Poliziaren kontrolerako mekanismo independenteak eskatu dituzte Iridiak eta GEBehatokiak

Iridiak eta Novactek txosten bat ondu dute, eta kontrol mekanismoak sortzeko tresnak bildu dituzte hartan. GEBehatokiak EAEko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordearen lana aztertu du, eta Polizia ereduaren inguruko eztabaida eskatu.

Franquesa (pantailan) eta Hernan (eskuinean), gaur eguerdiko agerraldian. EUSKO LEGEBILTZARRA
Franquesa (pantailan) eta Hernan (eskuinean), gaur eguerdiko agerraldian. EUSKO LEGEBILTZARRA
Iosu Alberdi.
2025eko abenduaren 17a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Anais Franquesa Iridiako zuzendariak eta Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiko kide Agus Hernanek Poliziaren kontrolerako mekanismo independenteak txostenaren nondik norakoak aurkeztu dituzte Eusko Legebiltzarrean, eta horrekin batera EAEko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordearen jarduna hobetzeko gomendio sorta bat landu. Izan ere, hura «aitzindari» dela aitortu duten arren, uste dute bide luzea geratzen dela halako tresna batek interferentzia politiko eta polizialen mehatxurik gabe funtzionatu dezan.

Gaurko aurkezpena ez da ezerezetik iritsi. Iridia giza eskubideen defentsarako zentroak eta Novact elkarteak beste zenbait eragile eta aditurekin abiatutako prozesuaren hirugarren faseari dagokio. Aurrez, egoeraren diagnostiko bat eta ekintza plan bat ere egin zituzten, eta duela urtebete inguru aurkeztu zuten plan hura Eusko Legebiltzarrean. Oraingoan, berriz, estatuko egoera eta, alderatu egin dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko proiektua eta Belgikan, Erresuma Batuan eta Kanadan indarrean dauden beste zenbait, hortik abiatuta Poliziaren kontrolerako mekanismo independente batek izan beharreko ezaugarrietan zentratzeko.

Halere, Eusko Legebiltzarrean eginik, Franquesak eta Hernanek Eusko Jaurlaritzaren Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordean zentratu dute euren hitzaldien zatirik handiena; hain zuzen, hari erreferentzia egiten dio txostenaren bigarren atalak. Franquesak «aurrerapentzat» jo du batzordea martxan egotea bera, estatuan «etxeko lanak egiten hasi den bakarra» delako. Halere, uste du badela zer hobetu, hura existitzea bera ez baita «arrakastaren berme». Hala, «kontuak emateko sistema integral bat» defendatu du, besteak beste, Polizien kooperaziorik ezari, baliabide eta finantzaketa eskasiari, ofizioz ekiteko gaitasun faltari eta interferentzia politikoei erantzuteko.

Azken auzi horri lotuta, Franquesak adierazi du autonomia bermatu behar dela, eta «gardentasunez» aritu, herritarren «konfiantza» eskuratzeko. Horretarako, esan du lege propio batek arautu beharko lukeela halako mekanismo bat, eta ez lukeela gobernuaren pean aritu beharko. EAEko batzordeak ez lituzke ezaugarri horiek beteko: Polizien legeak arautzen du haren funtzionamendua, eta Segurtasun Sailari lotua dago.

Hain zuzen, Franquesak azaldutako marko teoriko hori Kontrol eta Gardentasun Batzordearen egoera praktikora bideratu du Hernanek. Esan du legeak hari «autonomia funtzionala» ematen badio ere «barne kontrolerako organo baten» moduan funtzionatzen duela, hark Segurtasun Sailarekiko duen «menpekotasuna» kontuan izanda. Horren adierazletzat jo du batzordeak heriotza eta lesio larriak badaude soilik abiatu dezakeela ikerketa bat ofizioz.

GEBehatokiko kideak balioa eman nahi izan dio batzorde hartako kideen jardunari, eta, hark egindako espedienteen azterketa egin ostean, ebatzi du «gomendio interesgarriak» egin dituztela: kode deontologikoaren inguruko formazioak egiteko, atxiloketa protokoloak berrikusteko eta atestatuak egiteko moduak hobetzeko proposamenak.

