Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak deituta, goranzko joeran diren «politika belizistak eta berrarmatzaileak» salatu dituzte dozenaka lagunek Gorlizko hondartzan (Bizkaia). Guztiontzako giza eskubideak nonahi lelopean, aurtengo Marea Horira bertaratutakoek kezkaz erreparatu diote eskuin muturraren gorakadari eta, batez ere, hark migrazio politiketan duen eraginari.
Gorlizko hondartzatik Arkoteko arrapalarako bidea egin dute, eta han omenaldi bat egin diete Europarako bidean hildako errefuxiatuei. Bertan, migrazio politiken esparruan eskuin muturrak duen diskurtsoari erreparatu dio OEEk, esanez haren oinarriak «xenofobia, gorrotoa, gatazkak eta indarkeria soziala» sortzea direla. Halere, uste dute zabaltzen ari direla, besteak beste Europako alderdi kontserbadore eta liberalak ere kontakizun hori bereganatzen ari direlako.
Zehazki, EBko Migrazio eta Asilo Itunari erreparatu diote, haren xedea disuasio politiketan sakontzea delakoan. Izan ere, plataformaren ustez, asilo eskubidean atzera egitea dakar itun horrek, jatorrizko herrialdeetako baldintzak hobetzeko eta migrazio ordenatu bat sustatzeko politikak indartu beharrean migratzeko eskubidea «kriminalizatzen» duelako.
Begirada are gehiago zabalduta, OEEk salatu du giza eskubideen urraketak «sistematikoak» direla, eta haien aurrean «zigorgabetasuna» dela nagusi, NBEren Eskubideen Gutuna urratzea «normalizatzeraino». Gazako genozidioa jarri dute adibide gisa, eta hura zuzenean lotu dute Mendebaldean nagusitzen ari diren politika belizistekin.
Plataformak argudiatu du nazioartearen «axolagabekeriak edota konplizitateak» ematen diola bide Gazan gertatzen ari denari. Era berean, salatu dute eskuin muturraren gorakadak eta hark AEBetako eta Europako zenbait gobernutan duen eraginak testuinguru aldaketa bat eragin duela: «Politika belizista horiek aldaketa sakonagoen adierazle dira, eta horren sintoma da Bigarren Mundu Gerraren amaieratik ezarritako adostasunak hausten ari direla».
Errolda
Argirik ere bada jokaleku ilun horretan. Duela urtebete inguru, hainbat gizarte eragilek kanpaina bat hasi zuten Euskal Herrian bizi diren eta erroldatzeko baldintzak betetzen dituzten lagunen errolda bermatzeko helburuz. Bitarte horretan, zenbait erakunderekin elkartu dira, tartean Eudel Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Udalen Elkartea.
Erakunde hark ekainean onartu zuen egoera berezietan erroldatzeko irizpide komunak onartzea, udalei erroldatze prozesu horiek errazteko. Halere, gogoratu dute onartutakoa gomendio sorta bat dela. Hala, bigarren faseari ekingo diote orain, udalei eskatzeko horiek praktikan jar ditzatela.