Biktimak

Polizia abusuen 200 biktimak eskatu diote kalte-ordaina Jaurlaritzari irailetik

Balorazio Batzordearen funtzionamendua arautzeko dekretua onartu du gaur Jaurlaritzak.

Beatriz Artolazabal, Josu Erkoreka eta Jonan Fernandez, gaurko agerraldian. IREKIA
edurne begiristain
2020ko otsailaren 25a
13:28
Entzun

1978 eta 1999 bitartean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Poliziaren gehiegikeriak jasan zituzten biktimek aitortza eta erreparazioa eskatzeko aukera dute iazko irailetik, eta, gaur arte, Jaurlaritzak 200 espediente inguru tramitatu ditu, Jonan Fernandez Giza Eskubide eta Bizikidetza Idazkari nagusiak jakinarazi duenez. Kaltetuek bi urteko epea dute eskaerak aurkezteko –2021eko irailaren 21 arte– eta beste bi urte ditu gobernuak eskaerei erantzuteko. Beraz, kopuru hori handitzea espero du Jaurlaritzak. Hala ere,  Fernandez ez da ausartu zifra baten inguruan aurreikuspenak egitera. Horrez gain,  bere garaian kalte-ordainak eskatu ez zituzten 1960tik 1978ra bitarteko biktimek apirilaren 16ra arte dute eskaerak egiteko epea, ezohiko deialdia egin baitzuen Jaurlaritzak iaz. Epe horretan Poliziaren gehiegikeriak jasan zituzten ehun lagunek baino gehiagok eskatu dituzte kalte-ordainak iaztik.

Eusko Jaurlaritzak gaur onetsi du biktimen eskariak aztertu behar dituen Balorazio Batzordearen egitekoa arautzeko dekretua. Balorazio Batzordeak erabakiko du eskatzaileei biktima izaera aitortu ala ez,  eta kalteen balorazioa egitea ere haren esku egongo da. Jaurlaritzak hilabete ugari eman ditu batzordearen egitekoa arautzen duen dekretua prestatzen, eta gaur jakinarazi du prest dagoela. Hemendik aurrera, beraz, jasotako eskariak aztertzeari ekingo dio organo horrek.

Batzordeak erabakiko du biktimen eskariak legeak zehaztutako baldintzekin bat datozen ala ez. Legeak jasotzen duenez, ondorengo baldintzak betetzen dituztenak hartuko dira giza eskubideen urraketatzat: «Motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan» izandako gertakariak, errepresio jardueran «funtzionario publikoek parte hartu» dutenak, eta eskubideen urratzearen ondorioz «pertsonen bizitzari, osotasun fisiko, psikiko, moral zein sexualari kalte egin» zaienekoak.

Kalte-ordainei dagokienez, elbarritasun larria aitortzen zaien lagunek jasoko dute kopururik handiena: 390.000 euroko laguntza; eta elbarritasun partziala dutenek kopururik txikiena, 35.000 euro. Hildakoen senideek, berriz, 135.000 euroko ordaina izango dute. Legeak ere jasotzen du osasun arreta integralerako eskubidea, hala eskatzen dutenentzat.

Legez kontrako errepresio egoeran eskubideak urratu zaizkiela frogatzeko, administrazio ebazpena edo ebazpen judiziala aurkeztu beharko dute kaltetuek, edo, bestela, «zuzenbidean onartzen den beste edozein froga». Haatik, auzibideren bat zabalik dagoen kasuetan, batzordeak eten egingo du eskarien tramitazioa.

Auzitegietan katramilatuta
Eusko Legebiltzarrak joan den urteko apirilean onartu zuen 1978tik 1999ra bitartean Poliziaren abusuak jasandakoei aitortza eta erreparazioa emateko legearen moldaketa. PP Moncloan zegoela jarri zion Espainiako Gobernuak helegitea legeari, Auzitegi Konstituzionalean, eta zenbait artikulu bertan behera utzi zituen. 2018ko uztailean, Eusko Jaurlaritzak eta Pedro Sanchezen gobernuak adostu zuten legean moldaketak egitea, eta aldaketa horiek jasota egin zuen aurrera lege berriak, apirilean. Espainiako Gobernuaren helegitea gainditu bai, baina Ciudadanosek eta PP alderdiak errekurtso bana aurkeztu zuten gero, arauak justizian esku hartzen zuela argudiatuta. Konstituzionalak tramiterako onartu zituen errekurtsoak, baina oraindik ez du haien inguruko ebazpenik egin.

Biktimak erreparatzeko legea auzitegietan katramilatuta egonda ere, Jaurlaritzak ez du eten kalte-ordainak emateko prozedura, eta irailaz geroztik jasotzen ari da biktimen eskariak.  Haatik, eskariak aztertu behar dituen Balorazio Batzordearen egitekoak eragin dizkio buruhauste gehien Jaurlaritzari. Batzorde horren lana jarri baita auzitan helegiteetan, justiziaren eskumenak urratzen dituela argudiatu baitute errekurtsoa aurkeztu dutenek. Balorazio Batzordearen funtzionamendua arautuko duen dekretuak «segurtasun juridiko guztia» duela azaldu du gaur Fernandezek. «Bete beharreko tramite guztiak bete ditugu, eta Jaurlaritzaren eskumenen barruan daude haren egitekoak», adierazi du.  «Lasai gaude». Helegiteek ez dute legea indargabe uzten, eta, beraz, Jaurlaritza ziur dago araua «berme guztiekin» garatu ahal izango dela.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.