Plentziako institutuko irakasle baten aurkako jazarpena ikertzen ari da Adingabeen Fiskaltza

Irakasleak gertakariak salatu ditu Ertzaintzan, eta Adingabeen Fiskaltzak bere gain hartu du kasua, tartean 12 edo 13 urte inguruko adingabeak egon daitezkeelako.

Zenbait adingabe. BERRIA
Zenbait adingabe. BERRIA
14789412 kepa
Plentzia
2025eko azaroaren 17a
11:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Plentziako Uribe Kosta BHI institutuko irakasle batek hainbat ikasleren kontrako salaketa aurkeztu du Ertzaintzan, urriaren 31ko gauean Gorlizko bere etxe aurrean elkartu eta jazarri zietelakoan. Salaketaren arabera, duela zortzi urte hasi ziren erasoak. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu duenez, Adingabeen Fiskaltza ikertzen ari da zer gertatu den, 12 edo 13 urteko adingabeak egon daitezkeelako erasotzaileen artean. Irakasleak baja hartu du, haren lankideek jakinarazi dutenez: «Lur jota dago».

Institutuko eskola kontseiluak bertan behera utzi ditu txangoak eta ikasketa bidaia, eta ikasleek elkarretaratzea antolatu dute neurri horren kontra: 11:00etan ziren egitekoak. Nolanahi ere, zuzendaritzak debekatu egin du kontzentrazioa, «hura antolatzeko bide egokiari jarraitu ez diotelako». Institutuko buruen azalpenak entzun ostean, batzarra egin dute ikasgeletako ordezkariek. Amaitutakoan, adierazpen bat irakurri dute: ikasle «gehienen» babesa adierazi diote erasoak salatu dituen irakasleari. Hala ere, zuzendaritzarekin batzartzea eskatu dute, ikasketa bidaia bertan behera utzi izanari buruz hitz egiteko.

Gure komunitatean bizikidetza zibikoago baten alde izeneko adierazpena plazaratu zuen Plentziako Uribe Kosta BHI institutuko eskola kontseiluak joan den astean. Zehaztu zuenez, urriaren 31ko gauean, Halloween, Arimen Gaua edo Gau Beltzaren ospakizunekin bat eginez, irakasleak «erasoak eta jazarpena jasan zituen» Gorlizko bere etxean, «50 bat neraberen eskutik». Gehienak institutuko DBHko lehen, bigarren eta hirugarren mailako ikasleak zirela ageri da salaketan. Institutuko eskola kontseiluak jakinarazi du Gorlizko ikastetxeko Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasleek ere parte hartu zutela «eraso eta jazarpen» horietan.

Dirudienez, 21:00 aldera hasi ziren irakaslearen etxebizitzaren ingurua «okupatzen», eta gauerdira arte egon ziren: «Batzuek aurpegia estali gabe zeramaten, eta beste batzuek maskarak-eta erabili zituzten». Gaineratu zutenez, hezkuntza zentroko irakasle batek nerabe taldekoengana jo eta gelditzeko eskatu zien, baina ez zuen lortu.

Erasoak

Halaber, eskola kontseiluak nabarmendu zuen ez dela lehen urtea irakasleak erasoak jasaten dituena egun horretan: «Zortzigarren urtea da jarraian». Hori dela eta, «bullying delitu bat» egon daitekeela uste dute.

Joan den ikasturtean, nerabe talde handi bat hurbildu zen, mozorrotuta eta maskarak jantzita, irakaslearen etxera. Han zirela, arrautzak eta limoiak jaurti zituzten etxeko fatxadara, petardoak botatzeaz gain. Horrek eragina izan zuen ondoko etxeetako fatxadetan. Haietako batean, desgaitasuna duen pertsona bat bizi da familiarekin, eskola kontseiluak azpimarratu duenez. Familia horri ere behin baino gehiagotan egin omen diete eraso.

Hain zuzen, lankideen arabera, familia hori defendatzeari ekin zionean hasi zitzaizkion irakasleari jazarpen mota hori egiten.

Gertatutakoa ikertzean, hezkuntza zentroak jakin zuen Gorlizko eta Plentziako nerabeak zirela erasoen erantzuleak. Gertakarietan inplikatutako ikasleak elkarrizketatu ondoren, ezohiko 23 prozedura ireki zituen institutuak, bizikidetzaren aurkako ekintzengatik.

Aurten, ordea, handitu egin da «jazarle taldearekin bat egin dutenen kopurua, haietako asko lagun egiteko masa isil gisa». Eskola kontseiluak azaldu zuenez, «taldekideak ez dira beti berak, nahiz eta institutuko DBHko ikasleak diren guztiak».

Plentziako Uribe Kosta BHI institutuko arduradunek ez dute adierazpen gehiagorik egin nahi izan, eta argibide bila Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailera jotzeko eskatu dute. Azkenik, Plentziako Udalak ez du auziaz hitz egin nahi izan.

Hezkuntza Saila: «Lehentasuna da irakaslea babestea»

Lucia Torrealdai Hezkuntza Politiketarako sailburuordeak agerraldia egin du gaur komunikabideen aurrean. Azaldu duenez, Hezkuntza Sailak «kasuaren berri izan den unean» aktibatu du ikastetxe publikoetako langileen aurkako erasoen kasuan aplikatu beharreko protokoloa.

Sailaren lehentasuna «kaltetutako irakasleari laguntzea eta bera babestea» dela berretsi du Torrealdaik, «beharrezko laguntza juridikoa, psikologikoa eta administratiboa duela ziurtatuz». Era berean, Lan Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuaren esku hartzea aktibatu dutela jakinarazi du: «Hezkuntza Sailak irakasleen edo hezkuntza komunitateko edozein kideren aurkako jazarpen edo eraso mota ororen aurrean bere arbuiorik handiena berretsi nahi du, eta errespetuarekin, bizikidetzarekin eta balioetan oinarritutako hezkuntzarekin duen konpromisoa berretsi du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.