Politikari ohiak (IV). Geroa Bai

Koldo Martinez: «Politika, etikarik gabe, ustelkerian amiltzen da, eta etika, politikarik gabe, teoria hutsa da»

36ko gerran fusilatutako aitonak idatziriko eskutitz bat irakurri zuen haurra zela. «Sekulako inpresioa eragin zidan». Bere ibilbide luzean hainbat alderditan ibilia da: Hasi, Euskadiko Ezkerra, NaBai, Geroa Bai. «Politikan egotea oso gogorra da».

Koldo Martinez Geroa Baiko Iruñeko zinegotzi, parlamentari eta senatari ohia. IÑIGO URIZ / FOKU
Koldo Martinez. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
Iruñea
2026ko abuztuaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri serie honetako artikulu guztiak

«Ongi nago». Duela bi urte, minbiziaren ondorioz Iruñeko Udala utzi behar izan zuen, eta, gazte-gaztetatik politikari oso lotua egon ostean, lehen lerroari agur esan behar izan zion Koldo Martinezek (Eskoriatza, Gipuzkoa, 1953). Horrek ez du esan nahi geldirik geratu denik. Mediku zela bioetikaren gaia sakon aztertu zuen, eta, orain, ikuspegi etiko batetik «sendatzen duen egia» aztertu nahi du: Aristotelesen garaitik gaur egungo pentsalarietaraino, kristautasunean errotutako barkamenaren kontzeptuaz hausnartu nahi du. Pasioz mintzo da gaiaz.

Nola ikusten duzu Nafarroako politika? Espainiara lotuta?

Bai, gehiegi. Alde batetik, PSN-PSOEko lehendakari bat daukagu, eta eskuina berdintsua da estatu osoan. Beste alde batetik, min handia ematen dit, baina Bildu alderdi sozialistaren politikara lotuta ikusten dut. Behin Senatuan esan nuen: EH Bildu, zein hintzen eta nola hago. Sekulako sumisioa ikusi dut Bildurengan. Egia da botoak irabazten ari direla eta asko egin dutela aurrera, baina ez dut sumisio hori ulertzen, eta ezin dut onartu. Nolabait, alderdi sozialistak EH Bildu zuritu du, eta, aldi berean, EH Bildu alderdi sozialista ere zuritu du.

Urtebete falta da hauteskundeetarako. Nola ikusten duzu?

Ikusten dut zoritxarrez gizartea polarizatuta dagoela, inoiz baino espainolagoa dela. Inoiz baino euskal kutsu gutxiago duela.

Zergatik?

Nafar eskuina foruzalea eta euskaltzalea izan da historian zehar. Oraintxe bertan ez du baskismo zipitzik, eta foruzalea izan daiteke, baina forua modu jakin batean ulertzen du: hamar mandamentuak balira bezala, ukiezinak. Gure aldetik, ez gara gai izan munduak planteatu dizkigun arazoei erantzuteko: globalizazioa, etorkinak... Geure baitara begira gehiegi egon gara, ikuspegia ireki gabe. Gazteak ez dira gu bezalakoak. Ez zuten diktadura hori ezagutu, ez zituzten ETAren krimenak ezagutu, eta guk, ordea, muin-muinean bizi izan dugu hori. Ez gara gai izan haiei hori azaltzeko. Hori da demokraziak toki askotan duen arazoa: belaunaldi gazteei erakustea demokrazia ez dela berez datorren zerbait, baizik eta egunero defendatu, sortu, mantendu eta sakondu behar dena.

Zer da politika zuretzat? Zer erlazio dago etikaren eta politikaren artean?

Beti esan dut: politika, etikarik gabe, ustekerian amiltzen da, eta etika, politikarik gabe, mundu teoriko-filosofiko hutsa da. Politika inoiz amaitzen ez den ariketa bat da, zeina denon artean egin behar dugun eta helburu bakar bat izan behar lukeen: jendearen ongizatea.

Hala ere, gaizki ikusia dago politika. 

Politikan sartzea oso zaila da, eta politikan egotea ere oso gogorra da. Ni politikan sartu nintzenean, alderdi guztiak debekatuta zeuden. Nik mediku postua atera nuenean, epaimahaiko kide batek zera galdetu zuen: «Hau ez al da Euskadiko Ezkerrakoa?». Eta beste batek erantzun zion: «Bai, baina ez da arriskutsuetarikoa». Garai hartan politikan hastean arrisku bizian sartzen zinen, eta orain, demokrazia garai honetan, politikan hastean zure bizitza pribatua publikoarekin nahasten da. Hau da, bizitza pribatua garden bilakatzen da: jendeak badaki zenbat irabazten duzun, etxe bat edo bost dituzun, zein den zure bikotekidea, zer esan duzun gai horri eta besteari buruz... Dirudienez, edonork du eskubidea zuri hori aurpegiratzeko.

«Beti izan dut politikarako grina», esan duzu beste elkarrizketa batean. Noiztik, zehazki?

Hemezortzi urte nituenetik. Nire aitonaren eraginez.

Zer gertatu zitzaion aitonari?

Oso erlijiosoa zen. Norbaitek salatu egin zuen, Arrasaten. 10 urte zituela, gure amak ikusi zuen nola guardia zibilak joan ziren haren bila. Union Cerrajeran egiten zuen lan, eta esan zieten bulegoan egongo zela. Ja ez zuten gehiago ikusi. Dirudienez, aitona ez zen oso politika zalea, baina gure amama estatutuaren aldeko botoen bila ibili omen zen Arrasaten, hala herrian nola auzoetan. Hil baino lehen eskutitz bat idatzi zuen aitonak, eta gure familiaren eskuetara iritsi zen. Banekien nonbait zegoela, eta, 10 urterekin, inori esan gabe, irakurri egin nuen. Sekulako inpresioa egin zidan. Nolabait, aitonaren humanismo etiko horrek bideratu egin ninduen. Euskaltzaletasuna, abertzaletasuna hor sortu zitzaidan. 17 urterekin Ipar Ameriketan urtebete egin nuen. Hor demokrazia eta beste gauza asko deskubritu nituen. Demokrazia hori lortzeko, politikan militatu behar dut.

«Nire aldaketarik handiena bortxaketaren inguruan gertatu da. Indarkeria ez nuen gustuko, orain ez dudan bezala, baina ia beharrezkotzat jotzen nuen»

Politikan hasi zen gazte haren eta gaur egungoaren artean alderik bada?

Bai. Nik politikarako jauzia demokrazia lortzeko eman nuen. Uste dut bilakaeran hori izan dela helburu nagusia: demokrazia. Eta esango nuke nire aldaketarik handiena bortxaketaren inguruan gertatu dela. Garai hartan indarkeria ez nuen gustuko, orain ez dudan bezala, baina ia beharrezkotzat jotzen nuen. Norbaitek egin behar zuen estatu faxistaren kontrako borroka. Nolabait, normaltzat hartzen nuen batzuek borroka hori aurrera eramatea. EHASen sartu nintzen, gero Hasi bihurtu zen, KAS alternatiba lortu genuen. Hasitik atera nintzen, Euskadiko Ezkerrera pasatu nintzen. EEko batzuk PSOEra pasatu zirenean, ni etxera joan nintzen. 

Oso azkar kontatu duzun hori gaztaro oso bat izan zen. Barne borroka ugari, dena aldatzen ari zen testuinguruan. Euskadiko Ezkerrakoa nolako esperientzia izan zen?

Oso urte ederrak izan ziren. EEn oso pozik egon nintzen. Esango nuke Nafarroa Bai izan zena EEk izan nahi zuela. Nolabait esateko. Ideia eta ideologia desberdineko jendea biltzen ginen: ateoak, kristauak, marxistak, marxista-leninistak, sozialdemokratak... Demokraziaren defentsak, askatasunaren defentsak eta tolerantziak, horrek lotzen gintuen.

Zer gertatu zen EE amaieran? Kanporatuak izan zineten.

Gogoratzen naiz oso gogorra izan zela. Mario Onaindia eta Juan Mari Bandres asko maite nituen. Haien hausnarketak alderdi sozialistarengana bultzatu gintuen. Alderdi sozialista ez nuen gustuko, ezta orain ere. Sarraski ikaragarriak izan genituen. Mila bilera, mila eztabaida gogor, eta, azkenean, bota egin zituzten gurekin zeuden buruak eta lehen lerroan zeudenak. Guk alde egin genuen haiekin batera: Euskal Ezkerra sortu genuen.

Nafarroa baiko prentsaurreko batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Nafarroa Baiko prentsaurreko batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Haustura batzuk ezagutu izan dituzu politikan. Arlo pertsonala eta politikoa bereizten jakin behar da politikan, baina halakoetan zail egiten da?

Haustura guztiak dira gogorrak. Nire bizitzan bi haustura gogor ezagutu ditut: batetik, EErena, horrek min handia eragin zidan, eta bestetik, haustura soziala, neure burua gay gisa lasaitasun osoz azaldu nuenean. 

Bai?

Bai. Normal tratatzen ninduten pertsona batzuek, bat-batean, atzera egin zuten, eta eten egin zuten harremana.

Aldatu al da jarrera hori? 

Bai, zorionez. Hori lehenago izan zen, 70eko hamarkadan. Beti bizi izan dut homosexualitatea lasaitasunez. Gizarteak homosexualitatearekiko ikuspegia aldatu du, baina ez da berdin bizi Madrilen, Iruñean edo Soriako herri txiki batean.

Urruntze hori gogorra egin zitzaizun orduan.

Bai. EEn antzera gertatu zitzaidan. Nik harreman handia nuen Bandresekin, eta, hausturaren ondorioz, hamar urte elkarrekin hitz egin gabe egon ginen. Hendaian apartamentu txiki bat nuen, eta Juan Marik gertu pisu handi bat zuen. Hondartzan bertan gurutzatu eta ia-ia ez genuen elkar agurtzen. 

Euskal Ezkerrak ez zuen arrakastarik izan.

Nafarroan oso gutxi ginen, eta EArekin egin genuen hautagaitza bat.

Tomas Caballeroren hilketak hautsak harrotu zituen mundu abertzalean.

Onartezina izan zen Tomas Caballero bezalako pertsona bat hiltzea. Onartezina iruditzen zait indarkeria, baina Tomas Caballeroren hilketak beste faktore asko zituen. Beti tipo demokrata bat izandakoa, langileen aldekoa, zinegotzia, eta, hala eta guztiz ere, hil egin zuten. Euskararen aldeko jarrera zuen. Ezin zen inolaz ere onartu. Eta orain ere, momentu honetan, ez dut ulertzen, eta salatzen dut ahal dudan guztietan. Udalean nengoela, Tomas Caballeroren hilketaren azken urteurrenenean, UPNk Caballeroren aldeko mozio bat aurkeztu zuen, eta, hala eta guztiz ere, EH Bildu abstenitu egin zen. Hori ezin da onartu. Mozioa zuria baino zuriagoa zen. 

«Aspertuta geunden galtzen, beti galtzen. Erabaki genuen zerbait egin behar zela, eta Nafarroa Bai sortu genuen»

Nafarroa Bai bultzatu zutenen artean izan zinen. Zergatik?

Badakizu zer gertatu zitzaigun askori? Aspertuta geunden galtzen, beti galtzen. Erabaki genuen zerbait egin behar zela, eta Nafarroa Bai sortu genuen. Egundoko inpaktua izan du Nafarroako historian, zorionez. 

2007ko negoziazio prozesua nola bizi izan zenuen?

Ez nuen parte hartu, baina PSOEri buruzko nire iritzia berretsi nuen. Badaude oso bihotz oneko sozialistak, baina alderdia gezurretan aritzen da: ez da fidatzeko modukoa. 

Eta hala da oraindik ere, ala aldatu da?

