Pobrezia mailak goia jo zuen UPNren azken bi agintaldietan

2008 eta 2014 artean, %8,4tik %10,1era handitu zen muturreko pobrezia pairatzen zutenen kopurua. Emakumeak, atzerritarrak eta gazteak dira kalte handiena jasan dutenak

Ion Orzaiz.
Iruñea
2017ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Hamar lagunetik bat. Horixe zen muturreko pobrezian zeudenen kopurua, UPNk Nafarroako Gobernua utzi zuenean. Guztira, 62.000 pertsona —lurraldeko populazioaren %10,1—, krisialdi ekonomikoa hasi zenean baino 10.000 gehiago.

Ez da datu soltea, edo unean uneko neurketen oker puntuala: 2008. eta 2014. urteetako datuak alderatu ditu ESB Nafarroako Errealitate Sozialaren Behatokiak, eta adierazle guztiak bat datoz. Pobrezia arriskua, adibidez, sei puntu handitu zen denbora tarte horretan, %21,1etik %27,4ra; eta gainontzeko parametro guztiak ere neurri berean okertu ziren 2008tik aurrera: adingabeei eragiten dien pobrezia, generoaren araberakoa, etorkinek pairatzen dutena... Nafarroa pobretu egin zen urte horien buruan.

Tendencias izeneko txostenaren barruan argitaratu ditu datuok Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideen Departamentuak. ESBko zuzendari Antidio Martinez Lizarrondok azaldu duenez, metodologia berria aplikatu dute aurten, herrialdeko pobrezia maila neurtzeko: «finkatutako esparruena», alegia. «Pobrezia maila neurtu dugu, urte jakin bat erreferentzia gisa hartuta, eta horrek aukera eman digu errentaren kopuruan nahiz banaketan gertatzen diren aldaketen ondorioak eta inflazioaren eragina ere aztertzeko».

Zehazki, 2014ko datuak 2008koekin alderatu dituzte txosten berri honetan: «Alde batetik, 2014koak direlako Nafarroako Estatistika Institutuak argitaratu dituen azkenak; eta, bestetik, 2008 izan zelako krisi ekonomikoak eztanda egin zuen urtea». Horri esker, pobreziaren argazki «osoagoa» egin ahal izan dutela nabarmendu du Martinez Lizarrondok. «Orain arte erabiltzen genituen analisi erlatiboek ez dute behar bezala islatzen ziklo ekonomikoen eboluzioa; adibidez, txosten hau metodologia zaharrarekin ondu izan bagenu, 2008 eta 2014 urteen artean pobrezia mailak behera egin zuela ondorioztatuko genukeen, eta errealitatea oso bestelakoa da».

Neurketa berriak agerian utzi du, besteak beste, emakumeak, migratzaileak eta gazteak direla krisi ekonomikoa gehien pairatu dutenak. «Pobreziaren feminizazio nabaria gertatu da adin tarte guztietan, baina batez ere 65 urtetik gorakoen kasuan. Eta atzerritarren egoera ere oso larria da: Nafarroara etorritakoen %70 pobreak baitziren 2014an», azaldu du ESBko zuzendariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.