Pobrezia larria paira dezaketen umeen kopurua %77 hazi da krisi hasieratik

Hezkuntzako eta osasuneko murrizketek epe erdira arazoak eragin ditzakete, EAEko Arartekoak dioenez

Julia Hernandez Arartekoaren albokoa eta Iñigo Lamarca arartekoa ikerketaren aurkezpenean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2013ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Krisiak ez dituela pertsonak desberdin tratatzen esan ohi da, baina Euskal Autonomia Erkidegoko Arartekoak egin berri duen ikerketa baten emaitzen arabera, hori ez da egia borobila. Pobrezia arriskuaren tasa altuagoa da 14 urtetik beherako kideak dituzten familietan bizi diren herritarrentzat; beraz, adingabeei bereziki eragiten die. 2008tik %77 hazi da pobrezia larria pairatzeko arriskuan dauden 15 urtez azpiko umeen kopurua. 2012an, umeen %6,2 bizi ziren egoera horretan; ordea, txikiagoa zen pobre bizi ziren biztanleen portzentajea: %3,5.

Pobrezia erlatiboa aztertuta, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batez besteko soldataren %60 baino gutxiago kobratzen duten familietan bizi diren umeei dagokienez, apur bat jaitsi da 2008ko datuekin alderatuta. Umeen %16,1 bizi dira egoera horretan, eta 2008an %17,2 ziren.

Dena den, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 35.000 haur baino gehiago oinarrizko beharrak ez asetzeko arriskuan diren etxebizitzetan bizi dira. Hau da, hamar umetik bat, gutxienez. Halaber, Arartekoak kalkulatu du hamar umetatik batek, oinarrizko premiak asetzeko diru sarrera nahikorik ez izateaz gain, egoera konpentsatzeko bestelako ondasunik ez duen familia batean bizi dela.

Krisiak haurrak dituzten familiengan izan duen eragin gehigarria herrialde guztietan ohikoa dela azaldu du Lamarcak; Elena Iartza Haur eta Nerabeentzako Bulegoko zuzendariak azaldu du horren zergatia. «Diru sarrera berberak pertsona gehiagoren artean banatu behar dira, eta kide bakoitzaren beharrei aurre egin». Ordea, kasu horietan pobrezia pairatzeko arriskuaz hitz egin behar dela nabarmendu du, kasu bakoitza aztertu arte ezin delako jakin zertarako jartzen duten dirua.

Iartzak jakinarazi du krisiak bereziki eragin duela ezaugarri jakin batzuk dituzten familietan. Lehenik eta behin, guraso bakarreko familiak nabarmendu ditu Iartzak; Lamarcak gaineratu du mota horretako familia gehienetan gurasoa emakumezkoa dela. «Krisiak gogorrago jo ditu emakumezkoak, eta, horrenbestez, ama baino ez duten familien egoera zailagoa da», azaldu du Lamarcak. Guraso bakarreko bost familietatik bat mantentze-pobrezia errealeko egoeran dago. 2008an, aipatu familia eredua zutenen %13,2 zeuden egoera horretan.

Epe ertainera begirako kezka

35 urtetik beherako pertsonak dira krisiak gogor jo duen beste sektore bat, eta hori Arartekoaren ikerketaren datuetan islatzen da. 35 urtetik beherako familia burua duten sendien %18 mantentze-pobrezia errealeko egoeran dago; 2008ko datuen bikoitza da. Halaber, atzerrian jaiotako pertsona bat buru duten hiru familiatik bat egoera horretan dago —lau urtean aldaketa gutxien izan duen familia eredua da—.

Iartzak arreta berezia jarri du kualifikazio baxua duen burua duten familien egoeran. Horien %15,8 pobrezia pairatzen dute; hezkuntza alorrean egin dituzten murrizketekin lotu du datu hori. Murrizketa horiek etorkizunera begira, «epe ertainean», eragina izateko arriskua eragiten dezaketela ohartarazi du. Hezkuntza eta osasunari buruzko datuak gaurkotuta ez dauden arren —2009. urteko datuak erabili dituzte ikerketan—, azken urteetan arlo horietarako diru sailak ez dituztela handitu gaineratu du, eta horren eragina kontuan hartzeko eskatu, umeen ongizatean eragiten dutelako.

Azkenik, Lamarcak azaldu du krisiaren eraginari aurre egiteko balioa badutela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gizartesegurtasunerako baliabideek. Dena den, oraindik pobrezia jasateko arriskuan dauden adingabeak badaudenez, lanean jarraitzeko eskatu die. «Krisiaren ondorioak areagotzen diren neurrian, politika publikoak areagotu behar dira ondorio horiei aurre egiteko». Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzarekin hitz egin duela jakinarazi du, baita azaldu ere egindako iradokizunak aztertzeko asmoa agertu duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.