Bai, noski, eta hori esaten dizut gaur gobernu barruan egonda. Politikak horrelako gauzak onartzera behartzen zaitu. Fidatzeko modukoak dira? Ez. Haiekin itunak egin behar ditugu? Bai. Bestela, badakigu zer daukagun. Eta Alderdi Sozialistarekin itun bat egiten duzunean, oso gertutik erreparatu behar diozu itun horri, zeren ahal duten guztietan bypass egingo dizute. Baina nik ere antzeko zerbait bizi dut Bildurekin ere. PSNrekin bezala, gauza batzuetan bat nator, baina ez naiz fidatzen. Kontatu ez dudan istorio bat esango dizut.

«Politikak horrelako gauzak onartzera behartzen du. Sozialistak fidatzeko modukoak dira? Ez. Haiekin itunak egin behar ditugu? Bai»

Zein?

Iruñeko zentsura mozioaren egunean [2023ko abenduaren 28an], udalbatza zuzentzen zuen adineko mahaian nengoen, ni bainintzen hautetsirik zaharrena eta UPNkoa gazteena. Erabaki genuen hamar minutu ematea Ibarrolari eta hamar minutu Asironi. Joxe Abaurrea etorri zitzaidan esanez gehiegi zela, eta zergatik ez jaitsi apur bat. Hiru minutu proposatu nuen. Gogoratzen al duzu zer-nolako iskanbila sortu zuen UPNko Maria Caballerok, auzitara eramango ninduela akordioa hausteagatik... Idazkariak esan zuen akordiorik ez bazegoen egin zitekeela. Eman nizkion hiru minutu Ibarrolari, eta Asironek ez zuen hitz egin. Hori egitea pentsatua zuten, eta ez zidaten esan. Txikikeria bat da, baina zikinkeria bat. Bozkatu genuen, eta ondoren, bai, orduan alkateak nahi zuen denbora guztia erabili zuen. Gauza horiek politikan oso itsusiak dira. Ni beste leialtasun batekin lan egiten saiatu naiz, eta hamaika mila aldiz sartuko nuen hanka, hori seguru.

Iruñeko Udalean, Joseba Asironi aginte makila emanez. VILLAR LOPEZ / EFE
Iruñeko Udalean, Joseba Asironi aginte makila emanez. VILLAR LOPEZ / EFE
2007ko abuztuko kolpea handia izan zen. Orduko porrota garaipen baten hazia izan al zen gerora?

Haserre handia sortu zuten Nafarroako gizartean. Segur aski haserre horretatik etorri zen etorri zena. Galiziako BNGko lagun batzuekin egon berri naiz. Haiek desagertzear egon ziren, eta bat-batean sekulako indarra lortu dute. «Koldo, historia apurka idazten da», esaten zidaten.

Nafarroa Bai ziklo baten amaieraren ondorio izan zen...?

Haustura oso mingarria izan zen, eta garai hartan ez nuen ulertu. Orain ere ulertzen ez dudan haustura izan zen. EA desagertu da, Aralar desagertu da, Batzarrek hor jarraitzen du. Indarkeria albo batera utzi zutenekin joan ziren, eta oraindik gure gizarteak lantzeko duen lan bat da. Asko pozten naiz indarkeria albo batera utzi dutelako. Lan bat egiteke dugu: biktimen onarpena. Hemen bizi izan duguna. Galtzaile nagusiak biktimak izan dira, eta hori Bilduk oraindik ez du aitortu. Gure historiaren parte hori ukatu egiten dute, ahaztu egiten dute. Oso lanpetuta nago.

Zerekin?

Hausnarketa bat egiten ari naiz memoriaz eta barkamenaz. Udala utzi eta berehala hasi nintzen. Barkamenaren arazoa aztertzen ari naiz. Ez diegu biktimei behar den barkamena eskaini. Ez guk, are gutxiago Bildun daudenek. Hannah Arendtek argi eta garbi esaten du barkamena hobekien Jesusek adierazi zuela mendiko sermoian. Baina Arendtek sekularizatu egiten du diskurtsoa. Nik ere bai. Beti defendatu dut sendatzen duen egia. Barkamena eskatzen duenak sendatzen duen egia aldarrikatzen du beretzat. Barkamena ematen duenak sendatzen duen egia aldarrikatzen du beretzat ere. Eta hori oso kontzeptu etikoa da, ez du zerikusirik erlijioarekin. 