Halere, uste du haren gaitasuna «mugatua» dela. Esaterako, salatu du ez dela gainbegiratzen ea gomendio horiek betetzen ote diren, eta ez dagoela «koherentziarik» batzordearen ebazpenen eta Ertzaintzako Barne Gaietarako Zuzendaritzaren jardun diziplinarioaren artean.

Horrez gain, salatu du batzordeak erantzun bat emateko hartzen duen denborak «eraginkortasuna» kentzen diola, eta Segurtasun Sailari mesede egin, «eskubide urraketak daudenean sortzen den tentsio politiko eta sozialaren aurrean». Hain zuzen, atzerapen hori zuzenean lotu du sailak berak batzordeari informazioa emateko jartzen dituen zailtasunekin. Auzi hori batzordeko kideek ere salatu zuen, Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian.

Hori ikusirik, zenbait gomendio egin dituzte GEBehatokiak eta Iridiak. Lehenik eta behin, biktimei prozesuetan parte hartzearen, agenteen egiazkotasun printzipioa «mugatzearen» eta kontrol mekanismoak hobetzearen alde egin dute. Era berean, Polizia ereduaren inguruko eztabaidari ere erreparatu dio Hernanek: «Eztabaida zabal eta parte hartzailea sustatu behar da». Izan ere, uste du gizarte zibilak «rol esanguratsu bat» betetzen duela polizien kanpo kontrolari dagokionez, baina ez dela modurik ematen giza eskubideen aldeko elkarteak eta herri plataformak «poliziaren gobernantza garden eta arduratsu batean inplikatzeko. «Horrek sinesgarritasuna emango lieke monitorizazio organoei», gehitu du.

Kritikari kritika

Polizia ereduaren inguruko eztabaidaz ari zela, Hernanek kritikatu egin du udan auziaz eztabaidatzeko alderdiek izandako jarrera. Hori ez da PPren gustukoa izan, eta erreferentzia hori egin izana txarretsi dio Ainhoa Domaika legebiltzarkideak, polizien jardunak defendatuz eta istiluetan inplikatutako gazteen kontra eginez.

EAJk eta PSE-EEk ere ez dute ontzat jo agerraldiaren zati handiena GEBehatokiak eta Iridiak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoeraren inguruan egindako azterketan zentratu izana. Josune Escota jeltzaleak esan du Iridiaren jarduna baliatu nahi izan dela EAEn martxan dagoen ereduari «kritika» egiteko, eta erantsi ez duela GEBehatokiarekin bat egiten, sistema «aitzindaria» delako: «Ezin da hasi esanez zereginak ditugula egiteko».

Miren Gallastegi sozialistak, berriz, hitzaldia hasteko, esan du ez duela bat egiten euskal jokalekuari buruz egiten den interpretazioarekin. Arrazoia: txostenak «izaera politikoko gatazka» bati egiten dio erreferentzia. «Ez da izaera politikoko gatazkarik egon. Hemen talde terrorista bat egon da». Era berean, batzordearen zeregina defendatu du, esanez «legeak ezarritako mandatua» betetzen duela eta «gardentasunez» jorratzen duela.

Txostenaren egileekin bestelako jarrera bat erakutsi du Gorka Ortiz de Ginea EH Bilduko ordezkariak. Hark ere beharrezkotzat jo du «mekanismo independente, eraginkor eta ageriko» baten beharra, eta horren aurkako jarrerak kritikatu ditu: «Ez dira ulergarriak polizia ekintzen kontrolerako neurriak ezartzerakoan existitzen diren fobia eta urduritasuna». Besteak beste, tortura kasuak, Cabacas auzia eta Amaya Zabarteren kasua aipatu ditu.

Ekintza fasea ETA JASANGARRITASUNA

Bingen Zupiriak Ertzaintzaren Enplegu Plana aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean. Haren xede nagusia da 8.000 agente izatea lortzea; horretarako, 2026tik 2028ra bitarteko plangintza bat prestatu dute, eta haren eragina 2030era arte luzatuko da. Hura bi zatitan banatu du sailburuak. Lehenak, «ekintza faseak», ertzain kopuruaren beherakada etetea du helburu, eta 2026tik 2028ra bitarte jarriko da martxan. Bigarrenaren helburua da prozesuaren «jasangarritasuna» bermatzea, eta hura 2028ra arte luzatuko da. Horretarako, lan eskaintza publikoak, barne promozioak eta formakuntza izango dituzte ardatz, azaldu duenez.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.