. Sari banaketaren ostean, Esanezin abeslariak emanaldia egin du.

«Bidasoak lotzen ditu Baztan eta Hondarribia, eta, azken urteetan, jaietan emakumeen parte hartzearen aldeko aldarrikapenak ere lotzen gaitu: hemen alardean, eta han mutil dantzetan», adierazi zuen Jaizkibelek, aurtengo irabazlea nor izanen zen iragarri zuenean.

Aurten 30 urte beteko dira Irungo eta Hondarribiko alardeen gatazka piztu zenetik, eta emakumeek oraindik ezin dute normaltasunez desfilatu: Irunen bi alarde egiten dituzte ekainaren 30ean, haietako batek ez dituelako andrazkoak soldadu gisa onartzen, eta Hondarribian alardetik aparte desfilatzen du Jaizkibel konpainia mistoak.

Hain justu, Jaizkibelek antolatzen du urtero Hondarribia Berdintasun Hiria saria, eta antzeko borroka bati begiratu dio aurtengoan: «Baztango mutil dantzetan emakumeen dantzatzeko nahia eztabaida iturria izan da. Ez da bidea erraza izan, botere eta genero harremanek ere berdin-berdin funtzionatzen dute Baztanen eta Hondarribian. Baina, ibilbide gatazkatsua izan arren, emakumeak lortzen ari dira jaietan plazan dantzan aritzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE