Adaxka kultur elkarteak atzo egin zuen salaketa, sare sozialen bidez: «Udaltzaingoa gogor oldartu zaie gaur kaleko saltzaileei gure atarian. Ez da kasu bakana... Bilboko Udalaren udako operazioak», salatu zuten. Elkartasuna ere txalotu zuten: «Bezero eta bizilagunen jarrera txalotzekoa izan da. Adaxka babesgunea izango da beti, eta babes osoa helarazi nahi diogu atxilotuari». Mezua jartzearekin batera, hainbat bideo zabaldu zituzten, erakusteko Bilboko udaltzainek nola atxilotu zuten kaleko saltzaile bat elkartearen egoitzaren parean; hiru polizia ikusten dira irudietan, lurrean dagoen gizon bat mendean hartzen. Mezu hartantxe, Adaxka elkarteko kideek iragarri zuten mobilizazioak izango zirela, eta gaur jakinarazi dute ostegunean elkarretaratze bat egingo dela. Manteroekin Bat plataformak deituta egingo da, ostegunean.
Adaxka elkarteak zabaldutako irudietan, kaleko saltzailea lurrean mendean hartzen jardun zuten hiru udaltzainak ikusten dira, polizien auto bat, eta, inguruan, beste polizia batzuk; horietako bat kaleko saltzaileak salgai zuen materiala erretiratzen ageri da.
Udaltzaingoa gogor oldartu zaie gaur manteroei gure atarian. Ez da kasu isolatua...Bilboko Udalaren udako operazioak...
— Adaxka Kultur Elkartea (@AdaxkaKE) August 10, 2026
Bezero eta bizilagunen jarrera txalotzekoa izan da ere.
Adaxka babesgunea izango da beti eta babes osoa helarazi nahi diogu atxilotuari.
Adi mobilizazioei! pic.twitter.com/X2duhhpsu9
Protesta Zamudioko Atean izango da, 19:00etan: Bizirautea ez da delitua! Utzi manteroak bakean! izango da leloa. Mobilizaziorako deia egitearekin batera, gogoratu dute Poliziak lehendik ere izan dituela tankerako portaerak, eta eskatu «erasoak» behin betiko gera daitezela.