«Hausnarketa bat egiten ari naiz memoriaz eta barkamenaz. Ez diegu biktimei behar den barkamena eskaini. Ez guk, are gutxiago Bildun daudenek»

2015eko legealdiko gobernu aldaketak zer ekarri zuen? Zer nabarmenduko zenuke?

Alde batetik, alderdi batzuen artean elkarrizketak izan genituen gobernua osatzeko. Oso kuriosoa izan zen. Jende guztia zegoen aldaketaren alde, baina jendea beldur zen. Hainbati eta hainbati esan genien postu jakin baterako nahi genituela. Abertzalea eta euskaltzalea zen jendea beldur zen, eta askok ezetza eman ziguten. Nik oso ontzat jotzen ditut alderdien artean izan genituen bilerak eta hartu genituen erabakiak.

Beharbada inozotasun puntu orokor bat ere egon zen. Ematen zuen 2015eko gehiengo hura iraunkorragoa zela, baina Nafarroako gizartea ez da hainbeste aldatu.

Hura mugarri bat izan zen. Ni hirugarren nindoan zerrendan, eta parlamentuan geratu nintzen. Niretzat ohorea izan zen Nafarroako historia irauli zuen gobernu hura defendatzea. Eta harro sentitzen naiz Uxue Barkos lehendakari izan zelako: euskalduna, abertzalea, emakumea, nire taldekoa.

2015eko uztailaren 20ean, Uxue Barkos lehendakari izendatu berritan, txaloka. IDOIA ZABALETA / FOKU
2015eko uztailaren 20an, Uxue Barkos lehendakari izendatu berritan, txaloka. IDOIA ZABALETA / FOKU
Larrialdietarako zerbitzuetako mediku lana utzi eta berehala hasi zinen.

Bai, aldaketa handia izan zen. Baina orain politikarekin gertatzen zaidan bezala. Ez nuen faltan sumatu. Parlamentura ailegatzen zara, lanak ito egiten zaitu, eta ez nuen denborarik izan larrialdien falta sumatzeko.

2019an, PSNk, ordura arteko estrategia aldatu, eta gobernuan sartzeko apustua egin zuen. Benetako apustua da?

Ez. Orain duten jarrera mantenduko dute beren onerako baldin bada, hau da, hori probestu badezakete.

Koldo martinez urionabarrenetxea

Eskoriatzan jaio zen, 1953ko otsailaren 25ean. 1970ean Grant Pass hirian izan zen urtebetez, AEBetako Oregon estatuan, Kaliforniatik gertu. «Han deskubritu nuen demokrazia, bizitzeko beste era bat». Euskal Herrira itzulita Medikuntza ikasi zuen Opuseko unibertsitatean. «Kar, kar, pentsa zer-nolako kontrastea». EHASen hasi zen militatzen, gero Hasi bihurtuko zena. Hasieratik Euskadiko Ezkerrara pasatu zen, eta han izan zen urte luzez, EEko agintari batzuek PSE-EErekin bat egitea erabaki arte. Euskal Ezkerra alderdia sortu zuten, baina ez zuen emaitza onik izan. Gerora, 2004 hasieran, Nafarroa Bai koalizioaren sorrera bultzatu zuen independente gisa. Arlo profesionalean, Bioetikan hainbat master ikasi eta 1998 eta 2009 bitartean Nafarroako Ospitaleko Etika Asistentzialeko Batzordearen presidentea izan zen. 2009an Espainiako Funtsezko eta Klinika Alorreko Bioetika Elkarteko buru izan zen, 2015era arte. Euskararen Elkargoa ere bultzatu zuen, 1998an, eta bertako buru izan zen hainbat urtez. 2015ean, mediku lanak utzita, Geroa Baiko zerrendetan aurkeztu eta bozeramaile izan zen. 2019an, senatari autonomiko izateko hautatu zuen legebiltzarrak. 2023ko udal bozetan, alkategaia izan zen, eta Iruñeko zentsura mozioa babestu zuen. 2024 hasieran politikaren lehen lerroa utzi zuen minbiziari aurre egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!