Joan den ostiralean abiatu zen Juan Carlos Aguilarren aurkako epaiketa. 2013an Jenny Rebollo eta Ada Otuya hil zituela aitortu zuen akusatuak lehen saioan, baina ez zuen aitortu tema ankerrez jokatu izana. Hori ebaztea izango da epaiketaren ardatz nagusia asteon. 2013ko ekainaren 2an Aguilar atxilotu zuten ertzainek deklaratu zuten atzoko saioan, baita Otuyaren erasoaren berri emateko larrialdietara deitu zuen emakumeak ere. Akusatuak jabetzan zuen Zen4 gimnasioan beste zazpi andreren argazki eta bideoak aurkitu zituztela adierazi zuen ertzain batek lekukotzan, eta «indarkeria zantzuak» ageri zirela irudi batzuetan. Sakelakoan andre horietako batzuen zenbakiak gordeta zeuzkan Aguilarrek, eta, poliziak adierazi zuenez, haietako batzuekin harremanetan jarri ziren orduan. Andre guztiak topatzeko eskatu du Blanca Estrella Ruizek, Clara Campoamor elkarteko presidenteak: «Ez dakigu emakume guztiak bizirik dauden ala ez. Guztiak aurkitzeko eskatu genuen bere garaian. Non daude?». Beharrezkotzat du irudiotako emakume guztiak aurkitzea, «bizirik dauden ala ez baieztatzeko».
Aguilar atxilotu zuten unea deskribatu zuten atzo deklaratu zuten zazpi poliziek. Xehetasunak eman zituzten akusatuaren egoeraz, baita Otuyarenaz ere. Konorterik gabe aurkitu zuten biktima ertzainek, eskuak eta oinak lotuta. Polizien arabera, «eraso basatia» jasan zuen, eta hori da, hain zuzen, Otuyaren senideen abokatuak eta herri akusazioak frogatu nahi dutena. Hilketa horregatik 25 urteko kartzela zigorra eskatu dute; 45 urte orotara.
Fiskala auzian izaten ari den jarrerarekin ere deseroso daudela iradoki zuten Clara Campoamor elkarteko eta Otuyaren senideen abokatuek atzoko saioa bukatzean. Akusatuaren «defentsa» egiten ari dela nabari dute biek. Rebolloren sendiaren abokatuak nabarmendu zuen ezin dela hilketa horretaz zehaztasunik jaso, laurdenkatuta aurkitu zutelako haren gorpua, «beldurrezko film bat balitz bezala». Zaildu egin du horrek ikerketa. Gaur jarraituko du Aguilarren epaiketak: auzitegi medikuen deklarazioak jasoko dituzte.
Bitartean, luzatu egingo diote behin-behineko espetxealdia akusatuari. Bi urtekoa ezarri zion auzitegiak Aguilarri 2013aren ekainaren 2an atxilotu zutenean, eta bi hilabete barru bukatuko zaio aldi baterako ezarritako zigor hori. Baina gertakarien «larritasunagatik» eta akusatuak duen «ihes egiteko arriskuagatik», espetxealdia beste bi urtez luzatzea erabaki zuen lurralde auzitegiak atzo.
Poliziak baieztatu du beste zazpi andreren irudiak zituela gordeak Aguilarrek
Argazki batzuek «indarkeria zantzuak» dituztela aitortu dute ertzainek lekukotzan.Andreok aurkitzeko eskatu du Clara Campoamor elkarteak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu