Enplegu politika aktiboak eskualdatzeko EAJk eta PSOEk lortutako akordioaz ez dira fio PPkoak. Ez dituzte ezagutzen akordioaren xehetasunak, eta susmoa dute ez dela onuragarria izango euskal herritarrentzat. Hargatik,akordioaren edukia argi eta garbi azal dezala eskatu dio PPk Patxi Lopez lehendakariari. Itun horrek Gizarte Segurantzaren kutxa bakarra hautsi dezakeela uste du PPk, eta, abisua eman dio Jaularitzari: politika aktiboen eskumenaren dekretua ez sinatzeko eskatuko dio lehendakariari, baldin eta kutxa bakarra apurtzen badu. PPren zuzendaritza itunari helegitea jartzeko aukera aztertzen ari ote den ez du argitu Antonio Danborenea Bizkaiko PPko buruak, baina esan du edukia ezagutu behar dela halako neurriak hartzeko.
Itunaren «letra txikia» ezagutu nahi du, eta Legebiltzarrean azalpenak emateko eskatu dio PPk lehendakariari. Hori bai, Gizarte Segurantzaren kutxa hautsiz gero, PPk ez duela eskumena onartuko ohartarazi du. Haren hitzetan, EAEko pentsiodunak Espainiako solidaritateari esker bizi dira, eta kontu handiz ibili behar da.
Eskumenaren negoziazioetan lehendakariak lidergorik ez duela izan kritikatu dute popularrek, akordioa EAJren eta PSOEren artean itundu delako. Eusko Jaurlaritzarekin «leialtasunik ez izatea»egotzi dio Antonio Basagoiti EAEko PPko buruak Espainiako gobernuburuari. Haren ustez, eskumenaren negoziazioarekin Zapaterok «hutsaren pare» utzi du lehendakaria, «akordioaren funtsaz enteratu ere ez delako egin». Edozelan ere, Basagoitik argitu du EAEko popularrek «leial» jokatuko dutela Lopezekin, eta ez dutela hautsiko PSErekin duten akordioa, baldin eta eskumenak Estatutua errespetatzen badu.
Gogorrago jo du Arantza Quiroga Legebiltzarreko presidenteak. Zapaterok PSEren eta PPren ituna «arriskuan» jarri duela kritikatu du. Bere ustez, Zapaterori «ez dio axola» itun hori apurtzeak, botereari eusten badio.
Bestalde, enplegu politika aktiboen akordioa EAEra ez ezik, gainerako erkidegoetara ere zabaltzearen alde agertu da Miguel Sanz Nafarroako gobernuburua. Izan ere, Sanzek ohartarazi du kontratazioa sustatzeko enpresei egiten zaizkien kotizazioen hobariak erkidego guztiei eman behar zaizkiela, erkidego batzuekin «bidegabe» jokatu nahi ez bada.
Euskal gizartea garaile
Gemma Zabaleta Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietarako sailburuaren iritziz, ordea, Zapaterok «leial» jokatu du Lopezekin, eta «partidua» ez du EAJk irabazi, euskal gizarteak baizik. PPk transferentziaren aurka egin dezakeela iragarri arren, Zabaletak esan du legearen arabera egingo dela eskualdaketa. Hala, sailburuak uste du PP «pozik» egon beharko litzatekeela.
Ildo beretik, Eduardo Madina PSOEko diputatuak esan du PPkoek ez lioketela trabarik jarri behar Estatutuaren garapenari. Enplegu politikak eskuratu badira, gainera, lehendakariak nahi izan duelako izan da, bere esanetan.
Politika aktiboen aurka joko du PPk, itunak kutxa bakarra apurtzen badu
Kutxa bakarra apurtuko balu politika aktiboen eskumena ez sinatzeko eskatuko dio PPk Patxi Lopezi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu