Istiluak izan dira bart Etxebarriko Kukullaga auzoko (Bizkaia) San Antonio festetan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, hiru polizia zauritu dituzte, eta bi gazte atxilo hartu. Biak aske daude jada, baina epailearen aurretik pasatu beharko dute.
04:00 aldera, Udaltzaingoak laguntza eskatu dio Ertzaintzari. Haiek kontatu dutenez, autoritatearen aurkako atentatua leporatuta gazte bat atxilotzen ari zirela, hainbat lagunek «eraso» egin diete, eta agente bati «ukabilkadak eta ostikadak» eman.
Ertzaintza iritsitakoan, lehen atxilotuaren anaia ere atxiki dute. Hark Udaltzaingoaren autoa jo eta agiraka egin die agenteei, eta geroago ertzain bati ukabilkadak ematen ere saiatu da, Segurtasun Sailak azaldu duenez. Hari ere autoritatearen aurkako atentatua egotzi diote.
Orduan, jai gunean zeuden ehun lagun inguruk polizien aurka egin dute, eta botilak jaurti dizkiete. Botila horietako batek ertzain bat jo du buruan, eta ospitalean artatu behar izan dute agentea. Etxebarriko Udalak gehitu du bi udaltzain ere zauritu direla. Azkenean, istiluen aurkako ertzainek esku hartu dute, eta goizeko seiak aldera lasaitu da egoera.
Iker Lopez Etxebarriko alkateak adierazi du udalak bihar plazaratuko duela gertatutakoari buruzko ohar bat, baina esan du istiluek ez zirela «jatorri politikokoak» izan, baizik eta norbanako batzuen arteko liskar baten ondoriozkoak.