Amaya Zabarte Realeko zalea zauritu zuten Ertzaintzaren oldarraldiari begira jarri da Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kontrolerako eta Gardentasunerako Batzordea. Operazio horren inguruko polizia atestatuaren kopia bat eskatu zion Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailari, baina sailak ez zuen agiria bidali, epailearen baimenik ez zeukala argudiatuta. Epaileari galdetuta, ordea, adierazi zuen ez zegoela inolako eragozpenik eskatutako informazioa emateko, «sumario sekreturik ez zegoelako». Hartara, poliziaren esku hartzearen nondik norakoak argitzeko «laguntzarik ez ematea» egotzi dio batzorde horrek Segurtasun Sailari.
«Ikerketen edukiari dagokionez, izapidetzen jarraitzeaz gain, jakinarazi ziguten ezin zutela atestatuaren kopia bat bidali epailearen baimenik gabe», Juan Luis Ibarra batzordeko presidenteak gaur nabarmendu duenez.
Haren ustez, erantzun hori emanda «Segurtasun Sailburuordetzak ez zuen bete EAEko Poliziari buruzko legearen 19.3 artikuluan xedatutakoa». Batzordeak atestatua eskatu zion epaitegiari, eta hark «adierazi zuen ez zegoela eragozpenik eskatutako informazioa emateko, sumario sekreturik ez zegoelako». Ibarraren iritziz, «polizia organoek ez dute eskumenik polizia artxiboetarako sarbidea mugatzeko aldez aurretik agintaritza judizialaren baimena behar dela argudiatuta». Aitzitik, epaileei baino ez dagokie, «modu esklusiboan», eskatutako informaziorako sarbidea mugatzea.
Hori legeak xedatutakoaren kontrakoa da, eta kasu jakin horri buruzko ikerketa «bost hilabetez atzeratzea» eragin zuen, gaitzetsi du Ibarrak. Hala ere, oraindik ez dute gomendiorik eman, «prozedura judiziala irekita baitago». «Espero dugu 2025. urtean txosten bat atera ahal izatea, baina uste dut ez dela posible izango», aurreratu du.
Baliabide oso mugatuak
EAEko Poliziaren Kontrolerako eta Gardentasunerako Batzordeak gaur aurkeztu du 2023ko eta 2024ko ekitaldiei buruzko txostena, Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Gobernantza eta Segurtasun Batzordean. Han izan dira Juan Luis Ibarra presidentea eta Miren Ortubai batzordekidea. Polizia jardueraren barne kontrolen funtzionamendua kanpotik ikuskatzeko kide anitzeko organoa da batzorde hura, eta polizia jarduera jakin batzuk aztertzen ditu, hildakoak edo lesio larriak erregistratuak dituzten horiek, hain zuzen.
Lehen txostenean azaldu zuen bezala, erakunde horrek uste du eskura dituen baliabideak «oso mugatuak» direla, eta horrek «jarduteko aukerak baldintzatzen» dituela. Ibarrak adierazi duenez, batzordeak baliabide gehiago izan balitu, «ebazpen judizial irmoaren zain dauden polizia jarduketei buruzko espediente batzuk» itxi ahal izango zituzkeen. Halaber, haien gomendioak betetzen diren ala ez aztertu beharko litzatekeela uste du, eta «hainbat ertzain etxetan ohiko praktiken ausazko ikuskapenak» egin beharko liratekeela. «Baina ez dugu horretarako baliabide nahikorik», deitoratu du.
Batzordeak bi jarduera ebaluatu zituen 2023an, eta zortzi 2024an. Horietatik bitan hildako bat izan zen: bat Astigarragan eta beste bat Errenteria eta Irun artean. Hala ere, esku hartze horietako bakar batean ere «ez zen akatsik ikusi» jardun polizialean.
Falangearen atestaturik ez
Talde politikoen txandan, Gorka Ortiz de Guinea EH Bilduko legebiltzarkideak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak 20.000 eurora murriztu duela batzorderako aurrekontua. Horrez gain, galdetu du ea erakunde horrek ikertuko duen urriaren 12an Falange Espainolak Gasteizen antolatutako agerraldiaren harira Poliziak abiatu zuen operazioa.
Ibarrak argitu duenez, nahiz eta gertaera horiek 2025ekoak izan eta txostenean sartu ez, batzordeak eskaera bat jaso du Ertzaintzak Gasteizen urriaren 12an abiatutako esku hartzea ikertzeko. «Hala ere, oraindik ez du atestatua, eta, beraz, ezin izan zaio lanari ekin».