Tiroen soinuak eta irudiak jarri dituztenean Loik Le Priolek zolari begiratu dio; Romain Bouvierrek, berriz, adi so egin die irudiei. Parte zibilek aukera izan dute irudiak jarri aitzin ateratzeko: Federico Martin Arambururen gurasoak irten dira, eta gaineratekoak egon. Loik Le Priolen abokatuek erakutsi nahi dute «defendatzeko» tiro egin ziola Arambururi. Izan ere, Le Priolen bertsioaren arabera, tiro egin aitzin, Arambururekin borroka bat izan zuen —bideoetan ageri da liskarra—, eta «bere burua defendatzeko» egin zituen lehen bi tiroak «abisu emateko tiroak» izan ziren.
Baina tiroen soinuak —irudietan ez da tiroketa ageri— ez du arras Le Priolen bertsioaren alde egiten: lehen bi tiroen eta ondoko beste lau tiroen artean ez baita tarte handirik, eta tiro guziak lau segundoan egin zituen. Lekuko gisa deklaratu dute bideoetan adituak diren polizia inkestagileek, eta horietako batek argi erantzun die defentsako abokatuei: «Abisu emateko tiro bat egitean parekoari gibelatzeko denbora eman behar zaio. Beharbada, borroka egoera batean egin zuen tiro, baina defendatzeko, segur ezetz».
Miarritzeko errugbilari ohiaren hilketaren inguruko auziaren laugarren eguna izan da gaur; 2022ko martxoan hil zuten tiroz, Parisko erdigunean, Welcome hotelaren aitzinean, aurrez borroka bat izan eta gero. Loik Le Priol, Romain Bouvier eta Lyson Rochemir dira akusatu nagusiak; erailketagatik epaitzen ari dira lehena, erailketa saiakeragatik Bouvier, eta erailketa saiakeran konplize aritzeagatik Rochemir. GUD eskuin muturreko talde bortitzeko kide izanak dira lehen biak, eta hainbat aldiz kondenatu dituzte indarkeriagatik.
Atzo bezala, hilketari buruzko elementu teknikoak aztertu dituzte gaurko saioan, eta bideoak aztertu dituen poliziak esplikatu du Le Priol Frantziako Armadako eliteko unitate batean aritu zela soldadu, eta prestakuntza bereziki zorrotza jaso zuela armen erabileran. Haren abokatuek iradoki dute, preseski, automatismoz egin ahal izan duela tiro, pentsatu gabe, alegia. Baina poliziak zera erantzun die: «Automatismoak ez du erran nahi pentsatu gabe tiro egiten dutenik. Bestela izugarri kezkagarria litzateke! Alderantziz, itsas komando batek ez dio zibil bati tiro egin behar», segurtatu du. Nolabait, abokatuen argudioa akusatuen kalterako izan da azkenean.
Arambururen «bila»
Bestalde, akusatuek defendatu dute ostatuko terrazan izandako borrokaren ondotik ez zirela bi errugbilariak hiltzeko asmoz abiatu haien gibeletik. Abiatu zireneko unea filmatu zuten bideokameren azterketa xehea egin dute saioan, eta fiskalak azpimarratu du Rochemirrek eta Bouvierrek jeep batean egindako ibilbidea ikusirik, eta Le Priolek oinez egin zuena ikusirik, nahiko errazki interpretatzen ahal dela haien «bila» joan zirela. Defentsak, haatik, uste du ez dela elementu nahiko fidagarririk hori hala izan zela frogatzeko. Epaimahaiari dagokio hori nola izan zen erabakitzea, baina, bideoetan behintzat, Le Priol korrika ari denean norbaiten bila dabilela dirudi, buruarekin egiten dituen jestuak direla eta.
Irudietan ageri denez, jeepa Welcome hotelaren aitzinera arribatzean, hau da, Shaun Hegarty eta Aramburu atzeman zituztenean, Bouvier autotik atera zen, eta berak egin zituen lehen tiroak: lau tiro lau segundoz. Aramburu bi lekutan zauritu zuen, zangoan eta bizkarrean. Bouvierrek auzia ireki zenean segurtatu zuen zolari buruz egin zuela tiro. Alta, inkestagileak erran du tiro horiek Arambururi buruz egin zituela ageri dela bideoan. Hori esplikatu duenean, buruarekin ezezko keinua egin du Bouvierrek. Haien abokatuek erakutsi nahi izan dute Aramburuz «beldur» zela, baina bideoetan ikusten denarekin ezin da segurtatu hala izan zela.
Le Priolen tiroei dagokienez, bideoen azterketa egin duen poliziak erran du halako tiro sekuentzia batek «garbitze» baten itxura duela. Defentsako abokatuek polizia horren lana galdekatu dute leporatuz errugbian aritua dela, hala nola USAP Perpinyako (Herrialde Katalanak) taldean. Aramburu ere talde horretan aritua zen, eta bere «objektibotasuna» auzitan jarri dute. Polizia horrek segurtatu du ez zuela Aramburu ezagutzen, eta nolanahi ere ez zela bere kontrako auzia, Le Priol, Bouvier, Rochemir eta Antony Sorrentinoren aurkakoa baizik.
Defentsak hala eskatuta, bestalde, bideokamaren bideoen 3D birmodelizazio bat aurkeztu du enpresa pribatu bateko langile batek. Defentsaren arabera, bideo horrek balio du Le Priolen lehen bi tiroak airean, eta beraz, «abisuzkoak» izan zirela frogatzeko. Baina fiskalak azpimarratu du «marrazki bizidun» horretan arazo bat dagoela, publikoak ere ikusi ahal izan duena: «Egin duzun bideo horretan hiru tiro airean egiten ditu Le Priolek: arazoa da denetara sei tiro egin zituela, eta lauk Aramburu hunkitu zutela». Defentsako abokatuek fiskalari egotzi diote langile hori «umiliatzea».